Jet-lag delakoa ulertu nahian
1999/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bidaien ondorioz edota lan-erreleboen aldaketaren ondorioz kontzentrazio eza, loaldi etena, lan fisiko edota mentaletarako zailtasuna, jangartxu egotea, etab. izaten du hainbatek. Hori da Jet-lag-a eta eragozteko ezinbestekoa da zerk eragiten duen jakitea eta zergatiak ulertzea. Horren inguruko ikerketak egin dituen Jim Waterhouse doktoreak zenbait argibide eman du.
Erloju biologikoa hipotalamoan dauden bi gunek erregulatzen dute. Bidaia luzeek edota lan-erreleboen aldaketek bi guneok eguzki-argiarekiko sinkronizazioa galtzea eragiten dute eta denbora behar da berriz ere oreka lortzeko.
Zenbait ikerlarik melatonina erabili du ordularia aurreratu edo atzeratzeko, baina melatonina ez da guztientzat erabilgarria. Horregatik ulertu nahi dute argiak gorputzeko erlojuari nola eragiten dion. Goizeko laurak inguruan jausten da gorputz barruko tenperatura eta hurrengo sei orduetan gorputzak argi-pultsuren bat jasotzen badu erlojuak aurrera egingo duela behatu dute. Pultsua 04:00k baino lehenagoko sei orduetan jasotzen badu, ordularia atzeratu egiten da. Argia beste edozein unetan ageri bada ez du eraginik.
Horren arabera mendebaldera edo ekialdera bidaiatu aurretik zein ordutatik zein ordutara argitan edo ilunpean egotea komeni den kalkula daiteke. Edonola ere, itzuli ondoren bost bat egun beharko ditugu oreka berreskuratzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia