Japoniako gaztainak Euskal Herrian
1999/12/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gaztainondoak
(…) gaur egungo malkar biluztu eta paraje soilduetara begira, garai bateko Euskal Herriko gaztainondo-baso eder haietan pentsatzearekin batera tristura-puntu bat sentitzea ezinbestekoa da.
(…) Garai batean gaztainondoz osaturiko baso ederrak zeuden lekuetan ez dira malkar biluztuak eta paraje soilduak baino gelditzen.
Hala ere, hor daukagu Zudaireko gaztainondo japoniarrez osaturiko sail bikaina, nahi izanez gero egin daitekeenaren adibide gisa….
Jatorria
Gaztainondo japoniarra berezkoa da Japonian eta mendian nahiz lautadan erruz aurkituko dugu. Korean eta Txinako ekialdean ere berez sortzen da gaztainondoa. Japoniako ia probintzia guztietan hazten den zuhaitzak hainbat barietate ditu. 1876. urtearen inguruan Ameriketako Estatu Batuetara eramana, Endothia parasitica-ri zion erresistentzia zela-eta, ongi onartua izan zen. Gaur egun badira ongi egokitutako hainbat barietate.
Camus-ek dioenari jarraiki, 1907-1908 urteak arte ez zen gaztainondo japoniarra Frantzian sartu. Lehen landaketak Aubenas, Lindois eta Vialler-en egin ziren, eta ondoren beste lurraldeetara zabaldu ziren, tintaren gaixotasunarekiko duen erresistentzia dela medio.
Gaztainondoaren Euskal Herriratzea
Euskal Herrian, eta bereziki Ipar Euskal Herrian, 1909. urtearen bueltan sartu zen gaztainondo japoniarra eta geroztik zabalkunde handia izan du, Sara eta Zudaireko lehen landaketen arrakastari segika. Hauxe da udazkenean jaten ditugun gaztaina goxoen historio laburra:
1907. urtean baziren bi misiolari euskaldun Japonian, aita Chabagno eta aita Lizarraga. Aita Urbain Faurie (Loira-Garaikoa) Koreako Quelpaert irlan belarrak biltzen egindako bidaia batetik bueltan Yokohaman geratu zen bi apaiz euskaldunen etxean. Afaritan, gaztainondoak Frantzian landatzeko aurrez egindako saiakeren porrotari buruz jardun zuten. Eta aita Fauriek porrotaren arrazoiak zeintzuk ziren azaltzeaz gain, arazoa nola konpondu azaldu zien bi misiolari euskaldunei. Beraren arabera, gaztainen gehiegizko ernetze-aktibitatean zegoen gakoa eta hori atzeratzeko, gaztainak bi hilabetez buztin-lokatzetan murgilduta gordetzea gomendatu zien.
Aita Faurie botanikan aditua zenez, Chabagnok eta Lizarragak aholku hura jarraitzea erabaki zuten. Horrela, biltzeko garaia iritsi zenean, Kawagoe herrixkatik gertu (Tokyo mendebaldean) zegoen jabetza batean gaztainak erosi zituzten. Bildutako gaztainak ez ziren motaren arabera identifikatu, baina bi misiolarien eskariari jarraiki ekoizleak lehen selekzio bat egin zuen. Misiolariek ondoren banan-banan aztertu zituzten gaztaina guztiak eta akastunak baztertu. Segidan apaiz bakoitzak lokatza behar bezala prestatu eta gaztaina guztiak han barruan sartu zituzten, ondo lerrokatutako geruzatan. Bi
hilabeteko atsedenaren ondoren, gaztainak lokatzetatik atera, urez ondo garbitu eta ibaiko hondarrez betetako kaxatan sartu zituzten, bidaiarako prest.
Aita Chabagnok bere aitari, Nafarroa Behereko Aldude herrian nekazari zenari, gaztainak bidali zizkion 1908. urtearen hasieran. Gaztainak hiru zatitan banatu ziren: bata jan egin zuten eta beste biak landatu. Heren bat aitak landatu zuen, ohiko prozedurak erabiliz eta beste herena anaiak, Pabe-ko nekazaritza-irakasle baten aholkuak jarraituz. Gaztaina guztiak ongi ernetu ziren, landatze-metodo zientifiko edo ohiturakoen arteko aldea ez baitzen handia. Aldudeko bizilagun batek zuhaitz haietaz interesatu eta gaztainondoa mugen bi aldetara zabalduko zuen hazitegia sortu zuen.
Garai berean, aita Lizarragak beste gaztain-sorta bat bidali zion Broussain jaunari, Hazparneko orduko auzapezari. Auzapezak zenbait lagunen artean banatu zituen gaztainak eta horren emaitza zenbait zuhaitz eder izan ziren Hazparnen.
Hilabete batzuk geroago aita Lizarragak gaztaina gehiago bidali zituen, baina 1912ko martxoa arte ez ziren Zuraidera iritsi. Zorionez gaztainak ez ziren bidean hondatu. 4.000 gaztaina zeuden kaxetan. Igorpenak 1.000 libera balio izan zuen, diru asko garai hartan. Horietarik gehienak Zudairen bertan landatu ziren eta ernetzea ezin hobea izan zen. Hiru urteren buruan, ehun bat zuhaitz gazte Sarara eraman eta han ere ongi hazi ziren.
Lehen zuhaitz haien fruituek urtetik urtera Euskal Herriko txokoetan gaztainondoa zabaldu zuten. Eta ez gaztainondo-mota bakarra. Hasierako gaztainak jada Japoniako espezie desberdinen nahasteak baziren, honek barietate desberdinak eman zituen Euskal Herrian.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia