Izualdi perfektua
2010/02/11 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Izualdi perfektu batek behar dituen osagai guztiek egin zuten bat, egin ere, txerto hirukoitzaren inguruan. Dena zeukan: haurrak, gaixotasun zail eta ezezagun bat, izen handiko zientzia-aldizkari baten aintzatespena eta, sistema mediko-farmakologiko ofizialari aurre eginez, Goliathen kontra aritzeko prest zegoen David bat, Andrew Wakefield doktorea.
Txerto hirukoitzarekiko beldurra 2001ean lehertu zen Britainia Handian, eta 2002an jo zuen goia komunikabideetan. Orduan, Britainia Handiko lehen ministro Tony Blair-en familia ere bete-betean harrapatu zuen, erantzuteari muzin egin baitzioten, seme gazteenari txertoa eman ote zioten galdegin zietenean. Izualdi perfektuak ginga falta bazuen, blairtarrek jarri zioten. Ez ezerk, ez inork ez zuen huts egin, eta, halakoetan behar denez, ebidentzia zientifikoak eta kazetaritza-lan onak bazterrean geratu ziren, aurreiritzien, iritzien, usteen eta titularren mesedetan. Jakina, izualdiaren emaitzak ere ez zuen hutsik egin: txertaketek behera egin zuten, oso nabarmen toki batzuetan, eta, gaixoaldien gorakada etorri da ondoren.
Hamabi urte geroago, heroi eroria bilakatu da Wakefield . Bi urte eta erdi iraun duen ikerketa batek frogatutzat eman du Wakefieldek eta haren lankideek ez zutela zuzen jokatu. Ez ikuspegi etikotik, ez eta zientifikotik ere. Batetik, ez etikoak eta ez beharrezkoak ez ziren probak egin zizkieten umeei, zegokion etika-batzordeak onartu gabeak, eta, bestetik, ikerketaren ardatz ziren 12 umeak ez ziren medikuek bidalitako ausazko kasuak izan, baizik eta frogatu nahi zen horrekin bat egiteko ondo aukeratutakoak. Ausazkoak izanda 12 oso kasu gutxi badira halako ondorioak ateratzeko, pentsa zer baliozkotasun duen aukeratutako umeekin egindako ikerketa batek. Gainera, interes-gatazka ere gertatu da kasu honetan, txertoaren aurkako salaketa jarri nahi zuen guraso-multzo baten abokatuaren dirua jaso baitzuen Wakefieldek. David bihurtutako Wakefield Goliath-en sareko kide atera zaigu azkenean.
Egindakoagatik erantzun beharko du orain Wakefieldek, baina beste izualdi perfektu baten mende egon nahi ez badugu, ez da aski hura zigortzea. Haren lanari aldizkari ezin ospetsuago batek eman zion bermea, eta komunikabide-sistema ezin boteretsuago batek oihartzuna. Erraza da atzera begira jarri eta inor hatzaz seinalatzea, egia, baina horrek ez ditu errugabetzen izualdian funtsezko zeresana izan zuten eragileak. Behin eta berriz, errepikatzen dugu, izan ere, erritu bera; kopiatu, itsatsi, kopiatu, itsatsi, kopiatu, itsatsi, kopiatu... hain da luzea sekuentzia, ezen bada egia aitortzeko garaia. Izualdi perfektuekin engantxatuta gaude; eta, zer arraio, gustatzen zaizkigu. Antidoto zozo hori baino askoz ere gehiago.
Berria egunkarian argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia