Izar-barra bat aurkitu dute Unibertsoa oso gaztea zeneko galaxia batean

2025/05/22 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

izar-barra-bat-aurkitu-dute-unibertsoa-oso-gaztea
Arg. NASA, ALMA(ESO/NAOJ/NRAO), Huang et al.

Galaxia goiztiar batek izar-barra bat duela aurkitu dute ALMA eta JWST teleskopioekin egindako behaketekin. Izar-barrak ohikoak dira galaxia handien erdigunean. Baina oso egitura konplexuak dira, eta, horregatik, galaxia eboluzionatuagoetan soilik egon zitezkeela uste zen. Are gehiago, galaxia goiztiarrek dituzten propietateekin ia ezinezkotzat jotzen zen barra egonkor bat izatea.

J0107 galaxia masiboan aurkitu dute barra. Unibertsoak 2.600 milioi urte zituenekoa da galaxia hori, eta izarren sorkuntza-tasa Esne Bidearena baino 300 aldiz handiagoa du. Izar-multzo goiztiar horiek talka edo fusio bortitzen bidez sortzen zirela uste zen orain arte, baina behaketa honek iradokitzen duenez, badirudi barrak gasa erdigunerantz bideratzen duela eta, horrela, izarrak sortzea eragiten duela, talkarik gabe. Izan ere, ikusi dute J0107 galaxian 20.000 argi-urteko erradioko gas-fluxu bat dagoela erdigunerantz, eta horrek eragiten duela hainbeste izar sortzea.

Galaxia bakar batean egin bada ere, behaketa honek iradokitzen du barren bidezko galaxien eboluzioa dagoeneko gertatzen ari zela duela 11.000 milioi urte. Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia