}

Kepler-37b, astrosismologiaz aurkitutako exoplaneta txikia

2013/03/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

kepler-37b-astrosismologiaz-aurkitutako-exoplaneta
Arg. ©NASA

Diametroa 3.900 kilometro besterik ez duen exoplaneta bat aurkitu du Kepler teleskopioak. Lurra baino hiru aldiz txikiagoa da, Merkurio bera baino txikiagoa, eta Ilargia baino % 10 handiagoa. Orain arte detektatutako exoplaneta txikiena da. Hain zuzen ere, tamaina horretako astro bat beste izar baten inguruan detektatzeko, zientzialariek astrosismologia izeneko teknika erabili behar izan dute, alegia, planetaren presentziak izarraren barne jardueran duen eragina aztertuta aurkitu dute exoplaneta.
Aurkikuntza NASAko Ames Research Center institutuko astronomoek argitaratu dute Nature aldizkarian. Exoplaneta txikiari Kepler-37b izena eman diote, eta gutxienez beste bi planeta dituen sistema batean dago, Lurretik 220 argi-urtera.
Kepler-37b oso txikia da, eta, ondorioz, detektatzeko oso zaila. Kepler teleskopioak exoplaneten iragateak detektatzen ditu, alegia, planeta bat bere izarraren aurretik iragaten bada Lurretik ikusita, izar hartatik argi gutxiago iritsiko da Lurrera, iragateak irauten duen bitartean. Oso urrutiko eklipse bat da. Eta Kepler-37b planetaren kasua oso eklipse txikia da, ez baitio ia oztopo egiten izarraren argiari aurretik iragaten denean. Argiaren intentsitatea % 0,0002 bakarrik jaisten da 13 egunean behin.
Datu hori lau urtez neurtuta, astronomoek bazekiten oso exoplaneta txikia zela. Baina zer tamainatakoa? Hori argitzeko, nahitaez jakin behar zuten izarraren tamaina, igortzen duen argia zein den eta ondorioz planetak zer neurri duen kalkulatzeko. Izarraren tamaina astrosismologiaz kalkulatu dute, Birminghamgo Unibertsitateko talde baten laguntzaz.
Izarraren argiaren intentsitatea, planetak aurretik iragatearen ondorioz ez ezik, barruan duen jardueraren ondorioz ere aldatzen da, Eguzkiari argia azaleko orbanek aldatzen dioten bezala. Intentsitateak gora eta behera egiten du izarraren berezko maiztasun baten arabera, eta maiztasun horrek izarraren tamainari buruzko informazioa ematen die astronomoei. Oso aldaketa txikietan oinarritutako kalkulu finak dira; oso sofistikatuak. Azken batean, izarraren argi-uhinek inguruko planetei buruzko informazioa ekartzen dute: Kepler-37b eta beste bi planetarena (Kepler-37c eta Kepler-37d).
Horri esker, exoplaneta txikien errekorra hautsita dago. Orain arte, Marteren tamaina duen Kepler-42d planetak izan du errekorra, eta, orain, Ilargiaren tamaina ozta-ozta gainditzen duen Kepler-37b berriak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia