Karbono aktibozko superkondentsadorea
2003/03/07 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Superkondentsadoreak energia elektrikoaren gordailuak dira eta, batez ere, erregai-pilen arloan dute interesa. Izan ere, superkondentsadoreak erregai-pilen osagarriak dira. Pilak energia elektrikoa era jarrai batean emateko gai dira; superkondentsadoreak, berriz, momentu jakin batean energia-kantitate handia eman dezake.
Adibidez, auto elektrikoen kasuan, erregai-pilak autoaren abiadurari eusteko energia emango luke eta superkondentsadoreak, berriz, azeleratzeko behar dena. Gainera, azeleratzeko prozesu horretan superkondentsadorea deskargatu egiten da.
Superkondentsadorea berriz kargatzeko frenoari eragiten zaion edozein momentu erabiltzen da. Izan ere, une horretan autoak ez du erregai-pilaren energia behar eta, beraz, energia hori superkondentsadorea birkargatzeko erabiltzen da.
Kasu honetan, Voltalab41 potentziostato batean egin dituzte neurketak, batez ere, superkondentsadorearen kapazitatea neurtzeko. Kapazitate hori farad unitatean neurtzen da eta normalean kondentsadore baten kapazitatea 10 -6 farad-etan, mikrofarad-etan, ematen da. Horretaz gain, karga eta deskargako zenbat ziklo jasan ditzaketen neurtu dute.
Neurketen emaitzak hauek dira: 120 F/g-ko gaitasuna lortu da elektrolito-mota batekin eta 100 F/g-koa beste elektrolito batzuekin. Bi kasuetan, karga-deskargako bi mila ziklo baino gehiago irauteko gaitasuna dute superkondentsadoreek. Azkenik, saio horietako emaitzarik onenak eman dituzten materialekin lehenengo prototipoak egin dira CIDETECen.
www.basqueresearch.com
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia