Jaurtigailuak eta propultsio erak dira ikerketa espazialaren gakoak, Leopold Eihartsen ustez.
2000/01/09 Elhuyar Zientzia
Miarritzeko astronauta MIRen egona da, eta NASAko zentro batean dago orain
«Jaurtigailuentzat teknologia berria garatuz gero sateliteen espazioratze kostuak murriztu egingo lirateke, eta horrek espazioaren ustiaketa komertziala bultzatuko luke. Espaziontzien propultsiorako sistema iraultzaileen garapena eta, ondorioz, espazio bidaien iraupenaren murrizketa, berriz, planeten esplorazioaren gakoa izango dira», esan du Eihartsek Elhuyar aldizkariak azken zenbakian argitaratutako elkarrizketan.
Orain hilabete edo urteak behar dira «hurbil» dauden planetetara iristeko, baina etorkizunean aste edo egunak nahikoak izango direla uste du astronauta miarriztarrak. Baina horretarako «nazioarteko elkarlana ezinbestekoa izango da etorkizunean», Eihartsen irudiko, «ikerketa espazialen kostu handia eta errentagarritasun komertzial txikia kontuan izanik».
Estatu Batuak, Errusia, Kanada, Europa eta Japonia elkarrekin lanean ari dira orain Nazioarteko Espazio Estazioa (ISS) aurrera ateratzeko. MIR estazioa ordezkatuko du nazioartekoak, errusiarrek suntsitu egingo baitute espazioan hamahiru urte eman ondoren. Udaberrian deuseztatuko du Errusiak MIR. Progress izeneko ontzi batek lurrera ekarri eta itsasora eroriko da.
Nazioarteko Espazio Estazioaren bizilekuak (Zvezda modulu errusiarra) jaurtia behar zuen dagoeneko, baina atzeratu egin zen. Dena den, «egun jaurtitzeko prest dago, Kazakhstanen», Leopold Eihartsek esan duenez, eta azken atzerapenak estatubatuarren erruz sortu zirela gaineratu du. «Horrelakoak askotan gertatzen dira nazioarteko proiektuetan; partaide batzuen arazoek beste partaideetan eragiten dute, eta azkenean dena atzeratzen da», esan du astronautak.
Europa, bitartekoen azpitik
«Europa oso lehiakorra da espazio jaurtigailuen, satelite komertzialen eta espazioko zientzien alorrean», astronautaren ustez. «Espazio-hegaldiei dagokienez, ordea, ez dago dauzkan ahalbide teknologiko eta ekonomikoen mailan». Europak ez duela hegaldi gidatuak egiteko biderik adierazi du, eta Estatu Batuekin edo Errusiarekin batera lan egitea beste aukerarik ez duela. Ahulezia nabaria deritzo horri Eihartsek, planeten esplorazioan eta gizakien bidezko espazio ikerkuntzan aurrera egin ahal izateko. Hala ere, oso positibotzat jo zuen Europa nazioarteko estazioko kide izatea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia