}

Joule, James Prescott

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1818-1889)

James Prescott Joule garagardo-saltzaile aberats baten semea zen. Ingalaterrako Salford (Lancashire) herrian ikusi zuen argia lehen aldiz 1818ko abenduaren 24an.

Gaztetan gaixotia zen eta bere liburuen artean denbora asko igarotzen zuen. Manchester-ko Unibertsitatean egin zituen ikasketak, John Dalton kimikari famatua maisu izan zuelarik.

Joule gazte-gaztetatik hasi zen neurketaz arduratzen eta hogei urte bete zituenerako motore elektrikoen tenperaturari buruzko lanak argitaratuak zeuzkan.

Bere ezkon-bidaian ere, termometro berezi bat asmatu zuen ikustera zihoazen urjauziaren goiko eta beheko uraren tenperaturok neurtzearren. 1840. urte inguruan, zirkuitu batean korronte elektrikoa igarotzen denean sortzen den beroa zein legek gobernatzen duen aurkitu zuen. Sortzen den beroa erresistentzia bider intentsitatearen karratua da.

Prozesu desberdin askotan sortutako beroa neurtzen saiatu zen, beti ere bero hori sortzen egindako lana ere neurtuz. Saiakuntza horien bidez, mende-erdi bat lehenago Rumford-ek zioena baieztatu zuen; beroa eta lana elkarrekiko erlazionaturik zeudela, alegia. Izan ere 41.800.000 erg lanek kaloria bat bero sortzen zuten. "Beroaren balio-kide mekaniko" deitzen zaio horri.

Joulek bere lan eta ondorioen berri zehatzak 1847an argitaratu zituen, baina garai hartako zientzilariek ez zuten berotasun handirik agertu, agian Joule akademikoa ez zelako (ez baitzen irakasle).

Bere aurkikuntzen txostena alde batera utzi zuten aldizkari espezializatuek eta horregatik Manchesterren hitzaldi batean agertu behar izan zuen. Orduan, nola edo hala bertako aldizkari batek hitzaldia argitaratu zion.

Hilabete batzuk geroago ordea, zientzilari-talde baten aurrean bere aurkikuntzen berri eman zuen eta entzuleetako bat (gero Lord Kelvin izango zen William Thomson) lan horien balioaz ohartu zelako, Joule zientzilarien artean famatu bihurtu zen.

Joule ez zen beroaren baliokide mekanikoa mugatzen aritutako bakarra. Lehenago Rumford eta Mayer ere saiatuak ziren horretan, baina Joulek aurkitu zuen baliorik zehatzena. Horregatik lanaren unitateari joule deitzen zaio bere ohorez (10.000.000 erg = 1 joule).

Higiduran, teorikoki energia potentziala zinetiko bihurtzen da eta alderantziz, baina praktikan airearen erresistentziagatik eta marruskaduragatik energi apur bat bero bihurtzen da. Beroa ordea, beste energi forma bat da eta aire-erresistentzia nahiz marruskaduragatik galdutako energia mekanikoa bero bihurtzen da. Energia osoa beraz, kontserbatu egiten da. Hari da energiaren kontserbazio-legea edo Termodinamikaren lehen legea. Joulek ezagutu zuen lege hau, baina Helmholtz izan zen formulazio orokorra eman ziona.

1850. urteaz gero Joulek Thomsonekin batera lan egin zuen. Gasa hedatzen denean bere tenperatura jaitsi egiten dela frogatu zuen 1862. urtean. Joule-Thomson deitu zitzaion fenomeno horri eta XIX. mendearen bukaeran berebiziko garrantzia izan zuen tenperatura baxuak lortzeko.

Joulek magnetostrikzioaren fenomenoa ere deskribatu zuen. Fenomeno horren bidez, burdinazko barra baten luzera zertxobait aldatu egiten da magnetizatzen denean.

James P. Joule "Royal Society"ko partaide zen 1850. urteaz gero. Zientzien garapenerako Elkarte Britainiarreko lehendakari ere izan zen.

Joule Sale herrian hil zen, Manchesterretik gertu, 1889ko urriaren 11n.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia