}

Kafe-landare deskafeinatua

1998/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Uda honetan, Hawaiiko negutegi batean, kafeinarik gabeko aleak ematen dituen lehenengo kafe-landarea landatuko da. Dena ongi badoa, ale hauei ez zaie kimikoki kafeinarik kendu beharko, orain artean egin den moduan.

Manoako Unibertsitateko John Stiles ikertzaileak landare hau laborategian garatu ahal izan du, baina orain negutegian egin beharko du froga eta berak aitortu duenez, kafe berria dastatzeko irrikitan dago.

Kafeinaren ekoizpena gobernatzen duen genea identifikatu ostean, bere lana ezabatu eta anulatzera jo dute ikerketetan. Horretarako bakterio batez baliatu dira; Agrobacterium tumefaciens izeneko bakterioari esker, enbrioieko ehunetan jada genearen funtzioa anulatu egiten da eta, ondorioz, gero landare guztian gauza bera gertatzen da.

Gisa honetara, landare horrek ohiko kafeinaren % 3 soilik ekoizten du, hau da, % 3 da deskafeinatua. Badira kafeinarik gabeko kafe-mota basatiak, baina oraingoan espezie komertzial bati bakarrik, Coffea arabica-ri hain zuzen, ezabatu zaio kafeina. Baina ezin da ahaztu kontsumitzen den kafearen % 60 mota honetakoa dela.

Ikertzaileak esan duenez, ohizko kafeari kafeina kimikoki ezabatzean, kafeak kafeinaz gain beste ezaugarri batzuk ere galtzen ditu eta, hori horrela izanik, nahiago ditu genetikoki eraldatu ondoren lorturiko landare berriaren ale deskafeinatuak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia