}

Kirigamia, papera moztearen artea, eguzki-panelen eraginkortasuna hobetzeko

2015/09/08 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

kirigamia-papera-moztearen-artea-eguzki-panelen-er
Arg. Aaron Lamoureux, Kyusang Lee, Matthew Shlian, Stephen Forrest, Max Shtein – University of Michigan. Argazkiak: Aaron Lamoureux.

Eguzki-panelek eguzkiari jarraitzeko teknika berri bat proposatu dute Michigango Unibertsitateko ikertzaileek. Kirigami deitu diote teknikari, papera moztearen arte japoniar horretan oinarritua dagoelako. Nature Communications aldizkarian argitaratu dute lana.

Eguzkiak zeruan egiten duen bideari jarraituz % 40 inguru hobetu daiteke eguzki-panelen eraginkortasuna. Baina, gaur egun hori egiteko gaitasuna duten sistema motorizatuak, astunak, bolumen handikoak eta garestiak dira; eta, ez dira aproposak, esaterako, teilatuetan eta ibilgailuetan jartzeko. Orain proposatu dutena, berriz, kanpotik panel arrunt bat bezalakoa da, eta barruko eguzki-zelulak mugitzen dira, haien gainazalak beti eguzki-izpiekiko ahalik eta perpendikularren mantentzeko.

Michigango Unibertsitateko ingeniariak unibertsitate bereko kirigamian aditua den artista batekin batera aritu ziren eguzki-panelen diseinu berrien bila. Artistak paperarekin egindako ereduak erakutsi zizkien, eta ingeniariek eguzki-zelulekin errepikatu zituzten ereduak. Hainbat probatu zituzten, baina ikusi zuten eredu sinpleena zela eraginkorrena. Elkarrekin lotutako banda-sorta bat da, funtsean, eta sortaren muturretatik tiratzea nahikoa da banden orientazioa aldatzeko.

Diseinu-fasean daude oraindik, baina ikertzaileek kalkulatu dute sistema motorizatuek adinako eraginkortasuna lor daitekeela. Teknikak potentzial handia uste dute, eta eguzki-energia merkatzeko bide bat izan daitekeela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia