}

Jaitsi argazkiak instant batean!

2002/03/11 Elhuyar Zientzia

Hilabete gutxi barru merkatuan egongo da JPEG2000, Internetetik irudiak orain baino ehunka bider azkarrago jaisteko aukera eskaintzen duen estandarra.

Berrikuntza Arizonako Unibertsitateko Michael Marcellin-en eta Australiako New South Wales Unibertsitateko David Taubman ikertzaileen eskutik iritsi da, eta 1990eko hamarkadaren hasieran agertu zenetik, JPEG formatuari egin zaion lehen berrikuntza garrantzitsua izan da. JPEG formatuak irudiak konprimitzen ditu eta, horrexegatik, irudiak posta elektronikoz bidaltzeko edo Internetetik jaisteko gehien erabiltzen den formatua da. Ordainean, ordea, irudiak kalitate apur bat galtzen du. Ikertzaileen esanean, JPEG2000 estandarrari esker irudiak orain baino % 50-100 gehiago konprimatu ahal izango dira, pixelatzerik eragin gabe eta kalitaterik galdu gabe.

Unibertsitatean egindako frogetan, agerian geratu da estandar berriaren azkartasuna. 56 KB/s-ko modem batekin JPEG sistemak 10 ordutan jaitsiko lukeen irudia segundo batzuetan jaitsi du. Izan ere, JPEG2000 estandarrak ez du informazio guzti-guztia jaisten, unean behar duguna baizik. Irudia pantailan besterik ikusi nahi ez bada, horretarako beharrezkoa den tamaina zenbatekoa den detektatzen du eta hori osatzeko bezainbeste informazio jaitsi. Irudia inprimatu egin nahi bada, informazio-kantitatea inpresorak eskaintzen duen bereizmenera egokituko du. Hau da, JPEG2000 estandarrari esker, irudiak beharren arabera egokitu ahal izango dira eta, beraz, informazio-trafikoa arindu eta denbora aurreztu.

Konpresio estandar berriaren luzapena jp2 da eta erabili ahal izateko, nabigatzaileek plug-in berria behar dute, dagoeneko Interneten dohainik eskura daitekeena. Eskuliburua ere eskuragarri dago.

Informazio gehiago:
Arizonako Unibertsitatea

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia