Izokin-haztegietako poluzioa
1998/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Eskoziako zenbait aintziratako bizidunak arrisku bizian daude, izokin-haztegiek jaurtitzen dituzten metalak direla eta. Eskoziako Ingurugiroa Babesteko Agentziak eginiko neurketek aditzera eman dutenez, ur-azpiko sedimentuetan aurkitu diren kobre- eta zink-kontzentrazioak oso altuak dira.
Eskozian zehar dauden 350 arrain-haztegik, kobre asko duten pinturak erabili ohi dituzte, arrain-kaiolak alga, onddo eta landareez babesteko.
Zinka berriz, kaiolak galbanizatzeko erabiltzen da; halaber, izokinaren elikaduran ere aurkitzen da metal hau.
Orain artean, haztegi hauek erabiltzen zituzten pestiziden eragina neurtu eta arautu izan da, baina metalek izan dezaketen eragina estrainekoz aztertu da oraingoan.
Ingurugiro agentziako zientzialarien ustez, sedimentuetan, gehienez egon daitezkeen kobre- eta zink-kontzentrazioak 30 mg/kg eta 150 mg/kg dira, hurrenez hurren.
Ikerketaren datuei erreparatzen baldin badiegu, berriz, kasu batean, kobrearen kontzentrazioa 725 mg/kg eta zinkarena 1.150 mg/kg dela ikus daiteke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia