Kimika Fakultatea: gizartearekiko kokapena
2000/09/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
"Industriarekin oso harreman onak ditugu. Emaitza ugari eta etekin handiak ematen dituzten lankidetzak daude. Dena den, interesak aztertu behar dira. Guretzat "sariak" emaitza akademikoekin zerikusia du. Enpresek bilatzen dutena, ordea, sari ekonomikoa da. Horren ondorioz tirabirak etor daitezke. Beraz, hasieratik helburuak ondo finkatu behar dira. Horretan datza ezberdintasuna. Hala ere, harremanak onak dira" dio Fernando Cossío-k.
"Proiektu-kopurua arloaren araberakoa izaten da: ingeniaritzan gehiago eta fisika edo kimika teorikoan gutxiago, adibidez. Baina, oro har, proiektu asko daudela esan daiteke. Estatu Batuekin, Herbehereekin edo Alemaniarekin konparatuz gero, lankidetza gutxi ditugu, jakina. Baina beste estatuekin konparatzen dugunean, lan ugari egiten ari gara". Dekanoak, adibidez, Ingalaterrako kasua aipatu zuen. Hango kimikak asko jaitsi omen du etekina. Izan ere, 1996. urtean Kimikako Nobel saria jaso zuen Harold W. Kroto britainiarraren arabera, gaur egun herrialde horretan fulerenoen aurkikuntza ez legoke gertatzerik.
"Kontuan hartu behar dugu normalean gizartean kimikak duen irudia nahiko txarra izaten dela. Kimika poluzioaren sinonimotzat hartzen da askotan eta egia da kimikariok ez dugula ezer egiten egoera hori aldatzeko. XX. mendeko gaizkilea atomoa izan da eta, agian, datorren mendekoa genea izango da. Dirua lortzeko, jendea eta gobernuak konbentzitu behar ditugu. Horregatik, gero eta garrantzitsuagoa da politika dibulgatiboa garatzea" dio Cossío-k. "Baina gure ikerketa gero eta garestiagoa da. Beraz, jendeak jakin behar du zertan sartzen den dirua".
"Erakunde publiko bezala dugun beste arazoa da ez dela gure unibertsitatea ezagutarazten. Hemen eskaintzen den irakaskuntza ez da batere txarra. Hala ere, batzuek seme-alabak unibertsitate pribatuetara bidaltzea nahiago dute. Gure fakultatean bi arazoak ditugu, zientziari dagokiona eta erakunde publikoari dagokiona".
Unibertsitatearen barruan maila ona dugu. Dena den, kontuan hartu behar dugu ikerketaren kalitatea zientzian neurtzeko erraza dela, artikulu-kopuruaren eta abarren bitartez. Baina beste arlo batzuetan, esan didatenez, ez omen da hain erraza. Desoreka horren jatorriak, beraz, neurtzeko erraztasunarekin zerikusia du. Bestela, maila ona dugula esan daiteke. Autonomia Erkidegoko etekin handiko taldeen ia erdiak fakultate honetan daude.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia