}

Izan, itxurak egin ordez

1993/08/01 Berger, Marie-Claude | Sibers, Jean-François Iturria: Elhuyar aldizkaria

Urrutitik begiratuta, harridura sortzen du. Euskal Herriko itsasertzeko paisaje honetan, zelai eta basoetan sakabanatutako etxe txuri, teilatu gorridunen artean, hondartza eta labarrak gaindituz harro altxatzen den irlandar gotiko tankerako gaztelu hau ikustea harrigarria da.

Gerturatutakoan, eskultura arrotzez apaindutako etxearen kanpoko harri gris zakarra eta barneko apaindura polikromo distiratsuaren arteko kontrastea, are eta harrigarriago gertatzen da.

Abbadiako Adixkideak

Beste kontraste aipagarri bat, dekorazioaren teatro kutsua eta gela gehienen apaltasunaren artekoa da: jangelan dozena bat gonbidatu sartzen dira, aretoan ez dira askoz gehiago sartuko eta gonbidatuentzako logela gutxi daude.

Galderak berehala sortzen dira: nork nahi zuen dekorazio oparo hau eta zergatik?

Abbadiako gaztelua eraikuntza berria da. Oinaren banaketa eta barneko dekorazioa askatasun osoz egin ahal izan dira. Ez da egon lehendik eraikitako edifizioetara mugatu beharrik edo berrikuntzek ezartzen dituzten mugetara lotu beharrik. Dekorazioaren aukera hirukote batek egin zuen:

  • Lehenik jabeek: Abbadia jaun-andereek. Hauei zor zaie joera ikonografiko gehienak aukeratzea, altzariak erostea eta bereziki hamalau hizkuntzetan idatzitako esaerak erabiltzea. Esaera hauek hiztegi aparta bihurtzen dute gaztelua.
  • Edmund Duthoit arkitekto dekoratzaileak; Roquetaillade -n Viollet le Duc-en laguntzailea izan zen. Gai exotiko edo arrotzekiko sentikortasun fina erakutsi zuen, Afrikako iparralde eta ekialdeko arabiar herrialdeetan bidaiari eta arkeologo gisa aritu izanak, gai hauetan oso jantzita egoteko aukera eman zion.
  • Viollet le Duc-ek, gazteluan aritu zen azken arkitektoak. Bolumenen aukeraketa, geletako argiteria eta bereziki “giroa” sortzearen arduradun izan zen.
Abbadia jauregi edo gaztelua. 1860 eta 1870 bitartean eraikia Viollet Le Duc arkitektoaren eskutik Edmond Duthoit-en laguntzaz. Estilo neogotikoa eta hiru puntzko izar formako oina izatea ditu ezaugarri nagusiak.

Elkarren artean oso harreman estua izan zuten. Antoine Abbadiaren gutunak horren lekuko dira. Eraikuntza-lanak zehatz-mehatz kontrolatu zituzten. Altzarietarako xehetasun asko Duthoit berak marraztu zituen. Kaperako zilarrezko apaingarrietarako bere eskuz egindako marrazkiak aurkitu dira. Mairu giroko kabinetearen akabera-kalitateak, kupula formako apaingarriek, zeramika eta zur landuzko estaldurek eta pinturek, arkitekto honek ekialdeko kulturei buruz zuen jakintza zabala erakusten dute.

Eraikuntza monumental hau, polikromoa egin nahi izan zuen Viollet le Duc berak. Ia kargatuegia izan arren, apainduren eta koloreen pilaketek, giro bateratua sortzen dute eta ez da inola ere kakofoniarik gertatzen. Abbadian, Roquetaillade -n bezala, Viollet le Duc-ek bere Arkitektura-hiztegian definitu zituen koloreari buruzko teoria ausartak erabili direla antzematen da.

Sarrerako gelan esaterako, kolorea arkitekturaren zerbitzura jarri da; beheko solairuan beltza, ponpeiar gorria solairua bereizteko eta trenkada goietan almendra-berdea. Paisajeak nabarmentzeko ertz urdin bizi batez inguratu edo harrizko lanekin jokatzen da paretetan igo eta ateen arkua azpimarratuz. Koadro eta taula bakoitza lerro koloredun ugariz bordatuta dago eta geometriazko edo lore- eta fruitu-sorta erregularrezko frisoz inguratuta azaltzen da.

Baina bisitari guztiei, etxaldearen sarrerako atetik bertatik hasita sortzen zaien harriduraren benetako erantzulea, Antoine Abbadia bera da. Ia urte osoa igarotzen zueneko gaztelu hau eraikita, bere bidaia guztien, bere pentsakera eta ezagumendu guztien bilduma eskaini nahi izan zuen. Ezer baino lehen, bere gizarte-mailaren adierazle izan nahi du: gaztelari berria dugu. Izan ere, 360 ha-ko etxalde hau, pixkanaka osatu baitzen. 1850. urteaz geroztik etengabe egin ziren lur-erosketez osatutakoa da.

Argazkiak: Abbadiako Adixkideak

Bere lurren punturik altuenean, euskal baserri soila eraiki ordez jauntxoen boterearen adierazgarri nabarmenena den etxea eraikiz, gaztelari bihurtu zen: dorreoi, harresi, almena, dorre eta kaperadun Erdi Aroko gaztelua eraiki zuen. Gaztelu erara antolatutako gotiko hau aukeratzearen arrazoia, kasu honetan ez da Errestaurazioaren ondoren aristokrazian piztu zen moda sentimentalean, pendulu eta trobalari garaiko dantzekin osatutakoan, bakarrik aurkitu behar. Burges erako bizimoduaren aurkako erreakzio bezala, kastaren kontzientzi hartzea ere adierazten du.

Nahiz eta gazteluaren planoak eta bere funtzionamenduak, Erdi Aroarekin zerikusirik izan ez, gazteluaren hiru alderdietan, Y baten adar berdinak direnetan hiru jomuga isladatzen dira: zientziazkoa, erlijiozkoa, eta mundukoia, eta neurri batean gizarte klaseen arteko bereizketa markatzen dute: zerbitzariak sotoan eta bihitegian bizi ziren, beren eskailera propioa zutelarik. Etxaldeko baserritarrek kaperara, kanpoko sarrera batetik sartzen ziren. Etxekoandreak aldiz, elizkizunak lehen estaiako bere logelaren luzapen den tribuna txiki batetik jarrai zitzakeen, erregeak Versailles-en egin ohi zuen bezala!

Jauntxokeriazko erretorika hori dekorazioko elementu askotan aurki daiteke. Esaterako, sarrerako ate eta beheko suak apaintzeko armarriak erabili dira. Armarri horietan abbadiatarren, thompsondarren (Antoine Abbadiaren ama Irlandako familia horretakoa zen) eta Vincent de Saint Bonnet-tarren (Abbadia anderearen familia) armarriak bildu dira.

Bestetik, gela asko apaintzeko erabili diren friso errepikatuetan estanpatutako monogramak daude: Areto nagusian eta Abbadia anderearen logelakoak esaterako.

Sarrera nagusia. Afrika present dago atarian bertan.
P. Gascouat

“Ni neu”ren harrokeria nabarmentzat har daiteke guzti hau eta neurri batean Antoine Abbadiaren lema pertsonalarekin kontraesanean dago; “ Izan, itxurak egin ordez ” baitio. Esan beharra dago, hala ere, heraldikari buruzko kultu hori oso zabalduta zegoela XIX. mendeko aristokraten artean. Iraultzaren ondorengo garai nahasietan, benetako botererik ezean, bere nortasunari tinko eusten saiatu ziren. Aulki, gortina, baxera, liburu, harri eta altzarietan bere inizialak bordatu, ezarri edo inskribatu egiten zituzten.

Violet le Duc-i (errepublikaren aldekoa berau) zor zaio, armarriak eta monogramak dekoraziorako elementu gisa erabili izana. Bigizta eta loreen ugaritasunak, benetako gotikoaren soiltasuna gainditu egiten du. Arte Berri beraren eta Guimard-en hostaien berriemale ere badira. Areto nagusiko horma eta beheko su gainean jarri diren monogramak dekorazio-elementu bihurtu dira: urrea urdinaren gainean eta kiribildurak osatuz sabai parean bukatuz, thompsondarren armarria harrizko zinta mozarabe batean alboka ageri da, Santiagoko maskor eta irlandar hirustaz apainduta.

Etxeko nagusiaren izakeraren beste ezaugarri bat, hizkuntzetarako zuen erraztasuna da.

Berak hitz egiten edo ezagutzen zituen hamalau hizkuntzak, gazteluan zehar pintatuak edo zizelkatuak azaltzen dira eta hala nahita dekoraziorik gabe utzitako gela batean bildu egin dira: liburutegiko habeetan lau euskal esaera idatzita daude.

Bi ohar garrantzitsu hizkuntza hauen erabileraz:

  • gehienetan atsotiz edo esaera zahar bezala azaltzen dira (bi edo hiru poema ingles eta aleman salbu). Zergatik esaera zaharrak jartzeko joera hori? Nagusiki esaeratan biltzen den afrikarren jakinduriaren eragina ote? Montaignetik datorren aspaldiko literatur tradizioa ote? Abbadia jaunaren joera pertsonala ote? Horrelako hizkuntz multzo zabalean, euskaraz, latinez, gaelikoz, amhareraz, arabieraz eta ingelesez bera bakarrik molda baitzitekeen.
  • gazteluko dekorazioan sartuz, multzo arkitektoniko honen sinbologia azpimarratu egiten da. Edozein gaik bi irakurketa-mota eskaintzen ditu: koloreak eta formak. Baina hitza erantsiz, hizkuntz maila askotara iritsi daiteke: hitzak lotzeak zentzu bat ezartzen du, dudarik gabe (askotan, etiopieraren kasuan esaterako, itzultzen zaila da). Maila semantiko honetaz gain, bere kolore desberdin eta idazkeratik hizkuntza ikonografikoa dario. Adibidez, eskailera nagusiko beltzez azpimarratutako brontze koloreko latinezko inskripzioak, antzinakoa dirudi eta “erromatar” karakterez osatutako kaligrafiak areagotu egiten du zahar itxura hori. Areto nagusiko beheko suaren erlaitzean multzo bat osatzeko erabili diren letra gotikoak, arkitektura-balioa daukate, bere zango altu eta harri hutsaren zuritasunarekin. Kaperako edo Jerusalem gelako erlijiozko eta lorezko latinezko inskripzioek, benetako pintura-dekorazioa osatzen dute, eta areto txikiko, beheko solairuko ekialde giroko kabineteko edo lehen estaiako Abbadia anderearenekoan jarritako arabiar kaligrafia, dekorazio moduan gehiago erabili da ezer berezia adierazteko baino.
Monogramak eta armarriak dekorazio-elementu bihurtu dria Viollet le Duc-en eskutik.

Letradunaren jokoa, dekoratzailearen jokoa, gizon pentsakorraren jokoa: gazteluan azaltzen diren esaerak puzzle bateko piezak dira. Bertan izakera aberatseko pertsonaia aurki daiteke.

Ezkutuko mezuak aurkitzeko badaude, zorionez, dekorazioko beste elementu batzuk. Hormetako pinturek, ehun eta zur pintatuek, oihal eta larruek, sinfonia aberatsa osatzen dute, non gai desberdinak gurutzatu eta erantzuten diren, bakoitza bere ikonografi eta semantikazko ikur eta kolore-sorta zabalarekin.

Gazteluko gelen arabera, gai bat nagusi bihurtzen da, bigarren mailako gaiak erabat desagertu gabe. Maisutasunez erabilitako kontrapuntua da, eta ugaritasun trinko baina ongi antolatutakoaren azpian bi inspirazio-iturri nagusi antzeman daitezke: exotismoa eta kristautasuna.

Sarrera nagusitik hasita, Afrika aurkezten zaigu: krokodiloak eta apoak kanpoko eskailerako barandan zehar etzanda ageri dira. Sarrera-gelan bufalo eta antilopeen trofeoak, larru iluneko ezkutuak, brontzezko gong-ak, tximinoa, behia, zurean zizelatutako lehoia, galeriari eusten; animalia basatien multzo kezkagarria, solairu parean jaguarra, antilopea ehizatzen ari deneko pintura batez osatua. Dena den, Abbadiako helburua ez da safarietako bere oroigarriak erakustea; baizik eta zibilizazio baten benetako hastapenak aurkezten dira.

Axolagabekeriaz barandan eusten den Abdulah Etiopiako esklabu gaztea, argia ematen dien pinturei begira dago eta eguneroko bizitzako pasarte horien aurrean “horra hor nire herria” esan nahi duela dirudi, errito eta gerren irudiak, ohizko eta ohizkanpoko gertaerak, barnekoak eta ikusgarriak ondoan dituelarik.

Atariko gela. Hemen ere Afrika gogoan. Eskaileraren burun Abdulah, Abbadiaren zerbitzari etiopiarra, pinturei argia ematen, bere herriko eszenak erakutsi nahian.
P. Gascouat

Alderdi guztietan Etiopiako mentura nabari da: lehoi indartsu afrikarra, sarrera edo areto nagusian, diskretuago baina koroaz hornituta azaltzen da Abdulah-en logela aurreko habeen ukondoetan.

Juda-ko lehoia da, Etiopiako ezaugarria eta kristau tradizioaren adierazlea. Bapatean Abbadia kristaua dela gogorarazten digu, islamaren anexioaren aurkako borrokan, Abisiniako printze kristauei laguntza emanez. Kaperako bidean berriro aurki dezakegu tamainaz apala baina oraingo honetan arranoarekin erlazionaturik eta ondoren idiarekin. Gizon gaztea besterik ez da falta eta horiek dira, hain zuzen ere, lau ebanjelarien ezaugarriak, korutik betiko bizitzaz mintzo zaizkigunak. Aurreko paretan berriro lehoi basati handia, Jainkoaren esanetara makurtuta agertzen da, Goi Egiptoko San Antonio ermitaren oinarriak miazkatuz. Ibilbidea esanahia hartuz doa: kristau esploratzaile eta militanteak bere zaindariarengan bakardadearen indarra eta ekiteko adorea aurkitzen ditu.

Beraz, dekorazio ugari honen itxura nahasia gainditu egin behar da. Sinboloen jokoa eskaintzen da gonbidatu eta igandeko mezara etortzen den publikoarentzat. Beretzat, Antoine Abbadiak, basamortua eta lana latz egitea besterik ez ditu nahi.

Eskailera nagusiaren azpian, txoko ilun batean, dekorazioaren pasarte hutsa aurkitzen da. Fraide-gela, apainduratzat gurutze beltz bat besterik ez eta behatokiko harri soilezko gangak. Hor igarotzen zituen jakintsuak gauak, Jainkoa eta bere kreazioa kontenplatuz. Egunean zeharko lanak aldiz, liburutegian antolatzen zituen, inongo apaindurarik gabe, itsasoaren handitasunaz gozatzeko beiraterik gabeko leiho bakanak salbu.

Gizonaren sakoneko egia ez da murriztasun honetan aurkitu behar: gazteluko dekorazioko aberastasunetik at “begirada ezagunez begiratzen duen sinbolozko basoan zehar”. Abbadia jaunak Kohelet-en liburuan bezala, guzti hau harrokeria besterik ez da, betirako bizitzarekin konparatuz gero, itxurakeria iragankorra besterik ez da, esan nahi duela dirudi.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia