Izar-multzoak noraezean
2003/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Galaxien arteko espazio beltzean, norabide finkorik gabeko izar-multzoak aurkitu dituzte. Milioika izarrez osatutako multzoak dira, grabitatearen eraginez esfera dentsoetan paketatuta dauden izarrak.

Dispertsatutako argia ikusi izan dute galaxien arteko espazio ilun horretan ikertzaileek, eta urte asko zeramaten argi hori nondik zetorren argitu nahian. Orain, noraezean dabiltzan izar-multzo horietatik eratorritakoa izan daitekeela uste dute, baina oraingoz ez dago argi-iturria hori dela ziurtatzeko adinako aparatu sentikorrik.
Izar-multzoak detektatzeko Hubble eta Keck teleskopioak erabili dituzte. 300 izar-multzo intergalaktiko ikusi dituzte dagoeneko eta horietatik urrunen dagoena 400 milioi argi urtera azaldu da. Dena den, oraindik izar-multzo horien abiadura aztertu behar dute, orbitan dauden galaxiak ez direla ziurtatzeko.
Oraingoz ez dakite zein den multzo horien jatorria. Galaxietatik erauzitako izar-multzoak izan daitezke, edo galaxia batek beste bat jan izanaren ondorio. Jatorria bata zein bestea izan, ikerketa berezi honek asko lagunduko du galaxien heriotza nola gertatzen den jakiten, zalantzarik gabe.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia