}

Kepa Altonaga: "Idazle klasikoetan, laiko bakarra Jean Etxepare medikua zen"

2004/02/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Dibulgazio-liburua idazteko beka irabazi du Kepa Altonagaren Etxepare, Aldudeko medikua proiektuak. Ez da liburu bat idazteari ekingo dion lehen aldia. Sariketa honen babesean Folin markesa . Marraskiloak eta euskaldunak uharte galduan eta Armand David, pandaren aita liburuak burutu zituen 1996an eta 1999an, hurrenez hurren. Altonaga biologia-irakaslea da EHUn.

Nola sortu zitzaizun Jean Etxepare iparraldeko medikuari buruzko liburu bat osatzeko asmoa?

G. Roa

Aurreko liburuen ezberdina izan da hau. Folin ia-ia txiripaz aurkitu nuen pertsonaia bat izan zen. Nik Folinen izena nire lan profesionaletatik ezagutzen nuen; XIX. mendeko malakologoa zen, eta Euskal Herriko barraskiloei buruz hainbat datu eman zituen. Baina, hari horretatik, memento batean ikusi nuen bazeuzkala datu horietatik abiatuta beste ondorio batzuk, besteak beste Atlantidaren kontua. Eta hari horretatik tiraka ari nintzela, dibulgazio-liburu baterako gauza deigarri asko ateratzen ari zitzaizkidan, eta pentsatu nuen horrekin bazegoela liburu bat idaztea.

Eta dokumentatzen nenbilela, Armand David izeneko beste pertsonaia bat aurkitu nuen; niretzat ezezaguna zen oso. Eta Folinenean aipatu egin nuen, besterik gabe; artean ez neukan dokumentaziorik. Baina iturri bibliografikoetara jotzen hasi nintzenean konturatu nintzen Daviden garrantziaz. Pertsonaia erabat interesgarria zen. Izan ere, liburuan agertu zen informazioaz gain, nik beste karpeta oso bat bildu nuen.

Baina Etxepare ezberdina da. Nik Etxepare aspaldidanik ezagutzen dut. Euskararen munduan hasten zarenean, eta klasikoen testuak pixka bat irakurtzen dituzunean, konturatzen zara denak zirela abadeak. Eta, txiripaz, laiko bakarra Etxepare zen; gainera, medikua zen. Beraz, beste pentsakera bat zuen, eta beste begi batzuekin ikusten zuen dena. Horregatik irakurri ditut askotan Etxepareren testuak. Hor aspaldidanik izan dut sugestio bat: Folin markesa eta Armand David esku artean nituela, Etxeparek ere liburu baterako ematen duela pentsatzen nuen.

Orain, Etxepare hartu dudanean, konturatu naiz hiruetan zailena izango dela niretzat; medikua da, baina herri txiki bateko medikua. Eta, printzipioz, ekarpen zientifiko miresgarririk ez bestelakorik ez du egin, beste mundu batean aritu da. Alde horretatik, pertsonaia nahikoa grisa dela esango dugu, eta pentsa liteke duen interesa literaturatik eta letren mundutik datorrela soilik, baina ez da horrela.

Beraz, eta zientziaren dibulgaziotik?

Kepa Altonaga bere bulegoan, EHUko Zientzia Fakultatean, Leioan.
G. Roa

Dibulgazioa bai, baina dibulgazio izan daitezkeen Etxepareren artikulu guztiak osasunari buruzkoak dira. Eta justu ez da hori nire alorrik hurbilena. Horregatik, dibulgazio-alde hori ez zen nire gustukoa hasteko.

Hiru dibulgazio-mota ikusten ditut: azken ordukoa, dibulgazio utilitarista (higiene-, osasun-kontuak eta abar transmititzeko) eta diletantea (besterik gabe, intelektualki erakargarriak diren gaiak). Etxeparek bigarrena egin zuen gehien bat.

Folin markesarekin eta Armand Davidekin ez bezala, Etxeparerekin, pertsonaia landuz gero, arriskua dago liburu oso naturalistikoa ez egiteko. Eta buruan ditudan hainbat gai ukituz gero, gerta daiteke Etxepare bera eklipsatuta geratzea liburuan; alde horretatik badaukat kezkatxo bat.

Liburuak idaztean, pertsonaia batengan oinarritzen zara, eta, horren aitzakian, beste gai batzuk gehitzen dituzu. Zergatik aukeratu egitura hori?

Nik baditut gustuko eredu batzuk, eta horra hurbildu nahi dut nire idatzietan. Eredu horiek ez ditut nik asmatu, noski. Folin markesaren liburuak egitura nahiko zurruna eta monolitikoa du konparatiboki; lau atal daude, elkarren artean zerikusia daukatenak, baina nahiko itxiak. Armand Daviden liburua, David Quammen eta Stephen Jay Gould idazleen bidetik, hasten da puntu batean jakinda norantz jo nahi dudan, baina bidean hainbat eta hainbat azalpen sartzen ditut.

Horrek zaila egiten du liburuaren sailkapena generoari dagokionez, baina egiteko orduan askoz ere atseginagoa da. Horrela, esate baterako iturrien bila nabilenean gehiago gozatzen dut. Eta, bestetik, edozer irakurtzen duzunean, beti daukazu gogoa topatzen duzun material interesgarria noizbait erabiltzeko. Aitzakia bat behar izaten duzu hainbat kontu azaltzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia