J. M. Rodriguez Ibabe: "gure lanarekin ikerketa-arlo berriak ireki dira"
2001/07/01 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Duela bi urte Ipar Amerikako Burdinaren eta Altzairuaren Elkarteak eman zizuen saria eta aurten Banadioaren Saria jaso duzue. Zer suposatzen du zuentzat horrelako sariak jasotzeak?
J. M. Rodriguez Ibabe: Horrelako sariak jasotzeak ikaragarrizko poza ematen digu. Duela bi urte Ipar Amerikako Burdinaren eta Altzairuaren Elkartearen saria jasotzean poztasun handia izan genuen, gu izan ginelako estatuan sari hori eskuratzen lehenak. Nazioarteko kongresu batean eginiko aurkezpen baten ondorioz horrelako saria jasotzeak gure lana aintzat hartzen dutela esan nahi du.
Orain, Banadioaren Saria jasotzeak nik uste poztasun handiagoa eman digula sariaren maila handiagoa delako. Orain arte 15 sari eman dira, azkena Japoniako Kawasaki Steel Corporation-eko ikerketa-talde bati.
Azken finean, sariek aurreko urteetan gure departamentuan egindako lana baloratzeko balio dute.
Beatriz Lopez: Bi sariek poz handia eman digute eta ezustean harrapatu gaituzte. Azken finean, lana gustukoa dugulako egiten dugu eta egunerokotasunean murgilduta ez ditugu gure lanaren emaitzak hainbeste baloratzen. Gainera, azpimarratzekoa da, saria gu hiruroi eman badigute ere, onarpen hau ibilbide luze baten ondorioa izan dela.
Zein izan da ibilbide hori?
J. M. R. I.: Ibilbidea Javier Urkolarekin hasi zen. Javier duela bost urte hil zen eta ordura arte bera izan zen departamentuko buru. Berarekin hasi ginen gaur egun ikertzen ditugun arloak lantzen. Berak ireki zituen gure lana ezagutarazi eta beste ikertzaileekin ezagutzak trukatzeko nazioarteko ateak. Ibilbidearen hasiera, beraz, duela hamar urte kokatu behar dugu.
Zein izan da sariak jasotzeko bidea?
J. M. R. I.: Bi sariak jasotzeko bidea ez da bera izan. Duela bi urte Ipar Amerikako Burdinaren eta Altzairuaren Elkartearen saria Baltimore-n kongresu batean proiektu beraren beste emaitza batzuk aurkeztuta lortu genuen.
Banadioaren Saria Material Science and Engineering aldizkarian argitaratutako artikulu bati esker jaso dugu. Nazioartean material metalikoen inguruko punta-puntako dozena bat inguru aldizkari daude. Ikerketa-zentroek beren lanen emaitzak bertan argitaratzen dituzte eta Banadioaren Sarien babesle den VANITECek (Vanadium International Technical Commitee) argitaratzen diren artikuluak biltzen ditu. Artikulu batek banadioaren inguruan ekarpen berriren bat aurkezten badu, sarirako hautatzen dute. Aurtengo ez dakigu zenbat artikulu hartu dituzten kontuan.
Bi kasuetan, lana ez dugu saria jasotzeko asmoarekin aurkeztu eta horregatik izan da horren handia ezustekoa.
Hel diezaiogun zuen lanari. Zein izan da zuen lanaren ekarpena nazioarteko bi sari horiek jasotzeko?
J. M. R. I.: Ikerketaren mamia 1997, 1998, 1999. urteetan Eusko Jaurlaritzak babestutako proiektu batean garatu zen. Proiektuaren helburua automobilentzako piezak egiteko epeleko forjaketa lantzea izan zen. Sistema hori ezaguna eta erabilia da, baina guk altzairuari banadioa gehitu eta aldaketak aztertu ditugu. Epeleko forjaketan banadiodun altzairuak erabiltzeak dituen abantaila batzuk topatu ditugu.
Hala ere, Banadioaren Saria lortzeko aintzat hartu duten artikuluak ez du proiektuaren helburu zuzena azaltzen, bidean aurkitu ditugun banadioaren beste ezaugarri batzuk baizik. Baldintza horietan banadioak birkristaltze estatikoa atzeratu egiten duela ohartu gara, eta hori erresistentzia handitzeko tresna berri bat da.
Zer da epeleko forjaketa?
J. M. R. I.: Forjatzea metal eta aleazioak konpresio-esfortzu bortitzen bidez deformatzea eta moldatzea da. Forjatu nahi den pieza aldez aurretik berotzen denean, beroko forjaketa deitzen zaio, baina bukaerako dimentsio zehatzak eta gainazalaren kalitate ona lortzearren hotzean ere forja daiteke. Epeleko forjaketa, izenak berak dioen bezala, metala gehiegi berotu gabe egiten den forjaketa da. Esaterako, 1.200 ºC-taraino berotu beharrean 900 ºC-tara berotuta egiten dena da epeleko forjaketa.
Zein dira epeleko forjaketaren abantaila nagusiak?
J . M. R. I.: Epeleko forjaketak hainbat abantaila ditu. Batetik, forjatzeko altzairua berotu egin behar da, baina gehiegi berotzean partikulak disolbatu egiten dira. Epeleko forjaketan partikulak ez dira disolbatzen eta, horrela, prozesu osoan zehar izaten dira erabilgarriak.
Gainera, epeleko forjaketa energia gutxiago kontsumitzeko bidea da eta hori industriarako oso garrantzitsua da. Azkenik, metala asko berotuz gero, hoztean altzairua formaz aldatzen da eta zaila izaten da lortu nahi den piezaren dimentsioak ongi kontrolatzea. Tenperatura baxuagoetan lan eginda gehiago kostatzen da forma ematea, baina hori lortuz gero, piezak ez du forjaketa ondorengo tratamendurik behar. Horrela, prozesua azkartu egiten da eta zehaztasun handiagoko piezak lortzen dira. Hori lehendik ere egina zegoen, baina guk epeleko forjaketan banadioa sartu dugu erresistentzia handitzeko asmoz. Gure helburua lortu dugu, baina beste propietate batzuk ere antzeman ditugu.
Zein dira banadioa erabiltzeak dituen abantaila nagusiak?
J. M. R. I.: Banadioa oso kantitate txikietan erabilita, altzairuaren erresistentzia asko hobe daiteke. Adibidez, banadioa landu behar den metalaren pisuaren % 0,1 baino gutxiago sartuz eta niobioa % 0,03 nahasiz altzairuaren erresistentzia bikoiztu egin daiteke. Kantitate txikiko nahasketa horiei mikroaleazioak deritze.
Mikroaleazioak aspalditik erabiltzen dira, baina altzairu-mota batzuetan bakarrik. Hemendik urte batzuetara, teknika hori beste altzairu-mota batzuetan ere erabiltzeko gai izango gara. Adibidez, gure ikerketaren emaitzekin banadioaren erabileraren esparrua eta ikerketa-arlo berri bat zabaldu dira.
B. L.: Altzairua berotu, deformatu eta, ondoren, hoztu egiten da. Altzairuari banadioa gehitzen bazaio, hozte-garaian hauspeaketak gertatzen dira, eta hauspeatze horrek altzairua gogortu egiten du. Hori izan da orain arteko mikroalezioaren erabilera. Guk mikroaleazioak epeleko forjaketan erabili ditugu, hauspeakinak disolbatu gabe, forjaketan zein eragin duten ikusteko. Era horretara, banadioari suposatzen zitzaion efektua frogatuta gelditu da eta banadioa erabilita materialaren propietatea hobetzea lortu da.
Zein izango dira ikerketa horren emaitzen erabilerak?
J. M. R. I.: Industrian erabiliko dela pentsatzen dugu, altzairuaren erresistentzia handitzeko balio baitu. Oro har, mikroaleazioaren erabilerari esker, automobilgintzarako eta eraikuntzarako pieza zehatzagoak eta erresistenteagoak egiten ari dira. Erresistentzia handiagotuz, altzairuzko piezen pisua jaisten da, eta hori oso garrantzitsua da garraiorako. Gure lana ere arlo horretan koka daiteke.
Guk ezin dugu gehiegi baloratu. Guk banadioari mikroaleatzaile gisa beste portaera bat aurkitu diogu. Hortik aurrera etekinak ateratzeko bide berri bat ireki da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia