}

Kepler, beste Lur batzuen bila

2009/04/19 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Ba al da bizia egoteko moduko beste planetarik? Edo bakarrik gaude? Litekeena da NASAren Kepler zundak erantzuna aurkitzea aspaldiko galdera horiei. Oraindik ez da Lurra bezalako planeta bakar bat ere aurkitu. Helburu horrekin abiatu zen, hain zuzen ere, duela hilabete gutxi gorabehera, Kepler zunda Cañaveral lurmuturretik, Delta II suziriak lagundurik.

Kepler zunda zeraman suziria, Delta II suziria, jaurti zuten unea. ( NASA/Jack Pfaller)

Jaurtiketa egundokoa izan zen, Kepler proiektuaren zuzendariaren aburuz. Kepler zundak zerua behatuko du hurrengo urteetan, Lurraren antzeko ezaugarriak dituzten planeta harritsuen bila. Besteak beste, beren izarretatik distantzia aproposean dauden eta, hortaz, azalean ur likidoa izan dezaketen planeten bila ibiliko da. Izan ere, ur likidoa ezinbestekotzat jotzen dute bizia garatzeko. Hala ere, adi, nahasi gabe: Kepler zundaren helburua ez da bizitza aurkitzea, baizik eta bizitza garatzeko moduko planetak aurkitzea. Alegia, ez dio galdera honi erantzungo: ba al da bizirik Lurretik kanpo? Beste galdera baten erantzuna bilatuko du: ba al da bizia egoteko moduko beste planetarik?

Kepler zunda hiru urte eta erdiz arituko da Eguzkiaren antzeko 100.000 izarren inguruan bizitza garatzeko gai diren planetak bilatzen. Adituek Lurraren tamainako nahiz handiagoko ehunka planeta aurkitzea espero dute gure galaxian, hau da, Esne Bidean. Lurraren antzeko planetak bizitza garatzeko kondizio aproposak dituzten eremuetan badaude, alegia, kondizio horiek ur likidoa egotea ahalbidetzen badute, segur aski gurea bezalako zenbait mundu aurkituko dituela Kepler zundak uste dute adituek. Horrelako planeta oso gutxi badaude, ordea, litekeena da ez aurkitzea.

Puntako teknologia

Oraindik ez da bizia egoteko moduko beste planetarik aurkitu.
NASA

Kepler zundak berariaz planeten igarotzeek eragindako argitasun aldakorra eta periodikoa duten izarrak detektatzeko diseinatutako teleskopioa du. Izan ere, zenbait planeta beren izarren aurrealdetik igarotzen diren unean behatuz gero, planeten igarotze horrek izar horien argitasuna pixka bat gutxitzen du, edo nolabaiteko keinada eragiten du. Ez du aldaketa nabarmenik eragiten, baina, hala ere, teleskopioa gai da argitasun-aldaketa oso txiki horiek ere erregistratzeko.

Pentsa, Kepler zundak Lurreko herri txiki bat behatuko balu espaziotik, gai litzateke gauez atari baten argi-gutxitzea detektatzeko pertsona bat igarotzen den unean. Balentria hori lortzeko, espaziora sekula jaurti den kamerarik handiena erabiliko du Kepler zundak. Kamera horrek, besteak beste, 95 megapixel ditu.

Puntako teknologia du behaketak egiteko.
NASA

Astronomoen ustean, zundak planeta gasdun erraldoiak baino ez ditu aurkituko hasieran, neurri batean errazak izango baitzaizkio detektatzen. NASAren Hubble eta Spitzer teleskopioek planeta horien jarraipena egin ahal izango dute, eta haien atmosferen xehetasunak ezagutu ahal izango dituzte. Ondoren, litekeena da Neptunoren tamainako planetak aurkitzea. Hiru urte barru, gutxi gorabehera, has daiteke Lurra bezalako planeta harritsuak aurkitzen, eta misioak iraungo duen bitartean gutxienez 50 bat aurkitzea espero dute. Ondoren, beste zunda batzuek ekin beharko diote benetan bizitzarik ote dagoen egiaztatzeko lanari.

Astronomoak proiektu horren emaitzen berri izateko irrikan daude. Baina, arestian aipatu bezala, itxaron egin beharko da. Ezustean, Lurraren antzeko planetarik aurkitu ezean, zer gertatuko litzateke? Ez pentsa hori porrot egitea litzatekeenik. “Aurkikuntza” hori ere oso garrantzitsua litzateke. Izan ere, beharbada, horrek adieraziko luke gure galaxian bakarrik gaudela. Eta ez da gutxi.

7k-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia