Aurkikuntza Hartz Nagusia konstelazioan kokatu dute, eta 47 Ursae Majoris izarraren inguruan biraka dabilen bigarren planeta da. Jupiterren tamainaren 3/4 inguru du eta planetan berritik bere izarrera dagoen distantzia gure planeta-sisteman Marteren eta Jupiterren artekoaren parekoa da. 47 Ursae Majoris izarraren inguruan biraka dabilen bigarren planeta denez planeta-sistema osatzen dutela esan daiteke; eta gainera, orbita, izarraren izaera eta planeten tamaina kontuan hartuta, gure planeta-sistemarekin antza gehien duena dela dio aurkikuntza egin duen Berkeley-ko Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaile-taldeak.

Jupiterren antzeko tamaina duten bi planetek orbita zirkularra dute eta biak gaseosoak dira. Orbitaren ardatza den 47 Ursae Majoris izarra ere gure Eguzkiaren antzekoa da, gugandik 51 argi-urtera dago eta 7 mila milioi urte inguru dituela uste dute.
Astronomoek 100 planeta inguru aurkitu dituzte 1987az geroztik. Kaliforniako Unibertsitateko Lick Behatokiko 3 eta 0,6 metroko teleskopioak erabiltzen dituzte eta Doppler efektuak eragindako argiaz baliatzen dira. Planeta berriaren aurkikuntzaren berri emango duen artikulua Astrophysical Journal-en argitaratuko dute.
Aurkikuntzak planeta-sistemen inguruko eta bestelako informazioa areagotzeko balioko du, noski, baina uraren eta biziaren inguruko espekulazioak abian jartzeko ere balio izan du, nola ez!
Imaz Amiano, Eneko
Elhuyar Zientziaren Komunikazioa








