Jupiterren ezkutu-izaera zalantzan

Duela hamarkada batetik hona, onartu izan da Jupiterrek Lurra babesten duela asteroideetatik, nolabait ezkutu gisa jokatzen duela inguratzen zaizkion asteroideak eguzki-sistematik urrunduz, eta, beraz, barrualderago iristea eragotziz. Baina ordenagailuan simulazioak eginda, ikusi dute Jupiterrek ez duela Lurra babesten: are gehiago, kontrako eragina duela ikusi dute.

Simulazioa Erresuma Batuko Unibertsitate Irekian egin dute. Hainbat egoera simulatu dituzte: eguzki-sistema Jupiterrekin, Jupiter gabe, eta Jupiterren ordez hainbat masatako gasezko erraldoiak banan-banan jarrita, masa desberdineko baina Jupiterren antzeko planetekin, alegia. Sistema horretan, Kuiper-en gerrikoko ehun mila gorputz ere jarri dituzte. Eta denborarekin eredu bakoitzean zer gertatzen zen ikusi dute (birtualki, hamar milioi urte igaroarazi dituzte eredu bakoitzean). Bada, simulazio horien arabera, Kuiper-en gerrikoko objektu batek Lurra jotzeko arriskua % 30 handiagoa da Jupiter egonda, gabe baino.

Simulazioak datu argigarriak eman ditu, Jupiterren ezkutu-izaera zalantzan jartzeko adinakoak. Hala ere, kontuan izan behar da, eta adituek hala nabarmendu dute, eredu horiek ez dituztela eguzki-sistemako objektu guztiak aintzat hartzen, eta, beraz, emaitza ez dela hitzez hitz hartu behar.

Argazkia: NASA-JPL.

Rementeria Argote, Nagore

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Kimika Zientziak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean eta zientziaren eta teknologiaren dibulgazioan ari da 2003ko otsailetik Elhuyar Fundazioan.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian erredaktore lanak egiteaz gain, irratian ere aritu izan da: aurkezle gisa egin zituen hainbat urte Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrillean Guillermo Roarekin batera.  Gaur egun Teknopolis telebista-saioko erredaktorea da,  ETBrentzat Elhuyar Fundazioak ekoizten duen saioan.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Softwarea