}

Itsasontziak eta ingurumena, biak batera babesteko asmakizuna

2002/03/24 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Merkantziarik gabe doazen itsasontzi handiek lasta-tankeak itsasoko urez betetzen dituzte pisua irabazi eta itsasoan egonkor higitzeko.

Baina ez da hori arrazoi bakarra. Egonkortasunaz gain,
segurtasun-arrazoi bat ere badago. Tankeetako petrolioa hustu ondoren ere, lehergarriak diren lurrunak sortzen dira eta leherketarik egon ez dadin, nola edo hala lurrunak kanporatu beharra dago. Gasolina garraiatzen duten kamioietan ere arazo bera izaten da. Oraingoz, gas horiek kanporatzeko era eraginkorrena tankeak urez betetzea. Bestalde, itsasontziek ez dute beti ekoizkin bera garraiatzen eta, beraz, ekoizkin bat hustu eta bestearekin kargatu baino lehen, itsasoko urez garbitzen dituzte lasta-tankeak.

Itsasontziek garraiatzen dituzten bizidunak portu berriko uretan hil egingo diren edo espezie inbaditzaileak izango diren ez dago jakiterik.

Baina ura korrosiboa da eta itsasontzia hondatu egiten du. Gainera, urean makina bat bizidun dago eta bizidun horiek alde batetik bestera garraiatzea arriskutsua da. Izan ere, inork ezin du jakin espezie horiek portu berriko uretan jaurtita hil egingo diren edo, alderantziz, inbaditzaile bihurtuko diren. Espeziea ongi egokituz gero, noski, arazo ekologiko handiak sortzen dira. Horregatik, bidaia luzeak egiten dituzten ontziei lasta-ura porturatu aurretik aldatzeko eskatzen zaie. Baina eskakizun hori oso gutxik betetzen dute, denbora behar delako eta ontziak oreka gal dezakeelako.

Dena dela, itsasontzia herdoiltzea eta bizidunak alde batetik bestera garraiatzea hain arazo desberdinak izaki, ikertzaileei ez zitzaien burutik pasa ere egin konponbide bera izan zezaketenik.

Itsasontziak ez herdoiltzea helburu

Azken urteetan hondamendi ekologiko handiak eragin dituzte urperatu diren makina bat itsasontzik (Erika Bretainian, Ievoli Sun Mantxako kanalean, Jessika Galapago irletan). Adituen arabera, herdoila da itsasontzien istripu larri horien eragile nagusietako bat. Armadoreek ez dute itsasontzia konpontzeko nahikoa beta hartzen.

Itsasontzi erraldoiak portuan pasatzen duen egun bakoitzeko dirua galtzen du, eta armadorearen helburua itsasontzia errentagarria izatea da. Hortaz, ez du oinarrizko konponketak egin eta itsasontzia urperatuko ez zaion itxaropenarekin aurrera segitzea beste irtenbiderik.

Badirudi herdoilari aurre egiteko era erraz eta ekonomikoa ingeniari japoniarren eskutik helduko dela. Herdoilaren eragilea urean disolbatuta dagoen oxigeno librea denez, oxigeno librearen maila gutxitzeko nitrogenoa gehitzea proposatu zuten. Beren ideia, zehatzago esanda, aireko nitrogenoa itsasontzien lasta-tankeetako urari borborka sartzea da. Horrela, ureko oxigeno librea nitrogenoarekin lotzen da eta ez dio itsasontziari kalterik egiten. Noski, ez zuten espero tratamendu hori poluzio biologikoa ekiditeko ere eraginkorra izango zenik.

Akabo espezie inbaditzaileak

Baina japoniarrak horretan ari ziren bitartean, Mario Tamburri biologoa Kaliforniako Monterry badiako akuarioan nahi gabe sartutako espezie inbaditzaileen arazoari irtenbidea eman nahian zebilen.

Nahi gabe sartu diren inbaditzaileek askotan eta askotan gizakiei esker bidaiatzen dute leku batetik bestera. Adibidez, badira automobileko gurpiletan itsatsita mugitzen diren intsektuak (gogoratzen al zarete joan den urtean gurpilak desinfektatzeko mugetan jarritako kontrolez?), baina, esan bezala, gehienetan itsasontziak dira garraiobideak.

Esaterako, Kanada eta Estatu Batuen arteko Aintzira Handietan ikusi denez, bertan ezarri diren zenbait muskuilu, arrain- eta arkakuso-espezie itsasontziekin batera ailegatu ziren. Ondoren, bidaiarien ontzi txikien bidez kontinente osora hedatu dira.

Baina, zorionez, arazo horrek ere kalte handiagoa egin baino lehen izan dezake irtenbidea. Izan ere, kasualitatez, Mario Tamburri biologoak japoniarren lanarekin egin zuen topo eta ‘bere’ arazoarentzat ere irtenbide egokia izan zitekeela pentsatu zuen. Pentsatu bakarrik ez; denborarik galdu gabe esperientzia batzuk egin eta tratamendu horrek hiru itsas animaliatan duen eragina aztertu du. Zorionez, Estatu Batuetan inbaditzaile bihurtu diren karramarro, muskuilu eta zizare batzuen larbak bizpahiru egunetan hiltzen zirela ikusi du. Itsas bidaiek asteak irauten dituztenez, aski.

Oraindik ikerketa gehiago egin behar badu ere, beste animalia batzuk eta zenbait landare zein onddo ere hilko direla uste du. Bakterioak, aldiz, oxigenorik gabe ere bizi daitezke, eta, beraz, metodo honekin ezin da inbasioa erabat eragotzi; baina hasiera da.

Gainera, irtenbide horrek abantaila nagusi bat du. Espezie inbaditzaileen arazoa aintzat hartzen ez duten kapitainek ere, beren itsasontzia ez herdoiltzeko behintzat, begi onez ikusiko dute urari horrelako tratamendua egitea, ikertzaileen aburuz, itsasontzien jabeentzat dirua aurrezteko modua izan daiteke eta. Izan ere, aireko nitrogenoa harrapatu eta lasta-uretan borborka sartuko duen instalazioa jarrita, urteko 70.000-80.000 dolar aurrez daitezkeela kalkulatu dute.

Gara-ko Geltokia gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia