}

Izarren sehaska

2001/02/19 Elhuyar Zientzia

Japoniako Astronomia Behatoki Nazionaleko Subaru teleskopioak izarrak jaiotzen ari diren inguru bat (S 106) behatu du uhin infragorriei esker. Lortutako irudia aztertzean, ohiko izarrak baino masa gutxiagoko objektuak ikusi dituzte eremu horretan.

Infragorriez lortutako irudien zorroztasunari esker, nebulosaren egitura zehaztasun handiz ikusi ahal izan dute. Gainera, igortzen eta islatzen duen argiaren arteko ezberdintasunak oso ondo nabarmentzen dira. Aldiz, Hubble teleskopioak argi ikusgaiaz hartutako irudietan ia ez da xehetasunik antzematen, inguruko zaborrak argi ikusgaia xurgatzen duelako.

Irudi berri horretan, orain arte behatu ez ziren masa gutxiko ehunka objektu antzeman dituzte. Izar arrunten nukleoaren errekuntzan hidrogenoa sortzen da eta horrek distiratsu egiten ditu. Baina objektu horien masa eguzkiarena baino 0,08 aldiz txikiagoa denez, gasak ihes egiten du; nano marroi gazteak izan daitezkeela uste dute.

Irudian jasotako objektu arin eta ahulenen masa Jupiterrena baino zerbait handiagoa iritzi dute. Izar baten inguruan orbitatuko balute planetak izango lirateke, baina objektu aske horiei ezin zaie planeta izena eman. Horregatik, astronomoek "objektu flotatzaile txiki" deitu diete.

Izar arruntekin batera objektu arin asko jaiotzen direla argi utzi du Subaru teleskopioaz egindako behaketak, baina ezin jakin zein den jaiotzeko mekanismoa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia