Kalitatezko loa, ongi eta luze bizitzeko gakoa
2010/05/23 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Maiz entzun izan dugu zahartzaroan ongi lo egiteko arazoak izaten direla, eta, horrenbestez, loaldiari ez zaiola denbora askorik eskaintzen. Oregoneko Portland State Universityko ikertzaileek, ordea, egiaztatu dute adindun osasuntsu gehienek behar bezalako loa dutela. “Beraz, zahartzaroko lo-arazoak ziurrenik hainbat faktore fisiologiko eta psikosozialen ondorio dira, baina ez zahartze naturalak eragindakoak”, adierazi dute.
Ikerketarako, 2005ean Txinan egindako inkesta zabal bat hartu dute oinarri, hura baita munduan edadetu gehien duen herrialdea. 65 urtetik gorako 15.638 lagunek osatu dute lagina (horien artean, 90-99 urte bitarteko 3.927 pertsona zeuden, eta 100 urtetik gorako beste 2.794). Guztien loaren iraupena eta kalitatea aztertu dituzte, eta ezusteko handiena zaharrenek eman dute, azken horien % 70ek agertu baitu asebetetze-maila altuena. Parte-hartzaileek batez beste 7,5 ordu eskaintzen dizkiote loari, eta ehun urtetik gorakoek hiru aldiz handiagoa dute hamar orduz lo egiteko joera. Sexuari dagokionean, bestalde, gizonezkoek emakumezkoek baino hobeto lo egiten dutela ikusi dute ikertzaileek.
Txinan egindako inkesta bateko datuak baliatu ditu AEBko ikertzaile-talde batek loaren kalitatea aztertzeko, hura baita edadetu gehien duen herrialdea. (Argazkia: Steve Evans ) .
Osasun ona izateak, jasotzen dugun osasun-arretak, konpainiak, bizilekuak, estatus ekonomikoak… orok izan dezake eragina gure bizitza-luzeran. Nolanahi ere, AEBko adituen ustez, kalitatezko loa da luze eta osasuntsu bizitzeko gakoa.
Galdutako orduak, galduta
Atsedenaldiari buruzko kontuetan gehiago sakontze aldera, Bostoneko Brigham and Womens Ospitaleko zenbait kidek ere ikerketa bat egin dute. Bada, sarri pentsatu edo entzun den zerbait ezeztatzera datoz haien ondorioak: atseden urriko zenbait egun edo asteren ondoren, asteburuan askoz ere ordu gehiagoz lo eginda ere gure gorputza ez da indarberritzen.
Esnatzean, lo sakon eta indarberritzailea izan dugula pentsa genezake. Baina adituek diote mito asko dagoela, eta denbora luzez pilatutako loaren galera kronikoa ez dela hain erraz sendatzen. “Lo egiteko aukerarik ez dutenek bat-batean gau oso batez lo egiten dutenean, haien gorputzek desoreka are handiagoa jasaten dute. Ezin izaten da loa berreskuratu, eta, beraz, hobe izaten da ongi lo egiten ikastea”, laburbildu dute.
Osasungarria ez ezik, siesta ikasketa-prozesuetan lagungarri ere izan daitekeela uste dute adituek. (Argazkia: Esteban Salazar ) .
Bada, akaso azken gomendio horretarako siesta bera ere baliatu ahalko genuke. Izan ere, Harvardeko Medikuntza Fakultateko ikertzaile-talde batek azaldu du ikasteko metodo onen artean lo-kuluxka bera ere kontuan hartu beharko genukeela. Siesta egiten dutenek, une horretan ikasi berri duten zerbaitekin (eginkizun bat, kasu) amesten badute, esnatzen direnean hobeto egin ahal izaten dute jarduera hori. Okerrago aritzen dira lorik egin ez dutenak edo, lo eginda ere, beste zerbaitekin amesten dutenak.
“Maiz, entretenimendutzat hartu izan da lo-kuluxka. Baina, osasungarria izateaz gain, gure ikerketak iradokitzen duena da siesta oroimen-prozesamenduaren azpiproduktu bat dela”, esan dute ikertzaileek. Hau da, uste dute siestan ere lanean ari dela gure garuna, eta ametsak direla horren adierazle.
Zergatik amesten dugun edo ametsek zein funtzio duten jakin nahian jarraitzen dute ikertzaileek. Baina, gaur-gaurkoz, ikasketa-prozesuei eskain diezazkioketen abantailak nabarmendu dituzte. Baliteke hobea izatea juxtu lotara joan aurretik ikastea, eta baita gogor ikasten aritu ostean lo-kuluxka egitea ere.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia