Elkarrizketa

Edorta Unamuno Mirandona

«"Jaten dugunaren araberako ikusmena dugu animaliok"»

Hiru dimentsiotan ikusten duten hegaztiei buruz hitz egin digu Edorta Unamuno ornitologoak. Distantziak zehaztasun handiz kalkulatzeko gaitasuna ematen die horrek. Baina beste animalia batzuek aukera hori baztertu dute, beste estrategia baten alde. Zergatik? Begi mugikorrez, ultramorean ikusteak ematen duen gaitasunez eta distantziez hitz egin digu.

Urdaibai Bird Centerreko ornitologoa zara, Edorta. Zein da Urdaibaiko izarra, arrano arrantzalea?

Sarritan galdetzen didate: zein da zure hegaztirik maitekorrena? Hori seme-alaben artean aukeratu beharra bezala litzateke. Ez dakit, denak dira interesgarriak, denak dira maitagarriak.

Baina bai, hemen arrano arrantzalearekin lan asko egin dugu. Guretzat ohore bat da arrano arrantzalea gure inguruan izatea. Gogoratuko dute askok: duela bizpahiru urte kumaldi bat izan genuen Urdaibaien, eta webcam bat jarri genuen. Justu konfinatuta ginen koronabirusa zela-eta. Etxean denbora larregi, eta erabaki genuen naturari begirako horrelako leihotxo bat ematea jendeari. Inguruko guztiok jarraitzen genuen arrano arrantzaleen egunerokotasuna webcamaren bidez, Anaia Handia edo Gran Hermano baten modura, familiaren nondik norakoak erakusten. Baina, azkenean, kumeak hil egin ziren ekaitz batean.

Jendeak kalean asko hitz egiten zuen hartaz, sekulakoa izan zen. Birala egin zen, milioika gora bisitari jaso genituen. Urdaibain eta Kantauri Isurialde osoan ugaltzen eta hazten zen lehenengoa zen.

Hiru arrautza jarri zituzten. Hiruetako bat, gainera, albinoa izan zen. Lehenengoz ikusten genuen hegazti albino bat, arrano albino bat. Pena hil zela. Natura horrelakoa da, krudela sarritan. Besteek aurrera egin zuten, baina, esan bezala, ekaitz baten ondorioz eta hipotermiaz hil ziren gero.

Nondik etorri ziren arrano arrantzale haiek?

Eskoziatik ekarri genituen arrano hariek, baina gehienak bueltan joan ziren. Santander inguruan ezarri ziren batzuk, eta badira urte batzuk han txitak izaten ari direla. Dagoeneko zortzi inguru jaio dira, eta guk hemen jarraitzen dugu, arranorik gabe.

«Ea Janok datorren urtean arrano eme polit bat topatzen duen»

Baina aurten Santanderren jaiotako arrano bat, Jano izenekoa, hona etorri da. Hilabeteak pasatu ditu hemen, eta pentsatu genuen hau hautagai egokia zela berton ezartzeko. Ea datorren urtean arrano eme polit bat topatzen duen eta saltsa hasten den. Jarraituko dugu.

Hegaztien begiei buruz hitz egin nahi nuen zurekin. Arranoa bezalako hegazti harrapariek beharrezkoa dute hiru dimentsioan ikustea, distantziak neurtzeko, ezta? Ugaztunok bezala.

Hori da. Guk begiak aurrealdean ditugu, eta arranoek ere, berdin. Ez dira lateralak, beste hegazti batzuetan bezala. Beraz, beren garunak bi begiek jasotako irudiak gainezarri egiten ditu, eta horrek ematen die hiru dimentsiotan ikusteko gaitasuna. Ondorioz, distantziak oso modu eraginkorrean kalkulatzen dituzte.

Baina konturatzen bazara, badute bereizgarri bat ugaztunekin alderatuta: hegaztietan, begien tamaina ugaztunena baino askoz handiagoa da, gorputzarekiko proportzioan. Baita hegazti txikietan, txantxangorriak berak ere hala ditu. Ikusmen itzela dute. Kasu batzuetan, baita gurea baino askoz ere zehatzagoa. Arranoek gure ikusmena baino zortzi aldiz zehatzagoa dute, urrunera eta detaileak ikusteko. Gaitasun hori ezinbestekoa dute ehizerako.

Errezeptore pila bat dauzkate begietan, eta horrek oso urrunera ikusteko eta detaile txikiak ikusteko gaitasuna ematen die. Arranoek, 50 metroko altueran hegan jarrita, beheko arrainak ikusten dituzte, eta arrain baten kontra jotzen dute, zuzenean.

«Ez da erraza kanpotik arrainak ikustea, baina arrano arrantzaleak fokatzeko modua aldatzeko gai dira»

Ez da erraza kanpotik arrainak ikustea, urak errefrakzio handia duelako, baina beren begiekin eta dauzkaten errezeptoreekin, fokatzeko modua aldatzeko gai dira. Argiaren errefrakzioa konpentsatzen dute, nolabait.

Hala, errefrakzioa kentzea lortzen dutenez, arrano arrantzaleak gai dira arraina inongo errefrakziorik gabe ikusteko. Horrek distantzia kalkulatzen laguntzen die. Guk ezin dugunez errefrakzioa kendu, uretan dagoen arraina ez dago guk ikusten dugun lekuan, pixka bat harago baizik. Baina arranoak uretara botatzen diren indarrarekin eta abiadurarekin, zehatz-mehatz kalkulatu behar dute non dagoen.

Gainera, errefrakzioaz gain, argia uretan islatzen da, eta ispilu-efektua egiten du. Zailtasun bikoitza gainditu behar dute begi horiek.

Zuk esanda jakin dut arrano batzuek begiak banatuagoak dituztela, arrano sugezaleek, adibidez.

Euskal Herrian badugu arrano sugezale bat, migratzailea eta neguan Afrikan egoten dena, eta oraintxe etorri da gurera ugaltzera. Bere dieta % 100 narrastiez osatuta dago. % 90 sugeez, zehazki. Pentsa zer zaila den, gure altueratik, belardi batetan suge bat ikustea. Bada, arranoek altuera itzeletatik ikusten dituzte.

Goian airean geldi mantentzen dira, eta hortik distantzia zabaletara begiratzen dute. Begiak banatuagoak dituztenez, oso posizio egokian daude distantzia zabaletara begiratzeko. Edozein mugimendu hautemateko gai dira, handik goitik. Baita 200 metrora ere.

Beste arranoek baino zehaztasun txikiagoz ikusten dute?

Bai, esango nuke, segun eta zertara moldatuta zauden, zer jaki jaten duzun, ikusmena ere horretara egokituta duzula.

«Gizakiok hiru kolore ikusten ditugu: urdina, berdea eta gorria. Hegaztiek urdina, berdea, gorria eta ultramorea»

Eta gautxoriek, esaterako hontzek, urubiek eta mozoloek, nola lortzen dute gauez hain ondo ikustea?

Fotoerrezeptore oso sentikorrak dituzte eta kontzentrazio oso altuan. Esango nuke animalien erreinuan fotoerrezeptore-kontzentrazio handiena dutenak direla. Ondorioz, oso argitasun gutxirekin, ondo ikusteko gai dira. Eta badituzte beste egokitzapen batzuk ere, begiekin batera erabiltzen dituztenak: soinuak hartzeko errezeptoreak dituzte. Lumak belarri zulorantz zuzenduta dituzte, modu jakin batean, eta soinurik txikiena ere hautemateko gai dira.

Alegia, ikusmen estereoskopikoa edo hiru dimentsiokoa izateaz gain, entzumen estereoskopikoa ere badaukate. Eta zergatik dute, esaterako oiloek, kontrako estrategia? Oso eremu zabala ikusten dute, baina horren truke distantziak neurtzeko gaitasuna galdu dute. Ez al dute behar hori oiloek?

Begiak lateraletan edukitzeak ia 300 graduko ikuspegia ematen die. 360 gradukoa ez, baina ia. Oiloek, txori txikiek eta usoek, adibidez, funtsezkoa dute ikuspegi hori, harrapariak datozenean azkar hautemateko, nahiz eta zehaztasuna galdu. Beste harrapari batzuen jaki dira, eta haiengandik ihes egin behar dute. Alferrik lukete aurreraka oso ikusmen fina, albotik etor badaiteke harraparia. Ehizaki dira, ez ehiztari. Bakoitzak bere gaitasunak behar ditu.

«Guk ikusten ez ditugun ñabardura asko ikusten dituzte ultramorean»

Eta gero badago beste gauza bat, hegaztiek ez dute gure kolore-espektro bera ikusten. Gizakiok argi ikuskorraren espektroko hiru kolore ikusten ditugu: urdina, berdea eta gorria, eta haien konbinazioak. Baina hegaztiek lau ikusten dituzte: urdina, berdea, gorria eta ultramorea. Guk ikusten ez ditugun ñabardura asko ikusten dituzte ultramorean. Kolibriek, adibidez, nektarrera iristeko bidea adierazten duten markak ikusten dituzte loreetan.

Hara, banekien loreetan nolabait lurreratze-pistak markatuta daudela, intsektuak nektarreraino bideratzen dituztenak, nahiz eta guk ikusteko gaitasunik ez izan. Ez nekien txoriek ere bazutenik.

Bai, zeren tropikoetan, kolibriak dira landare askoren polinizatzaile, eta beraz, landareek nolabait erakarri behar dituzte kolibriak, bere polena beste landareetara zabal dezaten. Erraztasun guztiak jartzen dizkio, zuzen-zuzenean nektarrera bideratuta.

Azken galdera, Edorta. Kamaleoien begiak are bitxiagoak dira: bi begiak bakoitza alde batean ditu, lateralak, baina, gainera, erabat mugikorrak dira. Bakoitza norabide desberdinerantz bideratu dezake, ezta?

Oraindik ez dut lortu animalia horiek ulertzea. Oso zaila da. Begi bat alde batera, beste bestera… Zer-nolako garuna eduki behar dute begi horietatik datozen ikuspegi hain desberdin horiekin ikuspegi bateratu bat osatzeko? Gainera, hiru dimentsioko ikusmena lortu behar dute, oso ondo kalkulatu behar baitituzte distantziak, mingainarekin intsektua harrapatzeko, azkar-azkar. Ez ditut ulertzen. Eta hegaztien artean ez dut uste dagoenik begi mugikorrak dituenik.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Bizitza