}

Voyager zunda, mugan agian

2003/11/06 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Voyager 1 zunda eguzki-sistemaren mugara hurbiltzen ari ei da, heliopausa deitzen den gunera. Gune hartan
eguzki-haizearen eragina indarra galtzen hasten da, eta izarrarteko iluntasunaren ateak irekitzen dira. Energia handiko partikulak ere sortzen dira han, eta, hortaz, gunea arriskutsua izan daiteke zundarentzat. Voyager zundari esker, gune zurrunbilotsu hari buruzko lehen datu zuzenak jasotzea espero dute zientzialariek.

Informazio zuzen hori eduki arte, zientzialariek itxaron egin beharko dute. Izan ere, ez dago garbi zunda toki horretara iritsi den edo ez. Nature aldizkariaren azken zenbakian argitaratu diren bi artikuluk eztabaida sortu dute: batean muga gainditu dela diote; bestean, berriz, ezetz. NASAren Goddard zentroko ikertzaileek diotena ere ez da oso argigarria, Voyager 1 zunda oraindik muga erabat gainditzeke dagoela diote eta.

Iazko abuztutik aurtengo otsaila arte, Voyager 1 zundaren sentsoreek orain artekoak ez bezalako datuak jaso eta bidali zituzten. Hortik eztabaida. Horrelakorik ez litzateke gertatuko Voyager 1 zundak eguzki-haizearen abiadura neurtu ahal izango balu, jakinekoa baita heliopausaren hasieran bat-batean jaisten dela. Hori neurtzen duen tresna, ordea, hondatuta du zundak eta, ondorioz, zientzialariek gainerako tresnek bidali duten informazioaren araberako ondorioak atera dituzte. Eztabaida alde batera utzita, argi dago Voyager 1 zunda eguzki-sistemaren mugetan ari dela mugitzen, eta hortik informazio berria iritsiko dela, zientzialariek orain arte aztertu ezin izan dutena.

Zunda, gaur egun Eguzkitik 90 unitate astronomikora dago, 13.500.000.000 kilometrora. Hara iritsi baino lehen, Jupiter eta Saturno erraldoiak behatu zituen. Duela 26 urte abiatu zen, 1977ko irailean, eta, oraingoz, gizakiak espaziora bidalita urrutien iritsi den objektua da. Voyager 1 zundaren ondoren Voyager 2 zunda ere abiatu zen, baina beste norabide batean. Hura izan da Urano eta Neptunora iritsi den espaziontzi bakarra, eta hark ere mugan du helmuga.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia