}

Joseph HENRY

1996/12/01 Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Fisikari estatubatuar hau Albany-n jaio zen 1797an. Langile-familia batean sortu zen eta lehen-mailako ikasketak baino ez zituen egin. Gaztetatik lan egin behar izan zuen bizibidea ateratzeko eta bere jolas-orduak ikasten ematen zituela esan ohi da. Bere jakinminak aseezina zirudien eta naturako fenomenoaz arduratu zen lehenengoz. Ikasle bikaina suertatu zen eta Albany Academy erakundean onartua izatea lortu zuen, eskolak ordaintzeko klase partikularrak ematen zituelarik. 1826an Albany Academy-an matematika eta zientziak irakasten hasi zen.

Elektrizitate arloan egin zituen bere lanik aipagarrienak. Udako oporrak aprobetxatzen zituen esperimentuak egiteko. Zientzia gizarte osoaren ondasuna zela uste zuenez, ez zuen inoiz asmakuntzarik patentatu eta horrek mesede handia egin zien Henryren lanetan oinarrituz aberastu ziren zientzilariei.

Henryk ospe handia lortu zuen elektroimanei buruz egindako saioengatik. Burdinazko nukleoa duen bobina-sistema ezagutzen zuen, baina eremu magnetikoa handiagotzeko sistema horren gaitasuna handiagotu beharra zegoen. Hari mehe asko pilatu zituen bobina batean, baina zirkuitulaburrak gertatzen ziren. Isolatzaile elektrikoa aurkitu zuen arte, ezinezkoa gertatu zitzaion eremu magnetiko handiak sortzea.

Berehala zabaldu zen Henryk egindakoaren berria eta horri esker Princenton-go Unibertsitatean irakasle-postua lortu zuen. Elektroiman txikiak sortzen ahalegindu zen ondoren eta Morserekin batera, elektroiman bat oinarri zuen lehen telegrafoa sortu zuen. Zehatzago esanda, Henryk lehen aldiz diseinatu zuen telegraforako sarea, baina Morsek egin zituen lehen esperimentu praktikoak. Hori dela eta, telegrafoaren aita Morse dela esan ohi da.

Ez zen telegrafoarena izan Henryri ihes egin zion asmakizun bakarra. 1830eko abuztuan bere oporrak aprobetxatuz, indukzioaren printzipioa aurkitu zuen. Hurrengo urtean ikerlan horiek osatzeko asmoz, lana amaitu gabe itzuli zen lanera. Ikasturtean zehar Faradayk indukzioari buruz egindako lanen berri irakurri ahal izan zuen. Henryk egin zituen lehen ikerketak, baina Faradayk eman zituen argitara.

Henryk uste zuenez, zirkuitu elektriko batek korronte bat eroaten duenean, eremu magnetiko bat sortzen du. Horren ondorioz, zirkuitua bera ere eremu horretan murgildurik dago. Korrontearen intentsitatearen aldaketak zirkuituan bertan eragiten duen indukzio elektromagnetikoari autoindukzio izena jarri zion. Faraday ere ondorio horretara iritsi zen, baina oraingoan Henry izan zen argitaratzen lehena.

1846an Smithsonian Erakundeko idazkari izendatu zuten. Bertan lan eskerga egin zuen zientzilarien arteko komunikazio-bideak atontzen. EEBBetako Meteorologia Institutua sortzen lagundu zuen, telegrafoaren lehen erabilpen zientifikoa bertan gertatu zelarik.

Jendearen, EEBBetako gobernuaren eta zientzilarien onespena lortuta, 1878an hil zen Washingtonen. 1893an Elektrizitateari buruzko Nazioarteko Kongresuak autoindukzioaren unitateari henry izena ematea onartu zuen fisikari estatubatuarraren omenez.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia