Izotzezko labana
2000/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Material gogorrak mozteko, laserrak eta partikula urratzailezko korronteak erabili ohi dira baina, zenbait kasutan, materiala ebaki baino gehiago hondatu egiten da horrela. Egun hain erabiliak diren karbono- edo beira-zuntzeko konpositeak, esaterako, ezin dira laser bidez ebaki, beroarekin urtu eta aldaketa itzulezinak jasaten baitituzte. Magnesioak eta titanioak berriz, oso erreketa bortitza nozitzen dute gehiegi berotuz gero. Australiako Melbourneko Unibertsitateko Elias Siores ingeniariak Titanic itsasontzi famatuari gertatu zitzaiona aztertu eta material gogorrak mozteko izotza erabiltzen duen "labana" asmatu du.
Funtzionamendua honakoa da: urezko aerosola izoztu eta 0,25 mm-ko zabalerako izotz-partikulak eratzen dira. Horiek presioan dagoen ur-korrontean injektatzen dira eta biak, ura eta izotza, milimetro bat zabal den ahoan zehar kanporatzen dira. Labanaren gorputza nitrogeno likidozko estalki batek iraunarazten du hotz. Labana moztu nahi den materialetik 5 mm-ra kokatzen da baina ur eta izotzezko korrontea ez da zuzenean aplikatzen; lehenengo nitrogeno likidozko korronte baten bidez materialaren azala izoztu eta hauskor bihurtuko da eta, ondoren, ur eta izotzezko korrontea aplikatuko da.
Teknika berriarekin ebakidura zehatzagoak eta finagoak lortzen dira eta, gainera, oso garbia da: nitrogenoa lurrundu egiten da eta erabilitako ur gehiena berreskuratu egin daiteke. Asmatzailearen ustetan, "izotzezko labana" kirurgian erabil daiteke, edota, erreaktore nuklearretako erregai-barrak mozteko eta garbitzeko. Labanak aukera handiak eskaintzen ditu eta merkaturako bidean dago jada.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia