Izotz gehiago espazioan
2001/09/06 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Azkenaldian, bai Ilargian bai Marten ere izotza bilatzeko egin dituzten ahaleginen berri izan dugu. Helburua gure ezagutza areagotzea da, baina bai eta espazioaren konkistan gauzak erraztea ere. Edonola ere, izotza ez da gauza berria espazioan, gehienetan hodei gisa aurkitu bada ere.
La Palma uharteko Roque de los Muchachos Behatokian dagoen ‘Telescopio Nazionale Galileo’-ko zientzialari-taldeak -200 °C-tan izoztuta dagoen ura aurkitu du Neptunoz harantzako 20000 VARUNA planetesimalaren azalean. Planetesimalak gure ilargiaren antzeko tamaina du eta Neptunoren orbita baino harantzago dago, Eguzki-sisteman oso urrun. Neptunoz harantzako objektuak, seguru asko, Eguzki-sistemako gorputz primitiboenak dira, Eguzkia eta barneko Eguzki-sistema osoa sortu zuen gas--hodeiaren kolapso beraren ondorioz sortutakoak. Horiek ikertzea garrantzi handikoa da gure planeta-sistemaren eboluzioaren hasierako faseetako materiaren osaera kimikoa zein zen jakiteko.
Behaketak infragorrien bandan egin dira, 3,6 m-ko teleskopio batekin. Arcetri Behatoki Astrofisikoan diseinatu eta egindako tresna espektroskopiko berria erabili dute. Aipatu tresnak duela bi mende G. Battista Amici optiko italiarrak asmatutako prisma-sistema ere badu. Prisma-sistema horrek behaketen kalitatea asko hobetzeko balio izan du, izan ere, 10 metroko teleskopio erraldoien sentikortasuna areagotu du.
Galileo Teleskopioaren datuak, Hawaii irletako Keck teleskopio amerikarrarekin lortutakoak bezalatsu, orain arte egindako behaketen bidez lortutako onenak dira eta Astronomi Astrophysics aldizkarian argitaratuko dituzte.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia