JAVA kafe hutsa ala informatikaren etorkizuna?
1996/05/01 Elizondo, Luis Iturria: Elhuyar aldizkaria
WWW delakoa ( World Wide Web edo mundu-mailako armiarma-sarea) erabateko iraultza izan zen Interneten. Informatikaz ezer gutxi jakitea eskatzeaz gain, hipertestu-loturen bidez ordenadore batetik munduko beste puntan dagoen beste batetara salto egitea ere ahalbidetu zuen eta gero, informazioa jasotzeko sistema horri multimediaren ahalmen guztiak gehitu zizkion. Hau da, soinua, irudiak, bideoa eta hainbat baliabide batera erabiltzeko aukera ezin hobea! Web izenez ere ezaguna den fenomeno paregabea dugu, zalantzarik gabe, Internetek lortutako egundoko arrakastaren erantzule zuzena.
Dena dela, hori guztia historia da. Mundu erdia oraindik Internetera konektatzea edo ez erabakitzen ari den bitartean, sarean bertan goitik beherako aldaketa sakonak ematen ari dira. Arrapalada bizian garatzen ari den ingurune aldakor honetara kontutan hartu beharreko elementu berria iritsi da: Java. Lehen ondorio gisa, web-orrialde estatikoen garaia amaitu dela esan genezake.
Jakin dezagun nondik etorri den Java . Sun Microsystems konpainiako software-egile batek programazio-lengoaia berria sortu zuen eta Oak izena jarri zion; oharkabean pasa zen hasieran eta ez zitzaion kasu gehiegirik egin. Mikrouhinezko labeak kontrolatzeko erabiltzen diren konputagailu-txipetako softwarea idazteko sortu zen, baina ondorengo bost urtetan lengoaia garatzen eta eginkizun berrietarako moldatzen joan zen: bideo jokuetarako makinak, PCetako CD-ROMak martxan jartzeko, etab.
Baina Sun enpresari ez zitzaion batere erraza izan Oak lengoaia berria merkatuan sartzea. Erabateko bultzada ematea ezinezkoa izango zelakoan, dohan banatzen hasi zen Interneten bidez. Lengoaiari izena aldatu zioten eta Javaz bataiatu zuen ( kafea . ingelesezko argotean), eta Interneteko uretan edonork eskuratzeko moduan geratu zen. Zortzi hilabete geroago, ziberespazioko izar berria zen.
Baina, zer da Java ?
Lehenago aipatu bezala, Java software-teknologia da. Zehatzago esanda programazio lengoaia bat da, Interneterako oso aproposa. Sun-ek garatutako tresna honek oso ezaugarri bereziak ditu. Java ren bidez esate baterako, Interneten zehar dauden aplikazioak eskatu eta norberak bere ordenadorean bertan exekuta ditzake, norberak bere ordenadorean bertan exekuta ditzake, eta aplikazioa egin duenak ordenadorearen ezaugarriak zeintzuk diren ez du jakin behar aldez aurretik. Interneten konektatuta dauden milioika ordenadore desberdinek berdin-berdin funtzionatzea ahalbidetzen du. Eta horrez gain, Java k birusen transmisioa erabat galarazten du.
Abantailak
Java lengoaiak ez du loturarik plataformarekin eta beraz, software-egileek aplikazioen bertsio bakar bat egin eta aztertu behar dute; ez dute bertsio desberdinak egin behar Macintosh, Unix, Windows95 edo bestelako sistema eragileetarako. Hasiera-hasieratik bazterrak nahastu dituen problema betirako amai daiteke. Akabo inkonpatibilitate arazoak! Jakina denez, inkonpatibilitatea dela medio, Windows-erako egindako programak ezin dira Macintosh ordenadoreetan exekutatu, esate baterako; etorkizunean hortaz, ordenadoreak edo sistema eragileak erosi behar dituenak ez du aplikazio zehatz bat erabiltzerik izango duen ala ez buruan eduki beharko: Java nonahi ibil daiteke.
Eta hori guztia nola da posible?
Hona hemen lengoaia berriaren ekarpena: Java ez dago ohizko moduan idatzita eta konpilatuta (hau da, plataforma jakin baterako) eta programak plataforma independenteak dira. Applet izeneko kodea da sarean mugitzen dena. Java ren ezaugarririk berezienetarikoa hauxe da: ez du kodetik kanpora zuzendutako pointer edo erakuslerik onartzen. Eta pointer horiek dira, hain zuzen ere, programei atxekitzeko birusek erabiltzen dituzten heldulekuak.
Ondorioz, Java - applet batek ezin du birusik garraiatu. Sarea zeharkatzen duen kode hori ulertzeko, erabiltzailearen ordenadorean bi lan egiten dituen interpretatzaileak egon behar du (HotJava edo Netscape Navigator 2.0 browser edo nabigadorea, adibidez).
Batetik, appleta ren sintaxia aztertuko du benetako Java-programa denentz ziurtatzeko. Eta bestetik, appelt a exekutatuko du, erabiltzailearen informazioa ordezkaturik. Interpretatzaileak erabiltzailearen makinan kokatuta egon behar du browser baten zati gisa edo sistema eragile handiago baten parte izanik.
Sarea da konputagailua
Esaldi labur baina nolabait ilun honen atzean filosofia osoa dago. Java , web-orrialdeak berpizteko tresna baino zertxobait gehiago da. Sareko zenbait server edo zerbitzaritan agertzen hasi diren marrazki bizidunak aldaketa sakonago baten seinale dira; Java k ordenadore-kontzeptua alda baitezake.
Java z, edozein informatika-ekintza aurrera eramateko behar diren datuek eta programek ez dute norberaren ordenadorean egon behar; Interneten zehar edonon egon daitezke. Beraz, erabiltzaileak behar dituenean soilik eskatuko ditu, eta bere ordenadorean exekutatuko dira. Sun-en esaldi hori beraz, egi bihur daiteke: sarea da ordenadorea. Ideia sinplea da: gero eta handiagoak diren programek gero eta disko gogor handiagoak behar dituztenez, zergatik ez erabili Internet sarea disko gogor erraldoi gisa? WWWan bizitza osoan edonork erabil dezakeen informazioa baino askoz gehiago dago. Beraz, behar ditugun baliabide bakarrak prozesadore azkar bat, Interneterako konexio on bat eta software programatxo pare bat lirateke.
Hutsean geratuko al da kafea?
Java ren bitartez eginiko programak edozein ordenadoretan erabil daitezkeenez, software-konpainiak zereginik gabe gera litezke. Microsoft-ek, PCtarako munduko software-produzitzailerik handienak, asko galduko luke berea ez den Java bezalako programazio-lengoaiak arrakasta izango balu. Horrexegatik ari dira Java ren arerioak agertzen: Microsoft VisualBasic, IBM VisualAge edo Netscape JavaScript. Oraingo honetan ere, konpetentzia latza ikusiko dugu arlo honetan. Egia esan, Internet bezalako unibertso harrigarrian Java rekin zer gertatuko den esatea zaila da; nahiz eta azkenean beste lengoaiaren bat garaile suertatu, Java k ekarri digun filosofia informatikaren historian mugarria izango da. Ez dugu berehala ahaztuko Java k egin duen ekarpena eta erreferentzi puntua izaten segituko du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia