}

Kafe kafeinagabea, mesedez, eta naturala izan dadila

2004/08/15 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Edaten den kafearen % 10 kafeinagabea da, eta eskaria handituz doa. Kafeina erauzteko teknikak badira, baina kafearen zaporean eta usainean eragina dute. Horregatik, egokiena kafe-landareak berak kafeinagabeko fruituak ematea izango litzateke.
Kafeinak, neurrian hartuz gero, lanerako gogoa areagotzen du.

Jende asko dago kafea hartu ‘behar’ duena egunerokoari aurre egiteko: goizean esnatzeko, bazkalondoan lo ez hartzeko, eta arratsaldean eta iluntzean ere bai, oso goxoa dago eta, zer demontre!

Kafeak erne egoten laguntzen du, aktiboago egoten, eta sentsazio gozoa sentiarazten du. Ikerketa batzuen arabera, ordea, kafearen kafeinak mendekotasuna sortzen du. Kafea egunero edatera ohituta dagoenak eguneroko ‘dosia’ hartzen ez badu, ‘faltan’ ematen du; besteak beste, logura eta buruko mina izan ditzake.

Baina neurrian hartzen ez bada, gorputz txarra eragin dezake: urdaila nahasten du eta oso urduri jartzen da bat. Gainera, zenbait pertsona kafeinarekiko sentikorragoak izaten dira, ez dute ondo toleratzen, eta, horregatik, kafeinadun edariak edatea saihestu behar izaten dute: kafea, tea, kola-edariak...

Kafeina kendu, zaporea kendu

Kafeinarik hartu nahi ez duenarentzat, edo komeni ez zaionarentzat, kafeinarik gabeko kafea ere badago. Baina kafezale amorratuarentzat bekatua da kafeinagabea hartzea, kafe onaren usain gozoa falta du eta.

Gauez ikasi edo lan egiten dutenek eskertzen dute kafeinaren eragina, baina bada kalte egiten dionik ere.

Izan ere, kafetik kafeina erauzteko prozesuetan, beste konposatu batzuk ere kentzen dira; hain zuzen ere, kafearen berezko usain atsegin horretan eragina duten konposatuak izaten dira. Eta, horregatik, arrazoia dute kafeinagabeak kafe-zapore gutxi daukala diotenek.

Kafeina erauzteko, normalean, karbono dioxidoa edo disolbatzaile organikoak erabiltzen dira, eta, kafe-zaporea gutxitzeaz gain, osasunerako kaltegarriak ere izan daitezke. Bada beste aukera bat, zaporeari eusten diona neurri handi batean; karbonozko iragazki bat erabiltzean datza, baina gainerako teknikak baino askoz ere garestiagoa da, eta horregatik erabiltzen da gutxiago.

Eskatzen hasita, aukeran onena landareak berak kafeinarik gabeko kafe-aleak ematea izango litzateke; osasunari ez lioke kalterik egingo, zaporea eta usaina bere horretan mantenduko lirateke, eta kafeina kentzeko edozein teknika baino merkeagoa izango litzateke.

Egia esan, aspalditik ezagutzen dira oso kafeina gutxiko kafea ematen duten landareak. Esate baterako, Madagaskarren hazten dira halako kafe-landareak, baina kalitate eskasekoak dira; izan ere, oso hazi gutxi ematen dute, eta ez dira errentagarriak ekoizpen handietarako.

Kafeinagabe naturala

Azkenaldi honetan, ordea, ikertzaileak nahiko itxaropentsu daude. Batetik, produkziorako bideragarria izan daitekeen kafeinagabe-landare bat aurkitu dute Brasilgo ikertzaile batzuek, eta, bestetik, kafeinaren genea eraldatuta, kafeinagabe-landare transgenikoekin ari dira lanean.

Hego Amerikako kafea famatua den arren, jatorriz, kafe-landareak Afrika eta India aldekoak dira.

Brasilgo ikertzaileek aurkitu dutena Coffea arabica landarearen barietate bat da. Kafe-landare espezie hori da, hain zuzen ere, kafezaleen artean maiteena dituen zapore eta usain sarkorrengatik. Horregatik espero dute oso kalitate oneko kafea emango duela, nahiz eta ohiko bertsioaren aldean kafeina gutxi izan.

Dena dela, goiz da oraindik landare horren kafe-aleekin egindako edaria probatzeko; izan ere, landarea Etiopiatik Brasilera eraman dute, eta han ari dira hazten. Beraz, landarea gaztea da oraindik, eta urte batzuk itxaron beharko omen dira heldu eta haziak –kafe-aleak- ematen hazten den arte.

Dena den, ikertzaile horien lana babesten duten kafe-ekoizleak beldur dira ez ote duen luzeegi joko itxaronaldiak, eta beste batzuek ez ote dieten aurre hartuko. Lehia gogorra da ekoizleen artean, kafeinagabeko merkea eta gozoa ateratzen duen lehenengoak merkatua jango du.

Eta, lehia horretan, japoniarrak gogor ari dira: kafe-landareen geneak eraldatzen dihardute kafeinarik sor ez dezaten. Hala, dagoeneko ari dira kafeinagabeko aleak emango dituen landare bat hazten, eta ikertzaile Brasildarrak baino urte batzuk aurreratuago daude. Landare hori, ordea, Coffea canephora espeziekoa da, robusta bezala ezagutzen dena. Eta ez da C. arabica bezain fina eta preziatua; horregatik, nahasteak egiteko erabiltzen da.

Dena dela, robusta kafea gogorragoa da izurriteen aurrean, eta emankorragoa ere bada, eta munduan gehien ekoizten den bigarren kafe-espeziea da, C. Arabica-ren atzetik, noski. Bada, ikertzaile japoniarren robusta landare transgenikoak hiru bat urte barru emango du fruitua, eta orduan ikusiko dira emaitzak, ale horiekin egindako kafea dastatutakoan.

Kafezaleek asko preziatzen dituzte kafe on baten usaina eta zaporea.

Kafeinagabe transgenikoak aurre hartuko dio kafeinagabe naturalari merkaturatzeko garaian. Baina Europan, esate baterako, ez dute arrakasta handirik espero, jakina baita europar gehienak oraindik mesfidati daudela transgenikoen auziari dagokionez. Dena dela, merkatura iristen denean eztabaidatu egin beharko da bietatik zein kafeinagabe den hobea: ohiko tekniken bidez kafeina kendu zaiona ala geneak eraldatuz hazitakoa.

Ikertzaileak itxaropentsu dauden arren, beste kezka bat ere badute. Izan ere, kafe-enpresek diru asko xahutu dute kafeina kentzeko teknikak ikertzen eta teknologia garatzen, eta posible da berez kafeinarik gabeko aleak ematen dituzten landareen landaketa atzeratu nahi izatea, orain arte egindako inbertsioei etekin handiagoa atera arte.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia