}

Kapitalaren atzaparrak

1995/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Surinam-en hirurogeita hamar metroko zabalerako bidea autopista erraldoiaren baliokidea da. Estatu horretako oihan trinkoan irekitako lehen errepidea da eta ibiltzeko eskubidea atzerriko konpainia baten esku dago; Indonesiako basogintza-konpainia baten esku, hain zuzen ere.

MUSA izeneko konpainiak Jakartan dauka zentrala eta Surinamgo mendebaldeko Apura herriskaren inguruetan 300 bat zuhaitz botatzen ari da egunero. Kamioi bidez Corantin ibairaino garraiatzen dira eta handik urez itsasoraino. Talde horrek 150.000 hektarea ustiatzeko eskubidea du, baina duen asmoa ez da horretara mugatzen.

Surinam-en hirurogeita hamar metroko zabalerako bidea autopista erraldoiaren baliokidea da. Estatu horretako oihan trinkoan irekitako lehen errepidea da eta ibiltzeko eskubidea atzerriko konpainia baten esku dago.

Legez ez dago Surinamen 150.000 Ha baino gehiago atzerritarrei ematerik, baina parlamentuak gobernuak eginiko proposamena onartzen badu, MUSAk oihan tropikal birjineko 62.000 km2 ustiatzeko eskubidea izango du; Surinamgo hedaduraren % 40, alegia. MUSA ordainez baso-ustiaketan eta zur-industrian mila milioi dolarreko inbertsioa egingo duela agintzen ari da.

Asmatzekoa denez, planak eztabaida bizia piztu du. Batzuk, alde agertu dira. Izan ere, Surinamek Hegoameriketako per capita errenta handiena zeukan garai batean eta gaur egun egoera nahikoa gogorra da. Beraz, MUSAri esker atzera egin daitekeela pentsatzen da.

Kontrakoek, noski, estatuaren % 40 ez dagoela atzerritarren esku jartzerik pentsatzen dute. Gainera, ingurugiro-arazoak egongo direla gaineratzen dute. Bi arrazoi aipatzen dituzte: alde batetik, mugakide den Guyanan gertatzen ari den baso-soiltze basatia, eta bestetik, Indonesian ohizkoa den basogintza-sistema hondatzailea. MUSAk, noski, horrelako salaketak baztertu egin ditu eta baso-ustiaketa selektiboa egingo duela iragarri. Alabaina, Surinamgo Ingurugiro-agentziaren adituen arabera, basoen ustiaketa errentagarria izan dadin ustiaketa intentsiboa, basoa osorik botatzea alegia, egin behar da.

Bestetik, ustelkeri salaketak ere izan dira.

Agintarien arduragabekeriazko, ustelkeriazko akaso, beste kasu bat ote dugu? Itxura guztia dauka.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia