Kalamua: maria-ren sekretua
2003/02/01 Pineda-Ortiz, Joseba | Mendiguren Ordorika, Aitziber | Ruiz Ortega, Jose Angel Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kalamuaren sendatzeko propietateei buruzko lehenengo berriak antzina zabaldu ziren. K.a. 2737. urtean, Txinan Sheng Nung enperadoreak aipatu zuen Pen Tsao liburuan kalamua hilekoaren mina, hezueria, malaria eta hainbat gaixotasun prebenitzeko edo sendatzeko ona dela (1. irudia). 1890. urtean Sir Russel Reynolssek, Ingalaterrako Victoria erreginaren medikuak, kalamua agindu zion hilekoaren minak arintzeko.
Hori dela eta, The Lancet aldizkariaren lehenengo alean mediku honek berak idatzi zuen kalamuari buruz: "... purua denean eta arduraz emanda, dauzkagun botiketatik preziatuenetakoa da...". Kalamua Egiptotik Napoleonek ekarrita heldu zen Europara eta farmakopean sartu zen. Hala ere, urte batzuk geroago, eragin kaltegarriei buruzko ikerketa batzuk agertu ondoren, mundu osoko farmakopeatik kendu zen. Bere eragin psikoaktiboengatik olgetan aritzeko erabiltzen zenez, 1835. urtean Baudelairek eta beste artista batzuek Hashichines kluba sortu zuten.
Kalamua urteroko landarea da eta, sexu-dimorfismoa duenez, arraren eta emearen loraketak guztiz desberdinak dira. Kalamua Cannabis sativa espeziearen barruan sailkatuta dago eta hiru subespezie desberdin daude: indica, sativa eta rudelaris , bakoitza bere ezaugarriekin (1. irudia). Sativa subespeziea mundu osoan zehar aurki daiteke, baina kanabinoideoen kontzentrazio handiena duena tropikoan hazten da.
Indica
subespeziea Himalaian dagoen zuhaixka-itxurako landarea da eta tropikoan jaiotzen dena baino gogorragoa da eguraldiaren ondorioz. Kalamu-emearen hosto eta pistiloek eratutako egiturak erretxina jariatzen du, haxixa egiteko erabiltzen dena. Rudelaris subespeziea antzinako Sobiet Batasuneko errepubliketan aurki daiteke baina kanabinoideoen kontzentrazioa beste subespezieetan baino baxuagoa da.
Kanabinoideoak: eraginen errudunak
Kanabinoideoak Cannabis sativa -tik eratorritako azido karboxilikoak eta horietatik eraturiko produktuak dira. Landarean agertzen den kanabinoideo-kantitatea faktore genetikoek baldintzatzen dute batik bat, baina klimak (argia, tenperatura), biltze-sasoiak, sexuak eta bildutako landarearen atalek ere garrantzia dute. Kalamuan hirurogeita bat kanabinoideo inguru daude eta horietatik hiru baino ez dira eragin psikoaktiboen erantzuleak. Osagaietatik inportanteena, eragin psikoaktiboak dauzkalako, Ð 9 tetrahidrokanabinola da (2. irudia). Beste kanabinoideoek, Ð 8 tetrahidrokanabinolek eta kanabinolek kasu, eragin psikoaktibo ahulagoak dituzte. Kanabidiol kanabinoideoak, ordea, psikoaktiboak ez diren beste mota bateko eraginak sortzen ditu.
Kanabinoideoak emateko bideak ugariak dira eta, lipidoetan disolbagarriak direnez, organismoko mintzak azkar zeharkatzen dituzte. Erretzea da hartzeko biderik ezagunena. Kalamuak har ditzakeen itxura desberdinen artean gehien erabiltzen dena erretxina bera da ( haxixa ) baina kalamuaren hostoekin eta begiekin egindako prestakuntza ( maria ) eta kalamuaren olioa (THCaren kontzentrazio handiena duena) ere dezente erabiltzen dira (2. irudia).
Badirudi kalamuaren errekuntzaren ondorioz kalamu gordinean dagoen THC azidoa THC aske bihurtzen dela. THC aske hori kearekin batera arnasten da eta, birika-albeoloen mintzak zeharkatuta, birika-kapilarretara ailegatzen da. Handik, THCa oso azkar garraiatzen da bihotzera eta zuzenean garunera; prozesua zain-barneko administrazioa bezain azkarra da. Eragina erre eta berehala agertzen da eta gutxi irauten du. Bestalde, kalamua emateko ahotiko bidea ere erabiltzen da, eragin farmakologikoak mantentzen direlako, nahiz eta xurgapena aldakorra izan.
Kalamua kronikoki hartzeak ez du kanabinoideoen eliminazioa aldatzen: kantitate bera eliminatzen da. Gainera, arestian aipaturiko ezaugarri lipofilikoak direla eta, kanabinoideoek biltegi hidrofobikoetan (ehun adipotsuan, adibidez) metatzeko gaitasuna dute. Beraz, posible da aste batzuetan zehar gernuaren analisian metabolitoak aurkitzea. Ondeste-bidea erabiliz, ordea, xurgapena oso ona da eta lortzen den bioerabilgarritasuna aho bidezkoarekin alderatuz handiagoa da. Gainera, modu honetan farmakoa zuzenean sartzen da odol-zirkulazioan, eta gibeleko metabolismoa ekiditen da.
Kanabinoideoak substantzia psikoaktiboak ote dira?Hainbat ikerketak frogatu dute THCaren efektuak erretzailearen eta drogaren ezaugarrien arabera aldakor samarrak izaten direla. Izan ere, dosiaren, administrazio-bidearen, erabiltzailearen eskarmentuaren, eragin psikoaktiboekiko sentikortasunaren eta erretzearen inguruko egoeren menpe daude. Kalamuaren toxikapenak umorearen, ulermenaren eta motibazioaren desoreka larria ekartzen die kontsumitzaileei. Hala ere, erretzaileak eragin pizgarria besterik ez du bilatzen gehienetan. Badirudi kalamuzaleak efektu bizigarri horiek opiazeoek eta estimulatzaileek eragindakoetatik bereizten dituela.
Ohiko erretzaileak bi ordutan zehar nabaritzen du eragin pizgarria, kalamuaren eraginkortasuna dosiaren araberakoa dela kontuan hartu beharrekoa bada ere. Hainbat azterketak frogatu duenez, drogaren eragin akutuen menpe dagoen bitartean, erabiltzaileari dezente hondatzen zaizkio kognizioa, pertzepzioa, erreakzio-denbora, ikasteko gaitasuna eta oroimena. Horretaz gain, gorputzaren mugimenduen koordinazio-ezak ordu batzuetan jarraitzen du eragin pizgarria desagertu eta gero. Asaldura horrek ibilgailuak gidatzeko eta lanean aritzeko ezintasuna du ondorio.
Kalamuaren kontsumo kronikoak drogazalearen portaera aldatzen du guztiz eta norabide konplexuz, jangura kasu (3. irudia). Halaber, erretzaile batzuek atsegin handiagoko sexu-harremanak lortzen dituztela aldarrikatu badute ere, kontu hori ez da zientifikoki baieztatu. Frogatuta egon badago, ordea, zenbait eragin desiragaitz agertzen direla kalamua erre ondoren, hala nola, haluzinazioak, ikara-krisialdiak eta psikosia.
Erabiltzaileei egindako inkesten arabera, kalamuaren erretzaileen % 50-60k behin baino gehiagotan izan du antsietate-krisialdia. Erreakzio horiek aho-bidetiko dosi handienekin ikusi ohi dira, erretzeak dosia menperatzeko aukera ematen baitio norberari eraginen pertzepzioaren arabera. Bestalde, ez da baieztatu kalamuaren eta eskizofrenia sortzeko arriskuaren arteko loturarik; aitzitik, argitalpen kliniko batzuek agerian utzi dute eskizofreniaren aurrekariak dituzten gaixoei, kalamua errez gero, psikosia azkarrago berrager dakiekela.
Kanabinoideoek kronikoki sortzen omen duten eragin eztabaidagarrienetariko bat motibazio faltaren sindromea deitzen da. Aipatzekoa da sindrome hori ez dela diagnosirako gidaliburuetan horrela agertzen, baina terminoak ongi adierazten du gizarteko jarduerak utzi eta eskolan interesik erakusten ez dutenen egoera. Nahiz eta kontsumoarekiko kausalitate-erlaziorik berez frogatu ez, kalamua sindrome horren jatorri gisa hartu ohi da, bereziki erabilera gogorra baldin bada. Era berean, ezin izan da ziurtatu kalamuak neuronak kaltetu edo behin betiko aldaketa funtzionalak eragiten dituenik. Izan ere, laborategiko animaliekin eta gizakiekin saio klinikoetan egindako ikerketek erakutsi dute kanabinoideoak utzita ikaste-prozesuaren kaltea pixkanaka berreskuratzen dela, aste batzuen buruan.
Oro har, menpekotasunak hiru gertaera hartzen ditu bere barnean: tolerantzia, menpekotasun fisikoa eta menpekotasun psikikoa.
Tolerantzia.
Tolerantzia farmako jakin batek behin eta berriro hartzeagatik eragin ditzakeen efektuak desagertzean datza. Laborategiko animalietan frogatu da zenbait agonista kanabinoideoren administrazio kronikoak tolerantzia sortzen duela analgesiarekiko, aktibitate motorearen inhibizioarekiko, hipotermiarekiko eta beste hainbat efektuekiko. Gizakiengan ere, ikerketa klinikoek THCaren eragin farmakologikoekiko tolerantzia baieztatu dute. Gainera, tolerantziaren garapena hartutako THCaren dosiarekin erlazionatuta dago; beraz, THCaren kontsumoa handitzen den heinean tolerantzia ere areagotu egiten da.
Dena dela, aipatzekoa da laborategiko animalietan tolerantzia eragiteko erabiltzen diren dosiak gizakiak normalki erabilitakoak baino askoz handiagoak direla. Hain zuzen ere, animalietan tolerantzia lortzeko dosiak 20-50 mg/kg eguneko izan behar du eta, marihuana zigarro batek 30-60 µg kanabinoideo duela jakinik, gizaki batek eguneko 300-1.500 zigarro erre beharko lituzke fenomeno hori gauzatu ahal izateko. Aipatzekoa da, bestalde, kanabinoideoekiko tolerantziaren garapenaren erantzuleak barneko sistema kanabinoideoa nahiz opioideoa izan daitezkeela.
Menpekotasun fisikoa.
Menpekotasun fisikoa organismoa drogak eragindako efektuen menpe funtzionatzera ohitzen delako gertatzen da. Hainbat ikerketaren arabera, laborategiko animaliei THCa (20 mg/kg) 6 egunez eman ondoren, kanabinoideo hori emateari utziz gero, abstinentzia-sindrome motela ikusten da, eta zeinu kliniko adierazgarrienak soilik antagonista kanabinoideoa eman ondoren agertzen dira. Badirudi gertaera hori THCaren eliminazioaren erdibizi (kontzentrazio erdira heltzeko behar den denbora) luzearekin erlazionatuta dagoela. Izan ere, WIN 55212 agonista kanabinoideoaren erdibizia txikiagoa izanik, hura hartzeari utziz gero, abstinentzia-sindrome nabariagoa sortzen da.
Animalietan, kanabinoideoen abstinentzia-sindromea islatzen duten zeinu kliniko gehienak mugimenduaren kontrolaren asaldurarekin lotuta daude. Besteak beste, ataxia, gorputz-enborraren astinduak, hanken dardara, normalak ez diren jarrerak eta aktibitate motorraren murrizketa gertatzen dira. Aipatzekoa da, bestalde, opiazeoen abstinentzia-sindromean agertzen diren zeinu kliniko begetatiboak (hipotermia eta pisu-galera, adibidez) ez direla kanabinoideen kasuan ikusten.
Gizakiengan ere, laborategiko animalietan gertatzen den bezala, abstinentzia-sindrome motela nabari da 3 asteko THCaren tratamenduaren ondoren. Kasu horretan agertzen diren zeinu klinikoak antsietatea, anorexia, loezina eta suminkortasuna dira eta seinale nabarienak lehenengo egunetan azaltzen dira.
Menpekotasun psikikoa.
Kanabinoideoekiko menpekotasun psikikoa menpekotasunaren osagai nagusiena da, alkoholarekin, heroinarekin eta gainontzeko drogekin gertatzen den bezala, askatasunez droga uzteko zailtasuna adierazten baitu. Drogazaleak kalamua lortu eta erretzeko duen premiazko beharrak sustrai neurobiologiko zehatz bat du oinarri, alegia NSZko sistema dopaminergikoa. Hala izanda ere, lan neketsua izan da kanabinoideoen eragina dopamina neurotransmisorearekin erlazionatzea, batez ere kokaina, nikotina eta opiazeoen kasuekin alderatuz. CB1 hartzailearen eta kanabinoideoen ezaugarri farmakozinetikoen berri eduki arte, azken hamarkadan, ez zen garatu teoria neurobiologiko osoa.
Gaur egun argi samar dugu, ikerketa konduktualak eta neurofisiologikoak eredutzat hartuz, kanabinoideoek bide mesolinbikoa aktibatzen dutela (4. irudia). Sistema mesolinbiko horri sari-sarea deritzogu, bizirauteko ekintzak (jatekoa eta sexua, kasu) mantentzen dituen estimulu indartzaile moduan funtzionatzen baitu. Aipatzekoa da sare horretako guneetan dopaminak ez ezik, glutamatoak, GABAk eta neurotransmisore peptidikoek ere parte hartzen dutela. Horiek sendabide berriak lortzeko garrantzi handia dute.
Kalamuak sor ditzakeen eragin guztien artean gaur egun terapeutikoki erabilgarrienak eta ikasienak bi dira: eragin antiemetikoa eta hiesa edo minbizia duten gaixoengan jangura handitzea. Izan ere nabilonak, THCaren eratorri sintetikoak, kimioterapiak erangindako gorakoa gutxitzen du. Substantzia hori ez dago salgai Espainian, baina bai Estatu Batuetan, Kanadan, eta Britainia Handian.
Azken hamarkadan, kalamuaren inguruko ikerkuntzak nabarmen ugaritu dira eta erabilera terapeutiko desberdin ugari proposatu dira. Horietatik aipagarrienak analgesia, NSZeko minbizi jakin baten tratamendua, endekapen-gaixotasunetan gertatzen diren mugitzeko asaldurak saihestea, begi-barneko presioa jaistea eta konbultsio kontrako eraginak dira.
Analgesia.
Argitalpen zientifiko askok frogatu dute agonista kanabinoideoek eragin analgesikoa dutela. Eragin hori bizkar-muinean eta gune supraespinaletan dauden hartzaile kanabinoideoak direla medio gertatzen da batik bat. Badirudi ikertzeke dagoen arlo garrantzitsuena kanabinoideoen eta opioideen eragin analgesikoen konbinaketa dela. Izan ere, opiazeoek analgesia eragiteko mekanismoa eta kanabinoideoek erabilitakoa desberdinak izanik, biak dosi txikietan emanda eragin desiragaitzak murriztu eta efektu onuragarriak (analgesia) handituko lirateke.
Nerbio-sistema zentraleko tumoreak.
Azken urteotan, Madrilgo Unibertsitate Complutenseko ikertzaile batzuen lanek frogatu dute arratoietan THC kanabinoideoak glioma garuneko tumorearen tamaina gutxitzen duela. Izan ere, kanabinoideo horrek zelulen bikoizketa ekiditen du, zeramida deritzon substantzia bat dela medio apoptosia (heriotza programatua) eragiten duelako. Gainera, badirudi THCak angiogenesia, tumorea elikatzeko eta garatzeko beharrezkoak diren odol-hodien garapena, inhibitzen duela.
Endekapen-gaixotasunak.
Sistema endokanabinoideoak mugimenduaren kontrolean parte hartzen du. Izan ere, gorputz ildaskatuan, mugimenduaren kontrolarekin erlazionaturiko NSZko gunean, CB1 hartzaile ugari daude. Zenbait ikertzailek frogatu dute CB1 hartzailearen aktibazioak, THCaren bidez esaterako, mugimenduaren inhibizioa ekartzen duela. Ildo horretatik, mugimenduaren kontrola CB1 hartzaileen bidez gertatzen dela jakiteak ikerkuntzan bide asko zabaldu ditu, batez ere sistema motorrarekin erlazionaturiko hainbat gaixotasunetan sendabide berriak bilatzeko (esaterako, Parkinson-en gaixotasunean, Huntington-en korean eta esklerosi anizkoitzean).
Horrela, ikertzaile batzuek frogatu dute Parkinsonen gaixotasuna nozitzen duten gizakiengan CB1 hartzaileen kopurua handiagoa dela. Hortaz, CB1 hartzailearen antagonistak izango lirateke ikergai gaixotasun horretarako. Huntingtonen korean, ordea, kontrakoa gertatzen dela dirudi, hots, gongoil basaletan hartzaile kanabinoideoen kopurua ohikoa baino txikiagoa da, eta, horregatik, kasu horretan CB1 hartzailearen agonistak izango lirateke terapeutikoki erabilgarrienak. Alzheimerren gaixotasuna dutenengan ere hartzaile kanabinoideo horren kopurua txikiagoa dela frogatu da. Horretaz gain, kanabinoideoek esklerosi anizkoitzean gertatzen diren muskulu-uzkurketa mingarriak arintzeko gaitasuna dute. Gertaera hori laborategiko animalietan bakarrik frogatu bada ere, esklerosi anizkoitza duten gaixoek eragin onuragarri hori berretsi omen dute.
Begi barneko presioa.
Badirudi kanabinoideo sintetikoek begi barneko presioa jaisteko gaitasuna dutela. Baina orain arte probatu diren farmako kanabinoideo sintetikoek eragin desiragaitz gehiegi sortzen dituzte onuragarriekin alderatuz. Epilepsia.
Laborategiko animaliekin eta gizakiekin egindako ikerketen arabera, THCak zein kanabidiolak eragin antiepileptikoa dute grand mal krisiak dituztenengan. Gainera, kanabidiolak eragin psikoaktiborik ez duela jakinik, interesgarria izango litzateke etorkizunean arlo horretan ikerketa gehiago egitea.
Sistema kanabinoideoa
80ko eta 90eko hamarkadetan, kalamuari buruzko ikerketak berriro martxan jarri zirenean, kanabinoideoen erauzketa, sintesia, metabolismoa, farmakologia eta psikologia aztertu ziren eta hartzaile kanabinoideoak identifikatu ziren. Bi hartzaile kanabinoideo-mota daude: CB1 izenekoa nerbio-sistema zentralean (NSZan) eta CB2 ehun periferikoetan.
CB hartzaileak G proteinekin lotuta daude eta CB hartzaileei egokituta dagoen Gi/o proteinaren kitzikapenak hiru sistema efektore modula ditzake: MAP kinasa sistema (aktibatu egiten da), adenilil ziklasa sistema (inhibitu egiten da), eta ioi-erretenak (mintz potentziala aldatzen da) (beheko irudia). CB1 hartzaileen banaketa oso zabala da burmuinean eta badirudi kanabinoideoak eman ondoren NSZan agertzen diren eragin farmakologikoekin erlazionatuta dagoela. Hartzaileen kopuru handiena gongoil basaletan dago eta bertan nahitaezko mugimenduak kontrolatzea dute helburu. Hipokanpoan ere CB1en kopurua handia da, eta horrek agerian uzten du kanabinoideoek oroimenean eta ikasketa-prozesuetan duten eragina. CB2 hartzaileak, ordea, inmunitate-sisteman, gibelean, biriketan eta giltzurrunetan daude.
Azken hamarkadan, hartzaile kanabinoideoekin lotzen diren barneko agonistak aurkitu dira. Horietatik garrantzitsuena anandamida izeneko kanabinoideoa da. Antza, molekula horiek azido arakidonikotik eratorriak dira eta CB1 nahiz CB2 hartzaileekin lotzeko gaitasuna daukate. Horien garrantzi funtzionala argitzeke dago, izaki bizidunengan eman eta berehala desagertzen direlako. Badirudi neurotransmisoreak askatzea modula dezaketela, eta, ondorioz, tenperatura, pertzepzioa (koloreak, entzumena, ikusmena eta abar), kognizioa (loa, oroimena, eta abar) eta mugimenduaren kontrola (koordinazioa, giharren tonua) alda ditzaketela. Gaur egun, behin barneko agonistak aurkituta, sistema kanabinoideoak betetzen duen funtzioa jakitea zein den izango litzateke interesgarria, erregulazioaren ezagutzak garrantzia edukiko lukeelako hainbat gaixotasun sendatzeko. Hori dela eta, barneko agonisten egituretatik molekula berrien bila dabiltza ikertzaileak.
Sistema kanabinoideo osoa ezagutarazteko, kanabinoideo sintetikoak azaldu behar dira. Izan ere, kanabinoideo sintetikoak THCa baino boteretsuagoak dira eta, horiei esker, kanabinoideo-sistemari buruzko ikerketek izugarrizko bultzada jaso dute. CB hartzaileak zenbait kanabinoideo sintetikorekiko duten afinitatearen arabera sailkatu dira. Horrela, ikerkuntzan gaur egun gehien erabiltzen direnen artean CB1 agonistak CP55940 eta WIN55212, eta CB1 antagonista SR14176A daude. Gainera, CB hartzaileekiko afinitate handiagoa daukaten molekula berriak agertzeke daude.
BIBLIOGRAFIA
Hardman, J.G. eta Limbird, L.E.
Goodman Gilman’s
The Pharmacological Basis
of Therapeutics.
2001 Ed. McGraw-Hill,
London.
Howowlett, A. C.; Barth, F.; Bonner, T.I.; Cabral, G.; Casellas, P.; Devane, W.A.; Felder, C.C.; Herkenham, M.; Mackie, K.; Martin, B.R.; Mechoulam, R. eta Pertwee, R.G.
International Union of Pharmacology. XXVII. Classification of Cannabinoid Receptors.
2002 Pharmacol Rev; 54 (2): 161-202.
Maldonado, R. eta Rodriguez de Fonseca, F.
Cannabinoid addiction; behavioral models and neuronal correlates.
2002 J Neuroscience; 22 (9): 3326-3331.
Pertwee, r.
Cannabinoid Receptors.
1995 Ed. Academic press, London.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia