}

Kafeina: behar bihur daitekeen plazera

2004/02/01 Callado Hernando, Luis Felipe | Mendiguren Ordorika, Aitziber | Pineda-Ortiz, Joseba Iturria: Elhuyar aldizkaria

Kafeina da mundu osoan gehien erabiltzen den substantzia psikoaktiboa. Hala ere, estimulatzaile hau drogatzat har daitekeen ala ez eztabaidagai da oraindik.

Azken urteetan kafeinaren eraginei eta mekanismoei buruz zalantza ugari sortu dira. Era berean, kontraesan asko agertu dira kafeinak menpekotasuna sortzeko daukan ahalmenaz. Artikulu honetan kafeinaren inguruko azken ikerketa zientifikoen emaitzak aztertuko dira; substantzia honen kontsumoari, menpekotasunari, abstinentzia-sindromeari eta eragin indartzaileei buruzko azken datuak aurkeztuko dira, anfetaminaren edo kokainaren moduko beste estimulatzaileekin konparatuz kafeinak dituen antzekotasunak eta ezberdintasunak azpimarratzeko asmoz.

Kafeina kafean ez ezik tean, kakaoan eta kolan ere aurki dezakegu. Aipaturiko substantzia horien guztien kontsumoa antzinatik dator. Esate baterako, orain 4.700 urte inguru Txinan tea kontsumitzen zen. Kafe-landarea, aldiz, Etiopiatik hedatu zen, eta handik Arabiara eta Indiara pasatu omen zen, ziur aski Mekara joaten ziren erromes musulmanei esker. Hala ere, kafearen hedatzailerik garrantzitsuenak herbeheretarrak izan ziren. Izan ere, beren kolonietatik Europara eraman zituzten lehen kafe-landareak eta handik Guyana holandarrera, Brasilera eta Hego Amerikara hedatu ziren.

Kakaoak, berriz, alderantzizko bidaia egin zuen. Kakao hitza maien hizkuntzatik dator; Cac-ek, gorria esan nahi du (kakao-oskolaren kolorea, hain zuzen) eta cau-k indarra eta sua adierazten ditu. Amerika konkistatzearen ondorioz, kakaoa Europara heldu zen, beste fruitu berri batzuekin batera. Hala ere, XIX. mendearen hasieran txokolatearen industriaren garapenari esker zabaldu zen erabat kakaoaren kontsumoa.

Nola eragiten dio organismoari?

Oro har, kafeina substantzia estimulatzailea edo kitzikatzailea da. Beraz, nekea eta logura gutxitzen ditu, eta zenbait lan egiteko gaitasuna handitzen du. Dosi handietan, berriz, kafeinak urduritasuna, egonezina, loezina, takikardia, diuresia, aurpegiaren gorritasuna eta digestio-aparatuaren asaldurak eragin ditzake. Kafeinak sortutako intoxikazioetan, giharretako uzkurdurak, bihotz-arritmiak eta astinaldi psikomotorra ager daitezke. Hala ere, egindako ikerketa guztiek frogatzen dute kafeina neurriz kontsumitzeak ez duela eragin toxikorik sortzen. Gainera, alkoholak eta nikotinak ez bezala, kafeinaren kontsumoak ez du asaldura organiko larririk sortzen epe luzean eta dosi ertainetan.

Kafe-landarea Etiopiatik hedatu zen mundu osora. Kakaoa, berriz, Ameriketatik iritsi zaigu. Orain 2.500 urte maiek kakaoa landatzen zuten.

Gizakien kasuan, kafea aho-bidez hartuta, kafeinaren odol-kontzentraziorik handiena 30-45 minutura lortzen da. Kafeinaren erdibizitza (odol-kontzentrazioa erdira jaisteko behar den denbora) 3 ordukoa da gehienetan, baina jaioberrietan (entzimen eragina txikiagoa baita), antisorgailuak hartzen dituzten emakumeetan edo haurdunaldiaren lehenengo hiru hilabeteetan luzeagoa izan daiteke. Erretzaileetan, ordea, kafeinaren erdibizitza % 30-50 laburragoa da.

Kafeinaren efektu garrantzitsuena adenosinaren eragina oztopatzean datza. Adenosina nerbio-sistema zentraleko hainbat gunetan neuromodulatzaile gisa eragiten duen nukleosido endogenoa da. Nukleosido horrek, bere hartzaileak aktibatuz (hartzaile adenosiniko izenekoak, hain zuzen), neuronen kitzikapen-erritmoa moteltzen du, eta, horren ondorioz, transmisio sinaptikoa gutxitu eta neurotransmisore gutxiago askatzen dira. Kafeina hartzaile adenosinikoen antagonista da, eta, beraz, adenosinaren eraginak oztopatzen ditu, eta transmisio sinaptikoa bultzatzen du. A1 eta A2a motako hartzaile adenosinikoek hartzen dute parte kafeinaren eraginetan. A1 hartzaileak garun osoan hedatuta daude, baina kantitate handienak hipokanpoan, talamoan eta garuneko zein zerebeloko azalean daude. A2a motakoak, aldiz, gorputz ildaskatuan, accumbens nukleoan eta usaimen-erraboilean soilik daude.

Ikerketa batzuen arabera, A2a hartzaile adenosinikoen eta D2 motako hartzaile dopaminergikoen artean elkarrekintza dago. Horien arteko gorputz ildaskatuko interakzioa metilxantinak portaeran dauzkan zenbait eraginen erantzule izan daiteke. Izan ere, adenosinak hartzaile dopaminergikoen aktibazioa oztopatzen du. Kafeinak, beraz, adenosinaren eragina antagonizatzen duen heinean, neurotransmisio dopaminergikoa bultzatzen du. Mekanismo hori, kafeinaren zenbait efektu fisiologikorekin lotuta egoteaz gain, menpekotasunaren errudun ere izan daiteke.

Kafeinaren bila kontrolik gabe

Substantzia batek menpekotasuna sortzen duen ala ez esateko, drogatzat jotzen direnek bete beharreko baldintzen zerrenda bat kaleratu du Munduko Osasun Erakundeak. Ezaugarri horien artean, askatasunez droga uzteko zailtasuna, drogaren inguruko bizimodua egitea, abstinentzia-sindromea, tolerantzia eta errefortzua daude.

Menpekotasun fisikoa

Abstinentzia-sindromeak eta tolerantziak osatzen dute menpekotasunaren osagai fisikoa. Animalietan, ikerketa batzuek frogatu dute kafeinaren administrazioa etetean abstinentzia-sindromearekin erlazionaturiko zeinu kliniko batzuk ager daitezkeela. Izan ere, badirudi kafeina hartzeari utziz gero, mugitze-jarduera zein errefortzu-portaera gutxitu egiten direla. Kafeinak eragindako abstinentzia-sindromea kafeinaren dosiaren eta tratamenduaren iraupenaren araberakoa da. Aipaturiko zeinu klinikoen adierazpen nabariena hartutako azken kafeina-dositik 24-48 orduren buruan gertatzen da animalietan.

Gizakietan ere, laborategiko animalietan bezala, abstinentzia-sindromea gertatzen da. Kasu horretan, zeinu kliniko hauek agertzen dira: buruko mina, ahulezia, logura, depresioa, kontzentrazioa galtzea, lan egiteko zailtasuna, nekea, tentsio muskularra handitzea eta suminkortasuna. Normalki, gizakietan zeinurik nabarienak kafeinaren administrazioa eten eta 20-48 ordura azaltzen dira. Dena dela, gizaki batzuetan abstinentzia-sindromea iraunkorragoa edo azkarragoa izan daiteke. Badirudi, animalietan ez bezala, gizakietan abstinentzia-sindromea ez dagoela egunean zehar hartutako kafeina-kantitatearekin lotuta.

Jakina da abstinentzia-sindromean gertatzen diren zeinu kliniko asko drogak berak organismoan dituen eraginen kontrakoak izaten direla. Kafeinak baso-uzkurdura eragiten du, eta, hala, garuneko odol-fluxua gutxitu egiten da. Ildo horretatik, ikerketa batzuek frogatu dute kafeinaren abstinentzia-sindromean agertzen den buruko mina bat datorrela odol-fluxuaren igoerarekin. Gainera, badirudi emakumeek gehiagotan nozitzen dutela buruko mina. Halaber, zahartzaroan, sindromean agertzen den buruko mina murriztu egiten da. Aipatzekoa da, gainera, kafezale sutsuen haur jaioberriek abstinentzia-sindromea jasan dezaketela.

Ezkerrean adenosinaren egitura kimikoa. Adenosinak (agonistak) hartzailea aktibatzen du; kafeinak (antagonistak), aldiz, hartzailea blokeatzen du.

Bestalde, farmako batekiko tolerantzia gertatzen denean, farmakoak eragin ditzakeen efektuak gutxitu egiten dira. Zenbait ikerketak diotenez, animalietan zein gizakietan kafeinaren administrazio kronikoak tolerantzia sortzen du hainbat efektuekiko. Animalietan, kafeinak portaeran eragiten dituen efektu batzuekiko tolerantzia gertatzen da, mugitze-jardueraren estimulazioarekiko kasu. Tolerantzia hori azkar sortzen da, eta gurutzatua da beste metilxantinekin, baina ez anfetamina bezalako estimulatzaileekin. Hau da, kafeinarekiko tolerantzia gertatzen baldin bada, beren konposaketan metilxantina egitura kimikoa duten beste droga batzuekiko ere tolerantzia agertzen da. Animalietan azaltzen den tolerantzia batez ere sistema dopaminergikoan gertatzen diren aldaketa biologikoetan oinarritzen da, eta ez hartzaile adenosinikoen kopuruaren aldaketetan.

Gizakietan ere, egun gutxiren buruan zenbait eragin fisiologikorekiko tolerantzia gertatzen da, hala nola, odol-presioaren eta bihotz-maiztasunaren igoerarekiko, edo adrenalinaren eta noradrenalinaren plasma-mailaren igoerarekiko. Ez dago argi loaren asaldurarekiko tolerantzia gertatzen den. Izan ere, kafe asko edaten dutenek kafeinak eragiten duen loezinarekiko tolerantzia nozitzen dute, baina tolerantzia hori ez da osoa. Beraz, gizakietan, tolerantziari dagokionez, orain arte bildutako datuak ez dira animalietan lortutakoak bezain garbiak, eta badirudi alde handiak daudela pertsona batetik bestera.

Ba al dago kafeinarekiko menpekotasun psikikorik?

Galdera honi erantzuteko, ikuspuntu ugari sortu dira aspalditik, askotan norberaren eskarmentuan oinarrituta eta frogarik gabe. Argitaraturiko ebidentzia zientifikoen arabera, bi ikerketa-mota ditugu: epidemiologikoak, hau da kontsumitzaileen populazio baten deskribapena egiten dutenak, eta esperimentalak, ikerketaren diseinua eta osagaien baldintzak kontrolatuz zergatiak bilatzen dituztenak bai animalietan bai gizakietan.

Ikerketa epidemiologikoak

Strain-en eta haren laguntzaileen ikerlanaren arabera, DSM-IV gidaliburuko menpekotasunaren irizpideak betetzen zituzten 16 lagunez osaturiko lagin batetik 7k kafeina zuten edari freskagarriak hartzen zituzten, 8k kafea eta 1ek tea. Laginaren % 75-94ek esan zuen noizbait jasan zituela kafeinarekiko abstinentzia-sindromea edo tolerantzia, eta % 81-94ek adierazi zuen kafeina hartzen jarraitzen zuela kalteak nabaritu eta kafeina kontsumitzeari utzi nahi izan zion arren. Beraz, esan genezake kafeinak menpekotasun fisikoa eta psikikoa eragiten dituela.

Ikerketa esperimentalak

Kafeinaren eta bestelako drogen berezitasunak ongi ezagutzeko, kontuan hartu behar dira laborategiko animalietan eginiko ikerketak. Laborategian, drogek menpekotasuna sortzen duten ala ez neurtzeko, Skinner-en kutxa izeneko aparatua erabili izan da. Animalia palanka, botoia edo manipulatzeko beste sistema bat duen kaiola txiki batean jartzen dugu. Animaliak eskura duen sistema hori droga, farmakoa edo beste soluzioren bat ematen duen gailuarekin lotzen da. Horrela, animaliak palankari eragiten dion bakoitzean soluzio horren dosi bat jasotzen du automatikoki, normalki bena barnetik, sari gisa.

Farmakoaren lehenengo dosia emanda, haren eragina gogoko badu, animaliak laster ikasten du behin eta berriro gailuari eragiten, eta, hortaz, farmako horri estimulu indartzailea deitzen diogu. Soluzioaren eragina, atsegin ez badu, ordea, palankari eragiteari uzten dio tarte batean; soluzio horri estimulu negatiboa edo neutroa deitzen diogu. Estimulu indartzaile baten eraginkortasuna zenbat eta handiagoa izan, orduan eta gogo biziagoa izaten du animaliak palankari eragiten jarraitzeko, eta, orduan, estimuluak autoadministrazioa eragiten duela esaten dugu. Autoadministrazioa giza menpekotasunaren eredutzat hartu izan da, eta ustezko drogak menpekotasuna sortzen duen aurreikusteko erabiltzen da. Izan ere, ohiko drogak, anfetamina, kokaina eta heroina kasu, oso eraginkorrak dira autoadministrazio-ereduan, espezie, animalia-mota eta egoera guztietan.

Skinner-en kutxa: drogak menpekotasuna sortzeko duen gaitasuna neurtzeko erabiltzen da.

Kafeinaren kasuan, ordea, emaitzak ez dira izan hain garbiak. Zenbait ikerlanetan kafeinak autoadministrazioa eragiten du, eta beste hainbat azterketetan, aitzitik, errefortzu izateko kafeinaren gaitasuna aldatu egiten da espeziearen eta dosiaren arabera. Gainera, ohiko drogekin, animaliak esperimentuan hartzen dituen dosiak handituz joaten dira pixkanaka, baina kafeinaren autoadministrazioak ez dio mailakako ereduari jarraitzen. Izan ere, animaliak tarteka hartzen du kafeina, dosi altuetan noizean behin eta dosi txikietan beste zenbaitetan.

Dosiari dagokionez, gizakietan ere frogatu da kafeina-kantitateak garrantzi handia duela. Hain zuzen, katilukada bat kaferen kafeina-kantitatea (25-50 mg) estimulu indartzailea izateko nahikoa bada ere, kafeinaren dosia handitzen den neurrian (400-600 mg), estimulu negatibo edo baztergarri bihurtzen da. Azkenik, gizakietan kafeinaren autoadministrazioa norberak une horretan egin behar duenaren menpe dago. Adibidez, farmako-mota batzuk eskuragarri izanik, kontsumitzaileak kafeina duten pilulak aukeratzen ditu arreta behar duen eginkizuna betetzeko, ez bestela. Beraz, kafeina beste drogak bezala estimulu indartzailea den arren, badirudi ez dela anfetamina, kokaina edo heroina bezain eraginkorra.

Zein da menpekotasunaren oinarri biologikoa?

Ivan Pavlov errusiarra izan zen kafeinak portaeran duen eragina aztertu zuen lehenengo ikertzailea. Kafeinak estimulu guztiek, bai sari-emaileek bai negatiboek, sortutako erantzunak indartzen zituela nabaritu zuen. Esperimentu horiek eta geroago argitaraturiko beste lan batzuek baieztatu zuten kafeinak droga estimulatzaileek bezala jokatzen duela nerbio-sistema zentralean.

Gauez lanean jarraitu ahal izateko kafea hartzeko ohitura du jende askok.

Horrela, laborategiko animaliak gai dira emandako kafeina gatz-soluziotik bereizten ikasteko, baina kafeinaren eraginak eta estimulatzaileenak (kokainarenak edo anfetaminarenak) askotan nahasten dituzte. Gizakiek ere kafeinaren efektuak kokainaren efektuekin nahas ditzakete, dosi altuetan eta bena barnetik hartuz gero. Hala ere, ezin dugu ondorioztatu kafeinak eta beste droga batzuek (kokainak edo heroinak, adibidez) sortzen duten menpekotasuna parekoa denik.

Bi hipotesi ezagutzen dira kafezaleak kafea hartzeari zergatik utzi ezin dion azaltzeko. Lehenengo teoriaren arabera, errefortzu negatiboa gertatzen da, hau da, kontsumitzaile kronikoak kafeina duten edariak hartu behar ditu kaferik hartzen ez duenean abstinentzia-sindromea ez jasateko. Ikerketa batek frogatu du buruko minak dituztenek nekez uzten dutela kafea (buruko mina da abstinentziaren sintomarik arruntena).

Errefortzu positiboa izeneko bigarren teoriaren arabera, kafezale kronikoa kafeinak sortzen dituen eragin atseginak bilatzen saiatzen da. Izan ere, kafeinaren efektuak positiboak eta erakargarriak izaten dira gizakietan; besteak beste, plazera, ernetasuna, adorea, lanerako grina eta autoestimazio handia. Ikertzaile batzuek jakinarazi dute eragin positiboak biziagoak direla dosi txikiak hartuz gero, batez ere kontsumitzaile kronikoak ez badira.

Zer gertatzen da, bada, gure nerbio-sisteman?

Droga hartzeak berehalako aldaketa zelularrak eta molekularrak eragiten ditu. Aldaketa horiek kronikoki gertatuz gero, organismoak, bere orekari eusteko, beste mekanismo batzuk jartzen ditu martxan. Nahiz eta epe luzerako aldaketek menpekotasuna sor dezaketen, oso gutxi dakigu horretaz, eta are gutxiago kafeinari dagokionean.

Orain arteko ikerketek drogen ekintzak eta eragin akutuak soilik aztertu dituzte, drogak ez diren farmakoen mekanismoetatik bereizteko. Horrela, oso onartuta dago ikerketa konduktualei eta neurofisiologikoei esker, drogek sustrai neurobiologiko jakin bat aktibatzen dutela akutuki, sistema mesolinbikoa, hain zuzen ere. Horrek ez du esan nahi bestelako sistemek ere parte hartzen ez dutenik.

Sistema mesolinbikoa: drogek aktibatzen duten sustrai neurobiologikoa. Nerbio-sistema zentralean dago gune tegmental bentraletik accumbens nukleora eta kortexera jotzen duten bideez osatua.

Sistema mesolinbikoa sari-sare izenez ere ezagutzen da, bizirik mantentzeko ekintzak (jatekoa eta sexua, adibidez) indartzen baititu, sari gisa. Nerbio-sistema zentraleko gune tegmental bentralean dauden neurona dopaminergikoez osatua dago, eta hortik accumbens nukleora eta kortexera jotzen duten bideak irteten dira. Sari-sareak estimulu indartzaileekiko erantzunetan eta motibaziozko, atseginezko eta emoziozko funtzioetan du zeregina.

Hainbat drogak, besteak beste kokainak, anfetaminak, morfinak, etanolak, kanabinoideoek eta nikotinak, sistema dopaminergikoa kitzikatzen dute.

Kafeinari dagokionez, orain dela gutxi arte ez da guztiz frogatu halako mekanismo dopaminergikorik eragiten duenik. 2002ko abuztuan, Solinas-ek eta haren laguntzaileek frogatu zuten kafeinak neurotransmisio dopaminergikoa bide mesolinbikoetan aktibatzen duela.

Beste ikertzaile batzuk ez datoz bat emaitza horiekin, eta horregatik proposatu dute beste gune zentralei eragiten dieten dosi altuak emanez soilik eragiten diola kafeinak sistema mesolinbikoari. Edozein kasutan, animalietan eta gizakietan esperimentu gehiago egin beharko dira (beste teknika berri batzuk ere erabiliz), kafeinak sorturiko mekanismo korapilatsuak hobeto ulertzeko.


Kafeina gure dietan

Egunero hartzen ditugun elikagai askok dute kafeina (kafea, tea, txokolatea, kolazko edariak...). Hala ere, kafeina-kantitatea ezberdina da batzuetan eta besteetan; kafea da kafeina gehien duena, eta kola gutxien duena. Orokorrean, eguneko batez beste 76 mg kafeina hartzen dugula zenbatetsi da. Nolanahi ere, kantitate hori aldatu egiten da herrialdearen arabera. Umeek hartzen duten kafeinaren % 55 edari freskagarrietatik dator, % 35-40 txokolatezko produktuetatik eta gainerako % 5-10 kafetik edo tetik. Horrez gain, katilukada bat kaferen kafeina-kantitatea oso ezberdina izan daiteke prestatzeko eraren eta kafe-motaren arabera (Arabica edo Robusta) .

Ikerketa epidemiologiko guztien arabera, gero eta kafeina gehiago kontsumitzen da mundu osoan. Lurralde pobreetan, kafeina duten elikagaien kontsumoa amaigabeko lan-saioei ekiteko ezinbesteko errefortzu edo sabel hutsa engainatzeko tresna bihurtu da; lehen munduko herrialdeetan, berriz, estresari aurre egiteko estimulatzaile baten beharrean oinarritu da kontsumoa. Azken horren isla da kafeina ugari duten edari energetikoak agertzea. Edari horien osagaien artean, kafeina bera ez ezik, kafeinaren iturri diren beste substantzia batzuk ere aurki ditzakegu, guarana eta kola, esate baterako.


Kafeinaren egitura kimikoa

Kafeina 1820. urtean isolatu zen. Kimikoki metilxantina familiako alkaloide bat da (1,3,5-trimetilxantina, hain zuzen), Caffea edo Cacahuatl landareen alkaloiderik nagusiena, hain zuzen. Teari buruz, berriz, nolabaiteko nahasmena egon da; haren osagai aktiboa isolatu zenean, teina izena hartu zuen. Hala ere, urte batzuk geroago egindako azterketa molekularrak argitu zuen teina ez zela kafeina besterik. Kafeinaren eraginak ikertu dituzten zientzialarien artean zenbait Nobel saridun ditugu: Hermann Emil Fischer (Kimikako Nobel saria 1902an) eta Hermann Staudinger (Kimikako Nobel saria 1953an).



BIBLIOGRAFIA

  • Fredholm, B.B., Bättig, K., Holmén, J., Nehlig, A. eta Zvartau, E.E.
    Actions of caffeine in the brain with special reference to factors that contribute to its widespread use.
    Pharmacol Rev 51 (1): 83-133. 1999.
  • Illy, E.
    La complejidad del café.
    Investigación y Ciencia 311: 68-74. 2002.
  • Nehlig, A.
    Are we dependent upon coffe and caffeine? A review on human and animal data.
    Neurosci Biobehav Rev 23: 563-576. 1999.
  • Solinas, M., Ferré, S., You, Z.-B., Karch-Kubicha, M., Popoli, P. eta Goldberg, S.R.
    Caffeine induces dopamine and glutamate release in the shell of the nucleusaccumbens.
    J Neurosci 22 (15): 6321-6324. 2002.
  • Strain, e.c., mumford, g.k., silverman, k. eta griffiths, r.r.
    Caffeine dependence syndrome, evidence from case histories and experimental evaluations.
  • JAMA 272 (13): 1043-1048. 1995.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia