}

Jaten duguna al gara?

2010/12/12 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Giza gorputza bakterio-zelulez estalita dago. Gure azalean bizi dira, baita gure hortzen artean ere. Gure hesteetako epeltasuna dute bereziki gustuko: elikagai-iturri dituzte, bertan janariaren digestioa egiten laguntzen dute, eta bitaminak sortzen dituzte. Baina hesteetan bizi diren bakterio horiei dagokienez, ez omen gara jaten duguna. Ikerlan berri baten arabera, hain zuzen, hesteetako bakterioen aniztasuna lotuago dago heste horien jabe den animalia-espeziearekin hark jaten duenarekin baino.
Gure hesteetan bizi diren bakterioei dagokienez, ez omen gara jaten duguna.
Bruce Tuten

Haurrak antzu jaiotzen dira, eta amaren bakterioak biltzen hasten dira gero. Mikrobio horiek ugaldu egiten dira, eta hesteak betetzen dituzte; heldu baten sabelean mila espezie bizi daitezke. Kontua da orain artean ez dela argi egon komunitate horren konposizioari zerk eragiten dion. Alegia, gure hesteetan zein bakterio espezie dago, eta zein kopurutan? Eta zergatik?

Baliteke konposizio hori gure amengandik jasotzen dugunaren araberakoa izatea, baina jaten dugunaren zein bestelako faktoreren baten araberakoa ere izan liteke. Orain artean, eztabaida egon da mikrobio-komunitateen barruko bariazioen ustezko zergatiari buruz; askok defendatzen dutena da, hain juxtu, dieta eta habitata direla faktore erabakigarrienak.

Giza hesteetan aurkitutako bakterioek antzekotasun handiagoa dute txinpantzeek dituztenekin gorilenekin baino.
William Warby

Zientzialariek urteak daramatzate, teknika genetiko berriak erabiliz, animalia-espezie ezberdinek mikrobio-komunitate ezberdinak ote dituzten argitu nahian. Aurreko zenbait ikerlanek iradokitakoaren arabera, antzeko elikadura duten animaliek mikrobio-komunitate bertsuak izan ohi dituzte. Nolanahi ere, Yale Unibertsitateko (AEB) kideek berriki egiaztatu dutenez, hesteetako komunitateen konposizioaren aniztasuna uste baino askoz ere gehiago baldintzatzen du haien ostalariaren espezieak.

Eboluzio-erlazioa, gure hesteetan ere bai

Gakoa egiaz elikadura ote den egiaztatu nahian, Yale-ko ikertzaileek 26 gorotz-lagin aztertu dituzte, guztiak animalien habitat naturalean bildutakoak: txinpantzeen hiru subespezierenak, gorilen bi espezierenak eta bi gizakirenak ziren gorotzak (Arizonakoa bata, eta Afrikako Erdialdeko Errepublikakoa, bestea).

Orain artean, hesteetako bakterioak ez dira asko ikertu. Irudian, gizakion hesteetako mikrobiotaren ilustrazioa.
J. Hurd/Environmental Health Perspectives

Lagin bakoitzeko bakterioen DNA sekuentziatu zuten, eta bereziki gene jakin bati erreparatu zioten, haren sekuentzia ezberdina baita espezie batetik bestera. Primateei zegozkien laginetan ikusi zuten haien hesteetan bakterio-mota ezberdinak zeudela, eta mota bakoitzeko bakterioen kopurua ere ezberdina zela. Datu haiek baliatuta, ikertzaileek primateen arteko bakterio-harremanei dagokien zuhaitza sortu zuten; hesteetako bakterio-mota eta kopuru bertsua zuten primateak elkarrekin ezarri zituzten, eta alderantziz.

Ikerlarien harridurarako, ikusi zuten zuhaitz hura bat zetorrela primateen eboluzio-harremanarekin: giza hesteetan aurkitutako bakterioek, adibidez, antzekotasun handiagoa dute txinpantzeen bi subespeziek dituztenekin gorilenekin baino. Uste dute elikadura ez dela ziurrenik faktore erabakigarria, aztertutako bi gizakiek hesteetako bakterioak partekatzen baitzituzten, munduko bi eremu ezberdinetakoak izan arren.

“Bakterioak benetan garrantzitsuak dira gizakiaren osasunarentzat. Immunitate-sistema hobetzen dute, toxinetatik babesten gaituzte eta hesteetako zelulen heltze- eta berriztatze-prozesuari laguntzen diote —aipatu du ikerlaneko arduradunetako batek—. Hesteetako mikrobioen kopurua geure zelulena baino hamar aldiz handiagoa da. Kontua da zehazki ez genekiela haiek gure sabelera nola eta zergatik iristen diren”.

Ikerlanaren emaitzek argi pixka bat eman diezaiokete auzi horri. “Hesteetako konposizioari behatuta, posible da txinpantzeak gizakietatik bereiztea. Berritasuna zera da: heste-mikrobioek haien ostalarien eboluzioari jarraitu diotela milioika urtean”.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia