}

Itsuek ikus dezaten

2002/10/07 Elhuyar Zientzia

AEBetako ikertzaile-talde bat begian txertatzeko inplante bat ari da garatzen itsuek ikusi ahal izateko. Noski, itsutasun-kasu batzuetarako bakarrik balioko du, baina adinarekin lotutako makula-endekapena edo erretinitis pigmentosoa dutenentzat, adibidez, irtenbidea izan daiteke. Izan ere, begian jarritako 1.000 elektrodo nimiñoei esker, 1.000 argi-puntu ikusteko aukera izango dute.

Gaixotasun horietan, argia bulkada elektriko bihurtzen duten zelulak kaltetzen dira, baina garunera doazen bide neuronalak ondo egoten dira. Zientzialarien asmoa zelula horiek kitzikatzea da; horrela, itsuek argitasuna nabaritu eta zertxobait ikusteko aukera izango dutela uste dute.

Hori lortzeko, betaurreko berezi batzuk asmatu dituzte. Betaurreko horiek kamera txiki bat eta irrati-frekuentzien igortzaile bat dituzte; betaurrekoekin, begiaren barruan jarritako txipari informazioa eta energia transmititzen zaizkie, eta txipa garunera seinalea bidaltzen duten erretinako nerbioei lotuta dago.

Ikerketa oraindik martxan dago, baina emaitzak onak izango direlakoan daude. Bat baino gehiago poztuko litzateke hori beteko balitz!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia