}

Kepler, Johannes

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1571-1630)

Astronomo alemaniar ospetsu hau 1571 n munduratu zen Weil der Stadt-en, Wünttenberg-en. Bere familian ez zen diru askorik eta makina bat lanbidetan aritu behar izan zuen gaztetatik. Kepler ez zen egoera horretara moldatzen, umea baitzen artean baztangak iota ikusmena galtzeko zorian geratu zenean. Adelberg-eko Seminariora sartu zen, baina berehala Tübingengo Unibertsitatean hasi zen matematika ikasten, Maestlin astronomoaren bidez Kopernik-en teoriak ezagutu zituelarik. 1594az geroztik matematika eta zientzia irakatsi zuen Graz-ko Unibertsitatean.Halabeharrez, 1600. urtean utzi zuen lanpostu hori, erlijio-arazoak tartean. Hilzorian zegoen Tycho Brahe-ren gonbitea jaso zuen orduan eta Pragan finkatu zen, Urtebete geroago Brahe zendu zen eta Keplerrek bete zuen bere postua gorteko astronomo bezala. Halaber, Brahek egindako esperimentu eta behaketa guztien informazioa Keplerren eskutara iritsi zen. Zalantzarik gabe, Johannesen karreran berebiziko eragina izan zuen gertakari hark.

Urte horietan astronomia mistizismoaren ikuspuntutik aztertu zuen Keplerrek. Pitagoras-ek definitu zuen "esferen musika" ulertzen ahalegindu zen eta Lurraren notak mi, fa eta mi zirela iragarri zuen. Astronomoen artean Kepler burutik eginda zegoela zabaldu bazen ere, gorteko agintariek ez zioten bere sostengua kendu.

Kopernikek definitu zuen sistema heliozentrikoaren defendatzaile amorratua zen. Planetek Eguzkiaren inguruan duten higidura argitzea izan zen bere ekarpenik garrantzitsuena. Tycho Brahek bildutako datuez planeten higidurari buruzko legeak aurkitu zituen. Lehen bi legeak 1609an kaleratu zituen Astronomia Nova titulupean; Lehen legeak dioenez, planetak orbita eliptikoetan higitzen dira Eguzkiaren inguruan, Eguzkia foku batean egonik; bigarren legearen arabera, planetetatik Eguzkira doan irudizko lerroak azalera berdina ekortzen du denbora-unitatean (eta ondorioz, planeten abiadura orbitala handiagotu egiten da Eguzkira hurbildu ahala eta txikiagotu urruntzen den neurrian). Hirugarren legea 1619an kaleratu zuen Harmonices mundi libri izeneko liburuan enuntziatu zuen, planetak orbita osatzeko behar duen periodoaren karratua Eguzkirako batezbesteko distantziaren kuboarekiko proportzionala dela esanez. Planeten higidurari buruzko teorien osoko azalpena 1627an argitaratu zioten Rodolforen taulak (Rodolfo II. enperadorearen omenez) liburuan.

Keplerren fama zabalduz joan zen. Galileok berak diseinatutako teleskopio bat oparitu zion, baina Keplerrek ezin izan zuen erabili, ikusmena ia erabat galduta baitzuen. Argi-uhinek lentea zeharkatzean sortzen diren fenomenoak aztertzeko erabili zuen Galileoren oparia. Lan horren emaitza 1611n kaleratu zuen Dioptrice entsaiua da eta askoren iritziz, gaur egungo optikaren abiapuntutzat har daiteke lan hori.

Bere bizialdiaren azken urteetan planeten artean sortzen den ekarpen-indarraz arduratu zen, baina ez zuen arrazoizko azalpenik aurkitu. Alabaina, ez zen zeregin hori ezerezean gelditu, Newtonen aurkikuntzek urte batzuk geroago frogatu zutenez.

Edonola ere, Kepler ez zen frogapen hori ikustera iritsi. Batetik, itsu geratu zelako eta bestetik, 1630. urtean Ratisbona-n aurkitu zuelako heriok.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia