Izarren hautsa harri bihurtuta
1996/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Teoria askoren iritziz, dinosauruak desagertarazi zituen jazoerak badu meteorito erraldoi batekin zerikusi zuzena. Eta Kanadako eta Mexikoko ikertzaile-talde batek uste duenez, delako meteoritoak 10 kilometroko diametroa zuen 88.000 kilometro orduko abiaduraz talka egin zuenean.
Datu horiek guztiak zehaztasun handiz iragarri ditu aipaturiko ikertzaile-taldeak. Izan ere, Yukatango Chicxulub kraterrak informazio zehatza eskaini omen die. Hipotesien arabera, kraterra duela 65 milioi urte sortu omen zen meteorito erraldoiak, atmosfera zeharkatu eta gero, talka egin zuenean. Hondale aztertu duten ikertzaileek 7.000 kontrol-gune inguru ipini dituzte datuak biltzeko.
Datu horien arabera, kraterrak 180 kilometroko diametroa du eta 20 eta 40 kilometro bitarteko sakonera. Meteoritoari buruzko datuak aipatu ditugu jadanik: 10 kilometro diametroa eta berebiziko abiadura. Hortaz, sekulako triskantza eta oreka ekologikoa haustea eragin zuela ondorioztatu dute ikertzaileek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia