}

Kaltetutako nerbioak konpontzeko

1994/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Giza gorputzean dauden nerbio batzuk, kaltetuta ere erraz berritzen dira. Esate baterako, eskuan azalean ebakia eginez gero kaltea behin ere ez da larria izaten. Larruazala azkar orbaintzen da eta ebakitako nerbio-muturrak aste batzuen buruan berritzen dira.

Garunean edo bizkarrezurreko muinean ordea, besterik da. Horko nerbioak kaltetuz gero konpontzerik ez da egoten. Neurobiologoak aspalditik ari dira nerbio periferikoek eta garun zein bizkarrezurreko muinekoek hain portaera desberdina zergatik duten jakin nahian. Badakite garunean eta bizkarrezurrean nerbioak berritzen hasten direla, baina berreskuratze hori inhibitu egiten da.

Zuricheko unibertsitatean duela urte batzuk Martin Schwab ikerlariak eta bere taldeak bizkar-muina inguratzen duen mielinan nerbio-zuntzak berriztatzea inhibitzen zuten bi proteina isolatu zituzten. Zegozkien antigorputz espezifikoak sortuta, nerbioak kaltetutako arratoiei ezarri zizkieten eta egoera normalean baino hamar aldiz gehiago luzatu ziren nerbio-zelulak.

Azkenaldian izandako aurkikuntzek datu hauek osatu egin dituzte. Martin Schwaben taldeak NT-3 (Neurotrofina 3) izeneko substantzia injektatu dio nahita bizkarrezurreko muina kaltetutako arratoi heldu bati, eta IN-1 izeneko antigorputza (mielinako proteina inhibitzaileak neutralizatzen dituena) ezarrita, nerbio-zuntzak bi zentimetro luzatu dira. Harrigarria benetan!

Kiotoko Medikuntza Fakultatean berriz, Yasushi Iwashita ikerlearen taldeak garuneko nerbioei dagokienez beste gauza harrigarri bat lortu du. Garun-zati bat falta zuen arratoi jaio berriari, fetu batetik hartutako tamaina bereko zatia txertatu diote. Garuna sendatu egin da eta arratoia oinez ibili, jauzi egin eta gora igotzeko gai da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia