Itzulpen automatikorako sistema bat Elekaren eskutik
2005/03/01 Arantzabal, Iñaki Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bi hizkuntza horiek, katalanak eta galego-portugesak badituzte itzulpen automatikorako sistemak, baina euskarari dagokionean teknologia hau ezin berriagoa da. Eleka Ingeniaritza Linguistikoa lehena izango da, beraz, gaztelaniatik euskararako itzulpen automatikoa garatzen, eta, horretarako, Euskal Herriko Unibertsitateko IXA taldearen eta Elhuyar Fundazioaren lankidetza izango du.
Kode irekiko eta banaketa libreko sistema bat izango da. Horrek esan nahi du askatasun osoz aldatzeko aukera eskainiko duela, hau da, erabiltzaile eta aplikazio bakoitzera egokitzeko aukera emango duela. Proiektuak badu, gainera, berrikuntza nabarmen bat. Lehenengo aldia da lau hizkuntza ofizialak batera hartuko dituen sistema bat garatuko dena, hainbat geografia-jatorriko taldeen artean garatu ere.
Finantziazioaren zati bat Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren PROFIT programatik jasoko du proiektuak, eta, aurreikuspenen arabera, urtebete barru burutuko da. 2006ko hasieran, beraz, eskuragarri izango da sarean itzulpen automatikorako sistema berri hau.
Enpresa eta ikerketa-zentro hauek parte hartuko dute proiektuan: Euskal Herritik, Eleka Ingeniaritza Linguistikoa (proiektuaren koordinatzaile), Elhuyar Fundazioa eta Euskal Herriko Unibertsitateko IXA ikerketa-taldea; Bartzelonako Zientzia Parkeko Thera, Centre de Llenguatges i Computaci enpresa; Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko TALP ikerketa-zentroa; Alacanteko Unibertsitateko Transducens taldea; Galiziako Imaxin software-enpresa eta, azkenik, Vigoko Unibertsitateko Seminario de Ling stica Inform tica mintegia. Proiektu honekin, hizkuntz teknologiaren arloko enpresen eta ikerketa-zentroen arteko lankidetza-bide berriak urratu dira. Bide onuragarria, zalantzarik gabe, etorkizuneko proiektuetarako ere.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia