Jatorrirako bidea?
1996/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Herbeheretako Itsas Ikerketarako Institutuko ikerlarien arabera, petrolioa plastikoak egiteko erabiltzen denean bere jatorrizko formara itzultzen ari da. Izan ere, petrolioaren zatirik handiena osatzen duten alkanoak itsas algek produzitutako plastiko naturaletan daukate jatorria.
Alkanoak hidrogenoz asetutako karbono-kateak dira. Alkanorik txikienak gasak dira, propanoa eta butanoa esaterako, baina astunenak likidoak dira eta petrolio gordina osatzen duen hidrokarburo-nahastearen % 80 inguru osatzen dute.
Ikerlarien ustetan, petrolioan dauden alkanoak itsas sedimentuetan pilatutako molekula organiko handiak, presioa eta tenperaturaren eraginez, deskonposatzen direnean eratzen dira. Ikerlari batzuek produktu organiko horiek hildako itsas animalien karbohidratoak eta proteinak direla uste dute. Baina bakterioek substantzia horiek oso azkar liseritzen dituzte eta ez dirudi oso posible denik itsas hondoan sedimentatzea.
Ikerlari-talde herbeheratarra alkanoaren jatorriaz ikertzen hasi zen, 1980ko hamarkadaren bukaeran ur gezetako alga askok polieterrak ekoizten dituztela aurkitu zenean. Polieterretan karbono-atomozko katea luzeak oxigeno-atomoen bidez lotuta egoten dira, degradatzeko gaitza den sare-modukoa eratzen dutelarik.
Polieterrak lakuen hondoan meta daitezke eta ikerlariek ea itsas hondoan gauza bera jazo zitekeen pentsatzen hasi ziren. Planktoneko zazpi alga-espezie aztertu zituzten eta horietako lauk polieterrak zituzten beren zelula-mintzetan.
Hainbat milioi urtetan zehar itsas sedimentuetan gerta daitekeena simulatzeko, ikerlariek biopolimeroa 10 segundoz 600° C-tan berotu zuten eta petrolioan aurkitzen direnen antzeko alkanoak lortu zituzten. Itsas sedimentuak modu berean tratatuta ere, antzeko alkano-nahastea lortu zuten.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia