}

Kimikako Nobel saria, zelulen kanalei buruzko bi ikerketari

2003/10/08 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Sarituak Peter Agre eta Roderick MacKinnon estatubatuarrak dira, eta bakoitzak sariaren erdia jasoko du.

Peter Agre eta Roderick MacKinnon estatubatuarrek jasoko dute 2003ko Kimikako Nobel saria

Zelulen kanpoko mintzak, babesteaz gain, inguruarekin komunikatzeko funtzioa du, substantzia askok sartu eta atera egin behar dutelako. Horretarako, kanal-itxurako proteinak erabiltzen ditu zelulak. Proteina horiek mintzean txertatutako egiturak dira, eta substantzia jakin batzuei sarbidea edo irtenbidea ematen diete. Kanal horiek espezifikoak dira, hau da, kanal-mota bat dago sartu edo atera behar duen substantzia-mota bakoitzerako.

Aurtengo Kimikako Nobel saria jasoko dutenek kanal horietako batzuk ikertu dituzte, urarenak eta ioienak, hain zuzen ere. Ez da harritzekoa, biokimikaren esparruan kanalek duten garrantzia ikusita. Zeluletan ura sartzen duen mekanismoa ulertzea funtsezkoa da, gorputzaren organo guztiek kontrolatu behar dutelako uraren jarioa. Adibidez, proteina horiek ezagutzea ezinbestekoa da, besteak beste, giltzurrunaren eta bihotzaren funtzionamendua ulertzeko.

Garrantzi handiko proteinak badira ere, ur-kanalak ez ziren identifikatu 1988 arte. Bilaketa luzea izan zen, biokimikariek bazekitelako kanal horiek egon behar zutela, baina inork ez zituen aurkitzen. Peter Agre estatubatuarrak lortu zuen lehen aldiz horietako bat isolatzea. Aurten, lan horrengatik jasoko du Nobel saria.

Aldiz, ioien kanalak askoz lehenagotik ezagutzen dira. Izan ere, asko dira, gatz mineral askok hartzen baitute parte prozesu biologikoetan, zelularen mintzean, hain zuzen ere. Adibidez, zelularen energia-ekoizpenarekin zerikusia duten prozesu batzuetan eta neuronen arteko seinaleen transmisioan hartzen dute parte. Hortaz, kaltzioa, potasioa, protoiak eta sodioa dira mintza zeharkatzen duten ioirik ugarienetakoak. Roderick MacKinnon estatubatuarrak potasioa garraiatzen duten kanalekin egin zuen lan, eta 1998an proteina horren egitura espazial zehatza zein den aurkitu zuen.

Zelularen mintzaren ikerketa dago, beraz, Kimikako Nobel sariaren oinarrian. Beharbada, fisiologiako atalean espero zitekeen horrelako lan bat saritzea, baina Nobel Fundaziokoek gauzak horrela egitea erabaki dute aurten; Medikuntzako Nobel sariak fisikariak saritu ditu, eta Kimikakoak biokimikariak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia