Kannabinoideek neuronen energia-galera eragiten dute
2016/11/10 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Garuneko aktibitate zelularrak sostengu energetiko handia behar du. Etengabe sortu behar dute energia neuronen mitokondrioek. Baina kannabinoideek zuzenean prozesu hori inhibitzen dute, eta ondorioa nabaria da garunean: amnesia.
Gure gorputzak sortzen dituen kannabinoideek zein Cannabis landarearen kannabinoideek gure memorian galera eragiten dute, neuronen arteko komunikazioa oztopatzen dutelako. Neuronetako mintz-hartzaile batzuk inhibitzen dituzte, eta ondorioz, ez da apenas neurotransmisorerik sortzen. Orain arte uste zuten kannabinoideek neuronen mintz plasmatikoan eragiten zutela, baina orain ikusi dute mitokondrioetako mintzetan ere eragiten dutela. Mitokondrioetako energia-sorrera blokeatzea lortzen dute horrela.
Nature aldizkariak argitaratu du ikerketa berria, EHUko Neurozientziak Saileko ikertzaileek Frantziako ikertzaile batzurekin elkarlanean egindakoa. “Mitokondrioen funtzionamendu okerrak ondorio larriak izan ditzake garunean. Adibidez, disfuntzio mitokondrial kronikoak neuroendekapeneko gaitzen sorreran eragiten du, iktusean edo zahartzeari lotutako gaitzetan”, adierazi du Pedro Grandes ikerketa-taldearen buruak. “Baina orain arte ezezaguna zen arnasketa zelularen murrizketak garunaren goi mailako funtzioetan ere eragina bazuenik, esaterako memorian”. Ikerketa berriak agerian utzi du kannabinoideen mitokondrioetako hartzaileek ikasketa-prozesua eta memoria bezalako prozesuak erregulatzen dituztela metabolismo energetikoaren bidez.
CB1 da kannabinoideek ezagutzen duten hartzailea. Neuronen terminal presinaptikoetan azaltzen da, baina baita mitokondrioetako mintzean ere. Ikertzaileen lanak erakutsi du mitokondrioetako CB1 hartzaileak kenduz gero, ez dela somatzen kannabinoideen eraginik memorian. Hortaz, mitokondrioetako CB1 hartzaileak eta haien inhibizioak eragindako energia-murrizketa zuzen-zuzenean dago inplikatua memoriaren galeran. Hori ondorioztatzeko gakoa izan da ikertzaileek sortutako CB1 hartzaile mutantea: mintz plasmatikoan bai, baina mitokondrioetan azaltzen ez dena.
Kannabinoideen eratorriek terapiarako aukera asko ematen dute, baina haien erabilera mugatua da, dituzten albo-ondorioengatik, tartean memoriaren galera. Ikerketan parte hartu duen Izaskun Elezgarai ikertzailaren ustez, etorkizunerako aukerak irekitzen ditu aurkikuntzak. “Mutante hori erreminta moduan erabil daiteke, ikerketarako eta botikak diseinatzeko. Adibidez, neuroendekapen-gaitzetan edo iktusean tratamendurako estrategia bat izan daiteke mitokondrioetan eragingo duen botika sortzea. Mitokondrioetara bideratuko den botika bat diseina daiteke, mintz plasmatikora joango ez dena. Edo mitokondrioetako hartzailea ixilarazi daiteke”. Bide berriak ireki ditu ikerketak, garuneko gaitzen tratamendurako eraginkorragoak eta seguruagoak izango diren botikak eskura jar baititzake etorkizunerako.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia