}

Izokina harrapatzeko garaia

2003/04/29 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Martxoaren erdiarekin batera kentzen da ibai eta erreketan arrantzan egiteko debekua. Euskal Herriko ibai askoren egoera penagarria den arren, oraindik badira amuarrainak zein izokinak harrapatzeko toki egokiak. Arrain bi horiek preziatuak dira arrantzaleen artean, baina, dudarik gabe, izokinak asebetetzen ditu gehien arrantzaleak.

Izokina salmonidae familiako arrain migratzaile eder eta preziatua da. Berezitasun nabarmen bat du: itsasoan bidaia luzea egin ondoren, ugaldu eta hiltzeko jatorrizko errekara itzultzen da.

Ernalketa-garaia abendua eta urtarrila bitartean izaten da eta, normalean, izokin emeak bizitza osoan behin bakarrik ugaltzen dira. Izokinen ugaltzeko lekuak harri-koskorrezko sakonera txikiko lekuak izaten dira. Emeek beren buztanekin harriak mugitu eta horien azpian arrabalekua egiten dute. Enbrioi-larba faseak hiru hilabete inguru irauten du, martxora arte. Fase horretako arrisku nagusiak uretan esekiduran dauden partikulek arrabalekua lohiz bete eta arrautzak itotzea, eta traktoreek eta mendizaleek zapaltzea izaten dira.

Hiru hilabeteren buruan, arrainkumeak harrietatik atera eta inguruan zabaltzen hasten dira. Hasieran ur-lasterretara jotzen dute, baina, handitzen doazen heinean leku gehiago behar izaten dutenez, beste toki batzuetara hedatzen dira.

Hazkundearen arabera, urte baten edo pare baten buruan itsasora abiatzen dira sei hilabetetik hiru urte bitarte iraungo duen bidaia hasteko. Urrutien joaten diren izokinak Groenlandiaren mendebalderaino iristen dira. Nahiko bizkor gizentzen direnak, berriz, heldutasun sexualera Irlanda inguruan daudenean iristen dira eta ez dute Groenlandiaraino joateko betarik izaten. Itzulera osoan ez dute ezertxo ere jaten. Ugaltze-tokira heltzeko zein ibai-ahotan sartu behar duten jakiteko usainaz baliatzen dira.

Euskal Herrira itzultzen diren bost izokinetik lau Irlandaraino joandako izokin gazteak dira. Udaberrian ibaian gora igotzen lehenak izokin zaharrenak izaten dira, itsasoan bi eta hiru urte bitarteko bidaia egindakoak. Igoera eten egiten da abuztuko ur-emari apalak heltzean, baina, udako etenaldiaren ondoren, udazkeneko lehen uholdeekin hartzen dute goranzko bidea izokin gazteenek.


Urdazuri ibaia

1980 aldera, Senpereko INRAko ikertzaileek (Agronomia Ikerketarako Institutu Nazionala) eta inguruetako arrantzaleek elkarlanean ekin zioten Urdazurin izokinen dinamika aztertzeko eta kontrolatzeko proiektuari. Izan ere, izokina desagertzear zegoen.

Izokin-populazioaren dinamikari buruzko ikerketa egiteko Urdazuri ibaia hautatzeak arrazoi sinpleak eta praktikoak ditu. Izan ere, horrelako ikerketa bat aurrera eramateko kondizio egokiak ditu. Alde batetik, ezinbestekoa da izokin-ibai bokazioa izatea eta, aldi berean, ikerketak egiteko moduko tamainakoa izatea. Izan ere, Aturri eta Bidasoa bezalako ibaiak, izokin-ibaiak izan arren, handiegiak dira ikertzaileek arrain guztiak kontrolatu ahal izateko.

Urdazuri ibaiak 45 kilometroko ibilbidea du. Nafarroa eta Senpere artean, nahiko ur-laster eta malda handiak dituen ibaia da, baina, hortik aurrera, uraren abiadura asko mantsotu eta ibaiaren zabalera dezente handitzen da. 238 km 2 dituen arro guztia zaindu eta kontrola daiteke eta, dirudienez, nekazaritza-ekoizpenak ez du poluzio handiegirik sortzen. Ur-emaria ere ez da handia, urteko batez besteko 5,4 m 3 /s-koa, nahiz eta uholde- eta agorraldi-garaiak izaten dituen.

Hasierako lan eta helburuak

Ikertzaileek eta arrantzaleek 1980 inguruan martxan jarri zuten planak bi helburu nagusi zituen: izokinak Urdazuri ibaia birpopulatzea eta, aldi berean, espezie horren jokabidea eta populazioaren dinamika ikertzea.

1980an 30 bat izokin heldu besterik ez zegoen eta, gainera, itsasotik 4,5 km-ra dagoen Uxondoa ur-jauziak ez zien ugal-tokietara heltzen uzten. Egoera hori aldatzeko, izokinkumeak eta arrautzak sartzeaz gain, traba horiek gainditzeko beharrezko instalazioak jartzea premiazkoa iruditu zitzaien.

Birpopulaketari ekiteko, 1986an izokin-arrautzak eta haztegietako izokinkumeak sartzen hasi ziren. Garai hartan Eskoziako arrautzak modan zeudenez, horiexek sartzen hasi ziren, baina bizkor jabetu ziren hori ez zela bidea, ez ziren ondo hazten. Hori ikusirik, bertako izokina sartzen hasi ziren.

Urteak aurrera joan ahala, ur-jauzietan eskalak jarri zituzten, eta, 1990ean, izokin gehiago ez sartzea erabaki zuten. Ugalketa naturala nahikoa zen izokin-kopurua ziurtatzeko.

Izokinaren jokabidea eta populazioaren dinamika ikertzen, berriz, 1985etik ari dira. Ikertzaileen lana etapa bakoitzeko ezaugarriak identifikatzea da. Hau da, zenbat arrautza egiten dituzten, harri azpitik zenbat izokinkume ateratzen diren, zenbat itsasoratzen diren, zenbat itzultzen diren, norainoko bidaia egiten duten, etab. aztertu dute. Lan hori egiteko hainbat instalazio dituzte ikertzaileek: izokinen igoerak kontrolatzeko Uxondoko tranpa, ugalketa artifiziala egiteko instalazioak eta ugalketa naturalerako Lapitxuri erreka egokitu eta zaindua.

Uxondoko tranpara egunean bi aldiz joaten dira, han harrapatuta geratzen diren izokinen luzera, pisua eta beste hainbat datu biltzera. Lapitxuri errekan, berriz, ernalketa eta enbrioi-larba fasea aztertzen dituzte. Behatokia errekaren bazterrean, lur azpian, kokatua dago. Errekaren ibilguaren altuerara egokitua dagoen kristalezko leiho handi batetik behatzen dituzte ernalketa eta enbrioi-larba fasea.


Bidasoa ibaia

Bidasoa ibaiaren aberastasun handienetarikoa bere iktiofauna oparoa da; izan ere, Bidasoa eta haren adar Endara erreka dira izokinak uretan gora daramatzaten Hego Euskal Herriko ibai bakarrak. Horren arrazoia Bidasoa bailarako herrien industrializazio txikia da; horri esker, uraren kalitatea nahikoa ona da. Dena den, azken urteetan Irun, Hondarribia, Bera eta Lesakako isuri industrial eta organikoak ugaritu egin dira.

Zentral hidroelektrikoek eragindako emari-murrizketak eta uraren tenperaturaren igoerak ere kalteak eragin dituzte Bidasoa ibaiko arrain-populazioan. Edozelan ere, azken urte hauetan, Bidasoa ibaiko izokina gal ez dadin, Oronoz-Mugaireko arrain-haztegian proiektu bat bultzatu du Nafarroako Gobernuak. Azken urteetan izan den izokin-ugaritasunaren eta egindako lanaren artean erlazio zuzena dago, birmoldaketa-lan serioa egiten ari baitira.

Euskal Herriko gainerako ibaiekin konparatuta, Bidasoa egoera ezin hobean dago, baina ez arriskutik libre. Lehen aipatutako zentral hidroelektriko eta isuri industrial eta organikoek sortutako kalteei —bai Gipuzkoan eta bai Nafarroan—, ibaia kanalizatzeko proiektuak gehitu behar zaizkie.

Izokinak ibaira

Iaz Bidasoa ibaian, Oronoz Mugairen, markatutako 10.000 izokin inguru askatu zituzten. Endarlatzako presaren inguruetan askatu zituzten, eta, horrenbestez, aurreko urtean arrautzen ernalketarekin hasitako lana amaitutzat eman zuten.

Izokinak markatzeko, arrainaren sudur-kartilagoan altzairuzko mikromarka bat egin zieten. Mikromarka horiek sei kode bitarrek osatzen dituztenez, izokin bakoitza identifikatzeko arazorik ez dago. Gainera, izokinaren kasuan, mikromarken kontrola nazioartean egiten da. Horrela, munduko edozein ibaitan izokin bat harrapatzen dutenean, ez da zaila haren jatorria ezagutzea.

Bidasoako izokinen markatze-kanpainak 1989. urtean hasi ziren, birpopulazio-saioek eraginik ba ote zuten jakiteko batetik, eta, bestetik, izokinetako zenbat itzultzen ziren jakiteko.

Izan ere, 1960ko hamarkadan, Bidasoa ibaian alarmaren argi gorria piztu zen, izokinen harrapaketak ikaragarri jaitsi baitziren. Ondorengo urteetan harrapaketen beheranzko joerak ez zuen etenik izan. 1982. urtean, hondoa jo zuen. Urte hartan ez zuten izokin bakar bat ere harrapatu.

1989. urtetik hona, 115.000 izokinetik gora markatu dira Bidasoa ibaian, eta 4.000 baino gehiagoren itzulera kontrolatu da. Horietatik % 60 inguru ibaian bertan jaiotakoak ziren.

Iaz 44 izokin harrapatu zituzten Bidasoa ibaian; 1985etik dagoen 35eko batezbestekoa erraz gainditu zen, beraz. Hala ere, 2001eko denboraldia hobea izan zen, orduan 69 izokin harrapatu baitziren. Azken urteotako denboraldirik onena 1976koa izan zen, 80 harrapaketarekin. Aurten, debekua altxa eta astebetera harrapatu dute lehenengoa, Oronoz-Mugairen hazitako 4 kilo inguruko izokina.


Bidasoa ibaian arrantza egiteko

  • Denboraldia uztailaren bigarren asteburuan amaitzen da. Data hori baino lehen 75 izokin harrapatzen badira, arrantza-denboraldia itxi egingo da. Hala ere, agintariek badute kopuru hori 100 izokinera igotzeko aukera.
  • 40 zentimetro baino gutxiagoko izokin guztiak ibaira itzuli behar dira.
  • Arrantzaleko kanabera bat baino ez da onartzen.
  • Eguneko eta arrantzaleko gehienez izokin bat harrapatzea onartzen da.
  • Txanda itxaroten beste arrantzale bat badago, gehienez 20 minutuz egin daiteke arrantza.
  • Izokinak eramateko eta saltzeko ezinbestekoa da zaindariaren jatorrizko agiria.


Zein da arrain-haztegien ekarpena?

Munduan 6.000 milioi biztanle inguru dago eta kopuru hori gora doa. Besteak beste, arrain-kontsumoa ere askoz handiagoa da. Arazo horri aurre egiteko, arrain-haztegiak irtenbide egokia izan daitezkeela uste da. Hala ere, haztegi horien ekarpena eztabaidan dago. Haztegietako arrainak barne, arrain-populazioa handitzen ala txikitzen ari da?

1987 eta 1997 urte arteko epean, arrain-haztegietako produkzioa bikoiztu egin da. Produkzioa handitzen bada, kontsumoa ere handitu egiten da. Izan ere, munduan jaten den arrainaren laurdena, gutxi gorabehera, arrain-haztegietakoa da. Baina haztegiok itsasoko ekosistemetan eta baliabideetan duten eragina aztertu behar da.


Kalte ekologikoa

Akuikultura-mota batzuek, izkirarena eta izokinarena barne, kostaldeko baliabideei kalte egin diezaiekete eta itsasoko arrain-kopurua murriztu. Beste mota batzuek, oro har espezie landarejaleenek, ez dute halako kalterik eragiten. Beraz, paradoxa sortzen da. Akuikultura arrain-kopurua handitzeko modua izan daiteke, baina itsasoko bizia agortzeko faktorea ere bada.

Arrain askeen eta haztegietakoen artean, kostaldeko ekosistemen horniketarekiko lehia dago. Lotura edo lehia ekonomikoa ere badute, merkatuan salgai jartzeko momentuan. Gaur egungo eztabaidan zabaltzen ari den ideia garbia da: akuikulturaren etorkizunak itsasoan sortutako arrainen kopurua finkatuko du.

Gaur egun 220 espezie baino gehiago hazten dira arrain-haztegietan. Negozioa eramateko garaian bi joera nagusi ikusten dira, ziklo naturalak aldatu gabe arrainen jabetza ustiatzearena eta ziklo horietan parte hartzearena. Azken horretan ere jokabide ezberdinak izaten dira. Batzuek eragin zorrotza izaten dute; arrainen harrapariak deuseztatu egiten dituzte, lehiakideen kontrola egiten dute, eta abar. Beste batzuk, adibidez, elikagaiaren horniketaz arduratzen dira bakarrik.

Arrainak hazteko, metodo asko erabili ohi da. Itsas arrainak gehienetan sareez egindako kaioletan sartuta hazten dira. Ibaietakoak askotan nekazaritzaren inguruko ekosistemetan sartutako urmael artifizialetan hazten dira.

Azken hamarkadan bi motatako enpresak sortu dira arrain-haztegien inguruan. Lehenengoak handiak dira eta balio erantsi handiko animaliak hazten dituzte merkatu handietan saltzeko. Bigarrenak eskualdeko horniketarako haztegiak izaten dira, baina zabalkuntza handikoak ere badaude. Kooperatibak eta familia-enpresek prezio txikiko espezieak hazten dituzte eta merkatu jakin batzuetan saldu.

Izan ere, akuikulturako arrainen merkatuen dinamika asko aldatzen da espeziearen arabera. Arrain-haztegiak ugaritzeak lagun dezake erreserba naturalak zaintzen. Gainera, hainbat haztegitako animalien prezioak jaisten badira, harrapaketan gastatzen den diru-kopurua asko jaits daiteke. Espezie batzuk beste batzuen ordezkoak izan daitezke.

Hala ere, beste espezie batzuekin ez da hori gertatzen. Adibidez, izokinaren kasuan, azken urte hauetan haztegiak ugaritu arren, harrapaketak ere ugaritu egin dira. Izan ere, azken urteotan munduan % 27 handitu da harrapaketa-kopurua.

Kalkulu guztien arabera, arrain-hazkuntza 2.000 urte baino gehiago dituen jarduera da. Ekialdean hasi ziren jarduera hori lantzen, baina Erdi Arorako Europaraino hedatu zen. 70eko hamarkadan teknikak garatu egin ziren eta orduan jarri ziren abian izokin- eta amuarrain-hazkuntzak Norvegian eta Eskozian. Gaur egun, bisigua, lupia, erreboiloa eta beste arrain batzuk hazteaz gain, algak, muskuiluak, txirlak eta ostrak ere hazten dira. Ur gezako arrain-hazkuntza itsasokoa baino askoz hedatuagoa eta teknikoki kontrolatuagoa dago.

Arrain-hazkuntza uraren kalitatearekiko eskakizun handiak dituen industria da, baina hondakin asko sortzen du, elikadura-hondarrak eta animalien iraizkinak, eta, ondorioz, poluitzaile handia da. Dena dela, hondakin horiez gain, arrain-hazkuntzak badu hain nabaria ez izanagatik ere arriskutsua den beste alde txar bat: arrainen ihesa. Arrain horiek espezie basatientzat arriskutsuak izan daitezke, batez ere aurrerantzean hazkuntzarako genetikoki eraldatutako arrainak erabiltzen badira.

Arrain-espezie askoren hazkuntza-prozesua oso luzea da, batez ere hazlearen ikuspegitik begiratuz gero, eta, ondorioz, askoren helburua hazkuntza-garaia laburtzea da. Horregatik, industria horretan ere genetikak bide luzea egingo duela aurreikusten da.

Hazkuntzarako egokiak diren arrainekin egin diren lehen manipulazio genetikoen helburua gizakiaren edo beste animalia baten hazkuntzaren erantzule den genea sartzea izan da. Esperientziak karpekin, izokinekin eta amuarrainekin egin dira eta, hasieran behintzat, emaitzak ez dira espero bezain onak izan: arrain horiek, hazkuntza lasterragoa izanagatik ere, komertzializatzeko batere erakargarriak ez ziren malformazioak zituzten.

Baina zientzialariak tematiak dira, eta ez zuten horrenbestean eraldaketa genetikoaren ideia erabat baztertu. Kanadako ikertzaileei izokinaren hazkuntza-genea manipulatzea otu zitzaien eta, zenbait trikimailuren ondoren, bingo! Izokinak bi aldiz lasterrago hazten dira! Legeak oraindik ez du genetikoki eraldatutako arrainak komertzializatzeko baimenik eman, baina legedia laster egokitzen da aurrerapen teknologiko eta zientifikoetara eta laster batean ikusi ahal izango ditugu arrainok gure menuetan.

Deia-ren D2 atalean argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia