}

Izarrak kontatu nahi?

2007/11/11 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Zer lasaigarria den gaueko ilunean izarrak ikustea, ezta? Batez ere hodeirik ez dagoen gauetan, zerua argi txikiz josten da. Hirigune eta herriguneetan gaudenean, berriz, gutxi batzuk baino ez ditugu ikusten, ikusten baditugu... Argi-poluzio deritzon fenomenoaren ondorioz gertatzen zaigu izarrak ezin ikustea.
Mundu osoko argi-poluzioa neurtzearren kanpaina bat egin zuten.
NASA

Argitasun desberdina duten bi leku baldin badaude, bietan ilunena denetik ikusi ahal izango da argienean zer dagoen; alderantziz, berriz, ez. Adibidez, gauez argia piztuta dagoen etxeren bateko leihotik barrura begiratu, eta han zer dagoen ikusi ahal izango dugu. Etxe barruan dagoenarentzat, ordea, zailagoa izango da gu ikustea.

Gauza bera gertatzen da herrigune argiztatuetan gaudenean: kaleetako argiak ez digu uzten zeruan dauden izarrak ikusten. Zenbat eta handiagoa izan argiztapena, orduan eta izar gutxiago ikusi ahal izango ditugu, argitasun gutxien duten izarrak gure begietatik “desagertuz” joaten baitira.

Magnitude bakoitzeko izarrak zein ziren argitu zuten azalpen-orri baten bidez.
Torsten Bronger

Argi-poluzioa ezagutzeko kanpaina

Mundu osoko argi-poluzioa neurtzearren, Estatu Batuetako Atmosfera Aztertzeko Unibertsitate Elkarteakkanpaina bat egin zuen urriko lehenengo hamabostaldian: mundu-mailako izarren zenbaketa handia . Izarrei begira egoteko prest zegoen edozein boluntarioren parte-hartzea eskatzen zuten; edozeinek egin zezakeen munduaren edozein puntuan. Egin beharreko lana zen eguzkia sartu eta hurrengo bi orduetan zeruan ikus zitezkeen izarrak zenbatzea; eta, noski, behaketa zehazki non egin zen jakinarazi behar zuten.

Egia esan, zenbatu, ez zituzten zenbatu behar, ikusten zituzten izar apalenek zer argitasun zuten zehaztubehar zuten. Argitasuna neurtzeko, magnitude deritzon terminoa erabiltzen dute astronomoek. Termino hori antzinako greziarrek asmatu zuten K.a. 150. urtearen inguruan. Greziarrek sei taldetan banatu zituzten zeruan ikus zitzaketen izarrak, argitasunaren arabera: izar argitsuenak 1 taldean sailkatu zituzten, 1 magnitudea eman zieten, alegia, eta apalenak 6. taldean edo magnitudean bildu zituzten.

Sailkapen horrek gaur arte iraun du. Hala ere, orain dituzten tresnez baliatuta, askoz argitasun-tarte gehiago bereizi dituzte astronomoek. Teleskopio onenekin 25 eta 27 magnitudeko izarrak bereiz daitezke, begi-bistaz inola ere ikusi ezin direnak, eta argitasun handia dutenen artean -4,4 magnitudeko izarrak definitzera iritsi dira (eguzkia alde batera utzita, noski, -26,8magnitudea baitu).

Zenbat eta handiagoa izan argiztapena, orduan eta izar gutxiago ikusi ahal izango ditugu.
Morguefile

Baina, teleskopiorik gabe, giza begiek 1 eta 6 magnitudeen arteko izarrak bereiz ditzakete, eta magnitude-tarte hori erabili dute aipatzen ari garen kanpainan. Nola jakin, ordea, ikusten ari garen izarrak zer magnitudetakoak diren? Antolatzaileek bazekiten arazo hori sortuko zela, eta lana errazteko bideak eman zituzten. Lehenik, gaueko zeruan hartu beharreko erreferentziak eman zizkieten parte-hartzaileei,behar bezala koka zitezen (Ipar hemisferioan edo Hego hemisferioan egon, erreferentzia-puntuak desberdinak ziren). Ondoren, magnitude bakoitzeko izarrak zein ziren azaldu zieten, azalpen-orri baten bidez; orri hartan, argi-poluzioaren arabera ikus zitekeen magnitude handieneko (argitasun txikieneko) izarrek zeruan zuten banaketa ageri zen. Zazpi aukera posible eman zituzten, eta ikusleak aukeratu egin behar zuen zeruan ikusten zuena zazpi horietako zeinekin egokitzen zen hobekien.

Hori jakinda, aukera zegoen argi-poluzioak leku bakoitzean zer eragin duen ezagutzeko. Antolatzaileen esanean, kondizio hobezinetan —ilargirik eta hodeirik ez dagoenean eta argi-guneetatik oso urruti egonez gero— 14.000 izar inguru zenbatu ditzakegu begi hutsez. Bada, 14.000 horiei zenbatutakoak kenduta, jakin dezakegu zenbat izar lapurtu dizkigun gure herriko argiztapenak.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia