Kiwi marroia: bat bitan banatzen da
1993/08/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zeelanda Berrian kiwi izena duen eta hegan egiten ez duen hegaztia bizi da. Bidenabar, esan dezagun azken urteotan gure artean zabaldu den frutari izena hortik datorkiola. Hegazti honen hiru espezie ezagutzen ziren orain arte. Duela gutxi, horietako bat, kiwi marroia hain zuzen ere, espezie bat ez eta bi espezie direla aurkitu dute.
Kiwi marroien populazioen azterketa genetikoa egin denean, Hego Irlako hego muturrean bizi diren kiwi marroiek eta irla beraren iparraldean eta Ipar Irlan bizi diren kiwi marroiek ADN bera ez dutela ikusi da. Material genetiko desberdina izateak, espezie desberdinak direla esan nahi du. Gaineara, ADN mitokondriala aztertu denean hegoaldeko kiwi marroiak iparraldekoak baino lehenago eboluzionatu zuela ikusi da.
Uste denez, hegan egiten ez duten hegazti hauek mendi-gailurretan isolatuak gelditu ziren pleistozenoko izotzaldian, populazio desberdinetan sakabanatu zirelarik. Beren geneak trukatzeko aukerarik izan ez zutenez, elkarrengandik urruntzen hasi ziren eta azkenean, espezie desberdinetan banatu ziren.
Espezie berriari tokoeka izena jarri diote; maoriek ematen diotena, hain justu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia