Venus Express zundaren abenturak Artizarrean
2008/03/02 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Bederatzi artikulu, hogeita hamalau orrialde, den-denak horretaz hitz egiteko. Nature -koen ondorio nagusia hau da: Artizarra eta Lurra antzekoak badira ere, ikerketa hauek frogatzen dute uste genuen baino antzekoagoak direla. Eta, hala ere, ikerketek bi planeten arteko ezberdintasunak ulertzeko balioko dute.
Artizarra eta Lurra, berdinak?
Artizarra toki beldurgarria da, guretzat. Atmosfera trinkoa du, karbono dioxidoz osatutakoa (pentsa nolako berotegi-efektua duen), azido sulfurikozko hodeiak ditu, eta ia 500 graduan dago. Presio atmosferikoa Lurrarena baino 90 aldiz handiagoa da Artizarraren azalean, eta korrosioa izugarri handia. 1975eko urrian zunda bat lurreratu zen Artizarrean, eta ordubete baino gutxiago iraun zuen.
Venus Express zunda kanpotik ari da ikertzen Artizarraren atmosfera. Horri esker, zientzialariek lehen aldiz frogatu dute tximistak sortzen direla, eta oxigenoa eta hidrogenoa atmosferatik espaziora isurtzen direla helioarekin batera. Hau da, ikusi dute planetak uraren osagaiak galtzen dituela. Ez da harritzekoa lehorra izatea!
Bestalde, zientzialariak harrituta geratu dira, ustez hotz-hotza zen atmosfera-zatian geruza bero bat dagoelako. Orain arte kriosfera deitzen zioten... orain, beharbada, izena aldatu beharko diote.
Eta zertan da, bada, Lurraren antzekoa planeta beldurgarri hori? Artizarraren tamaina, masa eta dentsitatea, adibidez, Lurrarenak bezalakoak dira. Hori bagenekien. Baina Venus Express misioaren datuek atmosferaren bi zurrunbiloren berri ere ematen dute, ipar-polokoa eta hego-polokoa. Eta hor dator antzekotasuna. Antartikaren gaineko atmosferaren antzekoak dira... ozono-geruzaren zuloa duen atmosfera-zatiarena.
Iristeko konpondu beharreko arazo teknikoak
Astronomoek eguzki-sistemako planetak aztertu nahi dituzte, Lurrean gertatzen ari diren aldaketak hobeki ulertu ahal izateko. Haien esanean, ez da nahikoa gure planetaren atmosferari begiratzea; ingurukoei ere begiratu behar zaie, eta haien portaera aztertu. Dagoeneko aztertu dituzte Marteren eta Saturnoko Titan satelitearen atmosferak.
Artizarrean galdera baten erantzuna bilatu nahi dute, bereziki: nola liteke hain tamaina, masa eta konposizio antzekoak dituzten bi planetak hain modu desberdinean eboluzionatu izatea azkeneko lau milioi urteetan?
Venus Express misiorako eraiki duten zunda aurretik Marte aztertzera bidali zuten Mars Express zundan oinarrituta dago. Hala ere, ezin izan zituzten berdin-berdinak egin, zunda bakoitzak kondizio jakin batzuei egin behar baitzien aurre.
Mars Express zundaren eguzki-panelak txikitu eta azalera moldatu zuten, besteak beste, Venus Express egiteko. (Argazkia: ESA)
Eragin handiena izan zuen kondizioa aztertu beharreko planetak Eguzkiarekiko zuen distantzia izan zen. Marte urrunago dago Eguzkitik Lurra baino, eta, Artizarra, berriz, hurbilago (% 28 hurbilago, hain zuzen). Desberdintasun horri aurre egiteko, moldaketa handiak egin zituzten Mars Express zundan.
Batetik, tenperatura handiagoei aurre egiteko moldatu zuten zundaren azalera osoa; eta, bestetik, zunda energia-iturriz hornitzen duten eguzki-panelak egokitu zituzten. Venus Express -ek Eguzkirantz hurbildu behar zuenez, ikusi zuten askoz energia gehiago jasoko zuela Martera joan zenak baino. Hortaz, zunda energiaz hornitzen duten eguzki-panelak askoz txikiagoak egin zituzten.
Zundan egin beharreko moldaketa guztiak egin, eta martxan jarri zuten Venus Express misioa. Lau urte inguru emango ditu Artizarraren inguruan bueltaka, eta 2009ko maiatzaren erdialdean bukatzea aurreikusten dute. Ea zer berri ekartzen dizkigun ordura arte!
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia