}

Izarrek igorritako irudiak

2002/11/06 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Nafarroako Unibertsitate Publikoa irudi-kamera bat garatzen ari da Europako Espazio Agentziarentzat. Kamera ohikoak ez diren irudiak grabatzeko gai da, adibidez, arropa azpian dagoena ikus dezake.

Ez da hori, noski, Europako Espazio Agentziaren helburua. Haiek, izarrak eta atmosfera grabatu nahi dituzte irudi-kamera hori erabilita. Kamera hori ohikoak ez diren argi uhinak jasotzeko gai da, ezohizko maiztasunekin lan egiten baitu. Hidrogenoak eta helioak (izarren osagai nagusiak), adibidez, kamerak lan egiten duen maiztasuneko argi-uhinak igortzen dituzte eta, beraz, irudi-kamerak izarrak beste modu batera grabatzeko aukera eskainiko du.

Maiztasun horietan grabatzeko gai diren kamerentzat zenbait gauza gardenak dira, hala nola, arropa, kea, hodeiak, leihoak, papera eta baita azala ere. Ezaugarri hori dela eta, kamera horiek aplikazio interesgarriak izan ditzakete medikuntzan, adibidez, azaleko minbiziak ikusteko. Bestalde, keak eta hodeiek ikustea eragozten ez dietenez, zirkulazioa kontrolatzeko edo hegazkinen lur hartzeko sistemetan ere aplikatuko direla uste dute adituek.

Une hauetan, kamera eta seinalea jasoko dituen antena diseinatzen ari dira. Proiektuan Ingalaterrako Rutherford Appleton laborategiak, Herbehereetako Eindhoven Unibertsitatekoek eta Madrilgo CMP enpresak parte hartzen dute, Nafarroako Unibertsitate Publikoaz gain. Nafarroako ikertzaileek diseinuan parte hartuko dute, eta aparatuak Ingalaterran eraikiko dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia