Karraskila, zuhaiska gogorra
1995/01/01 Terés, Joxepo Iturria: Elhuyar aldizkaria
Familia honen barruan 55 genero eta 900 bat espezie azaltzen zaizkigu, gehienbat eskualde subtropikal eta tropikaletan. Zuhaitzak, zuhaiskak eta batzuetan landare igokariak izaten dira eta Euskal Herriari dagokionez, 2 genero azaltzen dira. Rhamnus generoak berriz, 6 espezie ditu, hauetariko arruntena aztergai dugun Karraskila delarik.
Zuhaiska edota zuhaitz txikia da, 5 m-rainokoa, zenbaitetan forma txaparrotua duena, baina oro har oso forma desberdinak ditu. Enborra gris kolorekoa eta azala leuna ditu, ale gazteek askotan adaskak gorriz tindaturik izaten dituzte eta denborarekin zartatu egiten zaizkie. Hostoak, berriz, nahikoa koriazeo eta larrukarak izaten dira, txandakakoak, ilegabeak eta tamaina eta forma desberdinekoak. Hostoaren goialdea berde ilunagoa du eta lore txiki ugariz hornitzen da negu eta udaberri hasierarako. Fruitua, aldiz, drupa biribildua da, hasieran gorriska eta ondoren beltza, udaren azkenaldean heltzen delarik.
Ia lurralde osoan zehar zabaltzen da, 0-1.000 m bitarteko altitudeetan. Margotsu edo karetsu diren lurzoruak begiko baditu ere, edozein lur-motatan bizi da. Hainbat baso desberdinetako (artadi, amezti,...) sastrakadiren osagai izaten da.
Karraskilak egurra oso gogorra du, astuna eta usain txarrekoa. Labeetan erregai gisa oso erabilia da. Tornu-lan eta altzarigintzarako egokia da eta apaingarritzat ere erabiltzen da.
Sendabelar gisa erabili ohi da. Bere zurtoin eta hostoak depuratiboak direla diote, eta gargarak eginez eztarri eta ahoko gaixotasunak sendatzen omen ditu. Bere osagaietan taninoak dituelako lehorgarri modura erabili da. Bestalde, bere azala purgantea dela diote. Bere generoaren barruan esate baterako, oso erabilia izan den “oskol sakratua” ( Rhamnus purshiana ), idorreriaren kontrako erremedio zuzena dela aipatzen da.
Familia: erramnazeoak |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia