
Zortzi urtez Itsaso Baltikoan jasotako plankton-komunitate bat aztertzen aritu ondoren, Amsterdamgo Unibertsitateko ikertzaile-talde batek adierazi du populazioen dinamika kaotikoa dela, alegia, naturan ez dagoela orekarik.
Edozein ekosistema eratzen duten espezieen populazioek gorabehera handiak izaten dituzte. Orain arte uste zuten inguruneko kondizioak aldatzen zirelako gertatzen zirela gorabehera horiek. Hala ote zen egiaztatzeko, inguruneko aldaketa horiek desagerrarazi zituen Herbeeretako taldeak, hau da, tenperatura, gazitasuna, argitasuna eta aireztapena konstante mantendu zituzten zortzi urte horietan.
Kondizio horietan ere izugarrizko gorabeherak behatu zituzten aztergai zuten komunitatean. Horrek adierazten du espezieen arteko lehiakortasunak berak eragiten duela une batzuetan batzuk ugaritzea eta besteak gutxitzea. Teknika matematiko aurreratuen bidez ere frogatu zuten plankton-komunitate horretan kaosa nagusi zela.
Argazkia: Jolanda van Iperen (NIOZ)
Lakar Iraizoz, Oihane
Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.







