Izurdeen azala, abiaduraren gakoa
2004/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Izurdeek abiadura handiz egin dezakete igeri. Gorputz aerodinamikoa izateak garrantzi handia du horretan. Japoniako ikertzaile batzuk ohartu dira azalak ere garrantzi handia duela izurdeen abiaduran, urarekiko erresistentzia gutxitzen laguntzen baitu.
Izurdeen azala ezkata antzeko zati txiki eta finez eginda dago, eta bi ordutik behin berritzen dute. Zientzialariek ordenagailu bidezko simulazio bat egin dute, izurdearen azalaren gaineko uraren fluxua kopiatuz, eta ezkata bakoitza nola askatzen den aztertu dute. Simulazioaren baliagarritasuna probatzeko, bestalde, izurdearen azalaren eredua eraiki dute laborategian, metalezko plakak eta film-zati txikitxoak erabiliz.
Ondorioen arabera, azalaren leuntasunak frikzioa gutxitzen du, eta ezkatek, askatzean, izurdearen inguruan sortzen diren zurrunbilo txikiak apurtzen dituzte. Hartara, nabarmen gutxitzen dute urarekiko erresistentzia.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia